- ‘Une’, ‘Oasis’, ‘Avión’ eta izenbururik gabeko laugarren irudi bat Algortako zenbait saltokitan egongo dira ikusgai, munduko zenbait lekutatik iritsi diren 250 argazkiren artean hautatu baitituzte
- Lan guztiak egin dira Blackkamerak Arabako zentroan Aukerak Gizarteratzeko Euskal Agentziak ematen duen prestakuntzan
- Tailerrean parte hartzen duten 14 pertsonek ezizen bat erabili dute lanak aurkezteko, eta lehiaketako zuzendaritzak baino ez daki lan horien jatorria
Vitoria-Gasteiz, 2023/05/26
Arabako espetxeko lau zokotan eginiko lau argazki Algortako (Bizkaia) saltokietan egongo dira ikusgai, ekainaren 1etik 25era. Lan horiek Arabako espetxeko lau barneraturenak dira; haiek, askatasunaz gabetuta dauden beste 10 pertsonarekin batera, Blackkamera eskolak Aukerak Gizarteratzeko Euskal Agentziak ematen duen argazki-tailerrean parte hartzen dute.
Getxophotoko epaimahaiak aurkeztu diren 14 irudietako lau hautatu ditu; guztiek dute izenburua, batek izan ezik, eta guztiak aurkeztu dira egileen ezizenarekin. Lehiaketako zuzendariak baino ez ditu ezagutzen haien jatorria. “Ez genuen nahi inork haien jatorriagatik epaitzerik, irudien edukiagatik baizik”, azaldu du Josu Zaldibar Blackkamerako zuzendariak.
Guztira, 250 lan aurkeztu ziren aurrehautaketara, munduko zenbait tokitatik: Argentina, Australia, Danimarka, Estatu Batuak edo Japonia. Azkenik, 35ek hautaketa gainditu zuten, eta, haien artean, Arabako espetxean eginiko laurek:
- Une, Edonor ezizenez sinatua; Prost urdaitegi alemanean egongo da ikusgai (Algortako etorbidea).
- Oasis, Igeldo ezizenez sinatua; Itxas Ikus liburu-dendan egongo da ikusgai (Torrene kalea, 2);
- Avión, Mystu ezizenez sinatua; Cerebrito Pérez-en egongo da hilabete osoa ikusgai (Basagoiti etorbidea, 40)
- Azken lana, Medellín ezizenez sinatua; ez du izenbururik, eta Toysmaniatic Algortan egongo da ikusgai (Juan Bautista Zabala kalea, 8)
Lehiaketak Etenaldi gaia proposatu zuen, eta Blackkamerak ikusi zuen joan den urritik Arabako espetxean ematen ari diren tailerraren esparruarekin bat etor zitekeela. “Etenaldi hitza bat dator tailerrean garatzen ari garen prozesuarekin. Barruan espazioa beste modu batera ikusten da”, esan du Josu Zaldibarrek.
EAEko espetxe-eredua: bigarren aukera
Profesionalak, era berean, Eusko Jaurlaritzak espetxe-eredua Aukerak-en bidez garatzeko egiten duen lana nabarmendu du; pertsonetan eta bigarren aukeretan oinarritzen da. “Gauzak eraikitzeko gai direla konturatzen dira, bertan egoteko egin dutena gorabehera”, esan du Zaldibarrek, eta, aldi berean, espetxeetan mota horretako tailerrekin egiten ari den lana goraipatu du: “Maila oso altua da, Europan aitzindaria dela esango nuke”.
Ikus-entzunezkoen tailerra amateur gisa hasi zen; hala ere, ondoren, jarduera profesionalizatzea erabaki zen eta, horretarako, prestakuntza espezializatua kontratatu zen. Hala, barneratuek haien lanbide-bizitza birbideratu ahalko dute eta haien zaletasuna lan-irteera bilakatu, kondena betetzen dutenean. Hori dela eta, gaur egun, argazkigintzako, bideogintzako eta eszenatoki-muntaketako (argia, soinua, eszenografia…) prestakuntza jasotzen dute; hura baliagarri izan dezakete lan-merkatura jotzeko.
“Prestakuntza hori hiru espetxeetako barneratuen erkidegoaren onerako izan dadin, hiru eskaera egiteko agindu genien: Arabako espetxeko instalazioen argazki-book bat; martxoaren 8rako Gu emakumeak erakusketa bat, emakume barneratuen erretratuekin, eta Nelson Mandelaren egunerako erakusketa bat, Etenaldia izenburua izango duena, eta, dagoeneko, ari dira azken erakusketa horretan lanean”, esan du Itziar Etxebarria Aukerakeko Gizarteratzeko eta Laneratzeko arduradunak.
Etxebarriaren iritziz, prestakuntza funtsezkoa da haien lanbide-etorkizunerako. “Aukeraken ematen zaien lanbide-esperientziarekin batera, ikus-entzunezko sektoreko enpresen kalitate-estandarrak erreproduzitu nahi dituela kontuan hartuta, espero dugu askatasunaz gabetuta dauden pertsonei bigarren aukera bat ematen laguntzea".