- Tren, tranbia eta funikularreko zerbitzuen erabiltzaileek, Barik, Bat edo Mugi kontakturik gabeko txartelak dituztenek, jarraituko dute tarifen murrizketak izaten; izan ere, hobaria automatikoki aplikatzen da, ordaintzeko ohiko euskarri horien bidez
- Garraio Sailak bigarren seihilekora ere zabaldu nahi ditu EAEko garraio publikoaren operadoreentzako % 10eko laguntzak, neurriaren finantzaketarekin laguntzen jarraitzeko
Euskotren Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren sozietate publikoak 2023ko maiatzaren 31ra arte jarraituko du tren-, tranbia- eta funikular-zerbitzuetan % 50eko deskontua aplikatzen. Hala, Eusko Jaurlaritzak, garraio-arloan eskumena duten gainerako erakundeekin koordinatuta, familien egoera ekonomikoa arintzeko lehentasunezko helburuetako bati eutsiko dio, eta, aldi berean, garraio publikoaren bidez mugikortasuna sustatzen eta bultzatzen du, eta, hala, ez du ibilgailu pribatua sustatzen eta CO2ren emisioak murrizten dira.
Ildo horretan, Euskotrenen tren-zerbitzuen eta tranbia-zerbitzuen erabiltzaileen eskaerak % 24,64ko hazkundea izan du 2023 urtarriletik apirilera bitartean. Aurreko urteko denbora tarte berean 10.408.936 bidai egin ziren eta aurten 12.974.376 bidai egin dira.
Tarifen aldi baterako hobaria 2022ko irailaren 1etik aplikatzen da, orduan sartu baitzen indarrean neurri hau, Euskotreni dagozkion garraiobide hauetan:
- Bost trenbide-lineak (E1, E2. E3, E4, E5)
- Metroko 3 lineak Bilbon
- Bilboko eta Vitoria-Gasteizko tranbiak
- Larreinetako funikularra
Deskontua automatikoki aplikatzen da, Barik, Bat eta Mugi kontakturik gabeko txartelen bidez, baina % 50eko hobaria ere jasotzen dute –nahiz eta txartelik gabe eskuratzen den– Larreinetako funikularraren hileko bonuak eta Kukullagako igogailuaren 10 Bonuak. Deskontua ezin zaie aplikatu paperean eskuratzen diren joaneko txartelei edo joan-etorrikoei. Era berean, ez dute hobaria jasoko EAEtik kanpoko garraio-entitateekin adostutako abonuek (Passbask, Euskopass, Txik-txak, Tranbus, Bortziri…).
Garraio Sailak, era berean, EAEn garraio publikoen operadore guztiei hobarien aplikazioan laguntzeko indarrean duen % 10eko laguntza ekonomikoa zabaldu nahi du. Hori horrela, Ogasun Sailarekin elkarrizketan dihardu, laguntza hori 2023ko amaiera arte aplikatu ahal izateko.