- Hitzarmen honen bidez, Eusko Jaurlaritzak Gerra Zibilak eta frankismoak zatitutako Sota familiaren artxiboa berregiteko konpromisoari eusten zaio
Gobernu Kontseiluak onespena eman dio Sota familiaren eta “Sota y Aznar” ontzi-enpresaren artxiboa berreraiki, katalogatu, digitalizatu eta zabaltzea helburua bilatzen duen Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatuko den hitzarmenari.
Urte hasieran Sota familiak Euskadiko Artxibo Historikoaren esku utzi zituen beren funtsen zati handi bat. Hitzarmen honi esker, Bizkaiko Foru Aldundiaren esku dauden funtsak Euskadiko Artxibo Historikoan digitalizatu eta zabalduko dira.
Urte hasieran egindako ekitaldian Lehendakariak berak eta Bingen Zupiria sailburuak funts hauen balio “historikoa” nabarmendu zuten. Honez gain, gerra zibilaren eta frankismoaren ondorioz sakabanatuta geratu ziren artxiboak berreskuratzea ondare historikoaren kontua dela, eta memoria demokratikoaren eta justizia demokratikoaren gaia ere badela azpimarratu zuen Lehendakariak. Egun hartan hartutako konpromisoari jarraituz, Eusko Jaurlaritzak gainerako erakunde gordailuzainekin, hau da, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Sabino Arana Fundazioarekin, lankidetzan aritu da Gerra Zibilak eta frankismoak zatitu zuten artxiboa berregiteko. Hitzarmen honi esker Sota familiaren eta “Sota y Aznar” ontzi-enpresaren funtsak berreraikiko dira Euskadiko Artxibo Historikoan.
Hitzarmen honen bidez, Sota familiaren eta “Sota y Aznar” ontzi-enpresaren artxibo-funtsak formatu irekian katalogatu eta digitalizatuko dira artxibo-sistemarako indarrean dauden arauen arabera. Ostean, katalogoaren eta hari lotutako irudi digitalen zabalkundea Dokuklik atarian izango da eskuragarri. Bestalde, lñankidetza-hitzarmen honek ez du aldeen arteko kontraprestazio ekonomikorik ekarriko.