'Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen ohiturak eta portaerak 2022an'
Instagram da Euskadiko gazteek egunero gehien erabiltzen duten sare soziala, eta TikTok da gehien hazi dena
Gazteen Euskal Behatokiak egin du txostena, 2022ko urriaren 25etik azaroaren 2ra online egindako inkesta bati 3.000 gaztek emandako erantzunetan oinarrituta.
Bat-bateko mezularitzako aplikazioen ondoren, Instagram da gazteek egunero gehien erabiltzen duten sare soziala (% 77,6) eta, batez ere, emakume gazteek erabiltzen dute (% 83,1).
Sare sozialen eguneroko erabileraren bilakaera 15-29 urteko gazteen artean
Iturria: Gazteen Euskal Behatokia
TikTok da azken urteetan eguneroko erabileran gehien hedatu den sare soziala (2018an gazteen % 0,8k erabiltzen zuen egunero eta 2022an % 34,3k erabiltzen du). 15 eta 19 urte bitarteko gazteen erdiak baino gehiagok erabiltzen dute egunero.
Sare sozialen erabileraren maiztasunaz gain, txostenak honako hauei buruzko datuak ematen ditu: Interneteko edukien sorrera, ziberaktibismoa, gazteek gehien jarraitzen dituzten youtuberrak, influencer-ak eta gamerrak, sare sozialetan gehien erabiltzen diren hizkuntzak eta, azkenik, sare sozialen bidezko jazarpenaren pertzepzioa.