- Helburua euskal gizartearen bizikidetza eta erlijio-askatasunerako eskubidea babestea da
- Erlijio- eta kultu-askatasunarekin zerikusia duten gaiei buruz aholkatu eta informatzeko Euskal Kontseilu Erlijiosoaren sorrera arautzen du
- Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi duenez, “erlijio-aniztasuna behin betiko fenomeno atzeraezina da gizarte gehienetan, baita euskal gizartean ere”
Vitoria-Gasteiz 2023/06/29
Eusko Legebiltzarrak gaur onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Lekuen, Kultu-zentroen eta Erlijio Aniztasunaren Legea, EAJren eta PSEren aldeko botoekin eta gainerako alderdien kontrako botoekin.
Gaur onartutako legearen helburua euskal gizartearen bizikidetza eta erlijio-aniztasuna babestea da. Horretarako, elkarrizketarako eta akordiorako mekanismoak ezartzen ditu, hura modu positiboan kudeatzeko, eta bermatzen du pertsonen eta eliza, konfesio eta komunitate erlijiosoen erlijio-askatasunerako funtsezko eskubidea erabiltzea. Helburua da bizikidetza eta elkarrizketa baldintza berdinetan eskaintzea konfesio guztiei.
Berdintasuneko, Justiziako eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak Eusko Legebiltzarrean adierazi duenez, lege berriak “Gernikako Estatututik eratorritako agindua betetzen du, herritar guztien berdintasuna errazteko gizarte demokratiko eta pluralaren barruan”.
Bere hitzaldian, Melgosa “baldintzak sustatzearen eta oztopoak kentzearen alde agertu da, pertsonen eta taldeen askatasuna eta berdintasuna eraginkorrak eta errealak izan daitezen”.
Onartu berri den Legeak Erlijioen arteko Euskal Kontseiluaren sorrera arautzen du. Kontseilu horrek aholkularitza- eta txosten-funtzioak izango ditu erlijio- eta kultu-askatasunei berariaz eragin diezaieketen euskal erakundeen ekimen eta erabakietan.
Sailburuak elkarrizketa eta kudeaketa positiboaren adostasuna baloratu ditu, eta Kontseiluaren sorrera positiboki baloratu du. “Elkarrizketarako eta akordiorako foro bat da, diagnostikoak partekatzeko eta gure gizartearen aniztasuna babestu eta sustatzeko jarduerak proposatzeko”, esan du Melgosak.
Euskal lurraldeetako erlijio-aniztasunaren maparen arabera (https://labur.eus/ui2IX), Ikuspegik eta Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak prestatua, katolizismoa da, oraindik ere, Euskadin errotuen dagoen erlijio-aitorpena, milioi eta erdi pertsona dituena. Ondoren, fede musulmana, 90.000 fededuna, Eliza Ebanjelikoa 30.000 pertsonarekin eta Ortodoxoa 19.000 pertsonarekin. Budistek, juduek eta hinduistek osatzen dute Euskadiko erlijio-aniztasunaren mosaikoa.
“Euskadi gero eta gizarte anitzagoa da. Askotarikoa, ideologiari, politikari eta nortasunari dagokienez. Etnikoa, kulturala, linguistikoa eta sexuala. Eta erlijio aldetik ere askotarikoa”, esan du sailburuak.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, azkenik, berretsi du lege hau elkarbizitzan egindako inbertsioa dela. “Aurrerapauso garrantzitsua da gizarte anitz batean bizikidetza integratu eta integratzailea bultzatzeko, baita sinesmen eta sineste erlijiosoen ikuspuntutik ere”.
“Erantzun arauemaile koherentea, bideragarria eta indarrean dagoen ordenamenduaren printzipioekin guztiz bat datorrena eskaintzen dio gizarte-errealitate berri bati, oinarrizko eskubide bat gauzatzeari estuki lotua”, esan du Nerea Melgosak.