- Lehenengoz erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema berria ezarri da
Eusko Jaurlaritzak euskararen erabileraren aitortza ekitaldia egin du gaur Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan erakunde publiko eta pribatuek euskararen kudeaketan eta garapenean eman dituzten aurrerapausoak aitortu dira. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria izan da ekitaldiaren buru eta berarekin batera izan da Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran ere.
Aurtengoa ekitaldi berezia izan da joan den ekainean erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duen dekretua onartu zenetik lehenengoa izan delako. Dekretu berri horrek “Bikain” kalitate ziurtagiriak arautzen zituen dekretua ordezkatu zuen eta ondorioz, gaurko ekitaldian Bikain ziurtagiriez gain, beste bereizgarri eta aitortza batzuk ere banatu dira, hala nola, Harrobi diplomak. Helburua euskararen normalizaziorako pausoak egiten dituzten ahalik eta entitate gehienen aitortza egitea da euskararen normalizazioa erakunde gehiagotara heltzeko apustua eginez. Orain arte Bikain ebaluazio sistematik hiru maila baino ezin zituzten lortu entitateek: goi-mailakoa, erdi-mailakoa eta oinarrizkoa. Gaurko ekitaldian aldiz, “Euskara Barra Barra” bereizgarria eta “Harrobi diploma” aitortzak gehitu zaizkie. Honako hauek dira beraz, aitortza mailak:
- Harrobi ziurtagiria: hau ere berria da. Euskararen kudeaketan lehen pausoak ematen dituzten entitate pribatuen artean euskararen erabileraren sustapena egiteko konpromisoa hartzen dutenei emango zaie. Ebaluazio bide berri honetan BAI Euskarari elkartearen lankidetza izan du Eusko Jaurlaritzak.
- BIKAIN: Euskararen Kalitate Ziurtagiria Eusko Jaurlaritzak 2008tik ematen duen ziurtagiri ofiziala, publikoa eta doakoa da. Euskararen erabilera areagotu nahi izan duten erakunde publiko eta pribatuei ekarpen kualifikatuak egin dizkie BIKAIN ziurtagiriek, baita euskararen normalizazioan egindako lana aitortu ere. Hiru egiaztatze maila daude:
- Oinarrizkoa
- Erdi-mailakoa
- goi-mailakoa:
Aitortza maila berriak ezarrita ebaluazio prozesua eraginkorragoa da, bi aitortza berriei esker entitate pribatuek euskararen kudeaketan aurreneko pausoak modu erraz baten egin ahal dituztelako eta harrobi izango direlako “Bikain” ebaluazioan murgiltzeko.
Aurten gainera e//-Euskaraz Barra-Barra Bereizgarri berria ere jarri da martxan eta hau eduki nahi dituzten entitateek euskaldunei estres linguistikoa ekiditeko neurriak hartuko dituzte eta erabiltzaile edo bezeroek euskaraz berba egin ahal izango dute, lasaitasunez. Gaur egun 153 udalerrik egin dute bat ekimenarekin eta gaurko ekitaldian aitortza berezia egin nahi izan zaie Euskaraz Barra Barra bereizgarriarekin bat egin duten udalerriei.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak adierazi duenez, euskararen sustapenak zehar lekorrokoa izan behar du eremu sozioekonomikoan: “euskara lan hizkuntza izateko hizkuntzen kudeaketa sistema jakin bat edo hizkuntza politika zehatz bat izatea esan nahi du horrek. Edo zerbitzu hizkuntzari begira jarriz gero, erakundeak ematen duen kanpo zerbitzuaren kalitateaz ari gintezke. Zalantzarik gabe, bezeroari bere hizkuntzan zerbitzua ematea zerbitzu bikaina emateko oinarrizko gakoa da”. Zupiriak gaineratu duenez, “euskararen kudeaketaren ekarpena etor liteke, besteak beste, gizarte erantzukizunetik, kalitatearen ikuspegitik edo berrikuntzaren ikuspegitik. Gurekin harremanetan zaudeten erakundeek erakutsi diguzue zehar lerroko eremu hauetan arreta jarriz aurrera egiteak onura sortzen duela zuen erakundeetako produktuetan, onura sortzen duela prozesuetan, baita pertsonen ongizatean eta zuen irudian ere”.
Bere hitzaldian Zupiria sailburuak nabarmendu duenez euskara gainerako hizkuntzekin batera sustatzeak onurak dakartza: “balio instrumental garrantzitsua du. Baina gurean, eta hizkuntza politikatik, baita balio humanitarioa ere. Geurea bezalako hizkuntza gutxituek gainerako hizkuntza hegemonikoekin bizitzen jarraitu eta lekua izateko, ezinbestekoa da gure erakundeetako sistemetan integratzeko erabakiak hartu eta baliabideak ezartzea”. Horrela euskararen erabileraren aitortza ziurtagiria jaso duten erakundeen lana eskertu du sailburuak: “eskerrak eman nahi dizkizuet, zuen lanak zentzua ematen diolako duela 30 urte Eusko Jaurlaritzatik ekindako bideari”.
Aitortzak
Aurten guztira 37 entitate publiko eta pribatuk jaso dute ziurtagiria. Harrobi ziurtagiria 17 erakunde pribatuk jaso dute eta Bikain ziurtagiria 14 entitate pribatuk eta 6 publikok:
- Harrobi ziurtagiria:
- AZURMENDI ENEA, S.L.
- Fundación Lantegi Batuak
- Eragintza Fundazioa
- TAZEBAEZ, S.COOP.
- Bruss Juntas Técnicas SL, S. en Com.
- FUNDACIÓN ARGIA FUNDAZIOA
- Bizkaiko Kirol Federakundeen Elkartea
- Academia Bastida S.L.
- ONDOAN S.COOP. (Zamudio, Arrasate, Gasteiz eta Donostia)
- EKOLUR ASESORÍA AMBIENTAL, SLL
- KATEA LEGAIA,SLL
- Kastore Gest S.L.
- EL CORTE INGLÉS, S.A. (Gasteiz eta Bilbo)
- Santurtziko San Joan Jainkoarena Ospitalea / Hospital San Juan de Dios de Santurtzi
- ALET TALDEA, S.L.
- BEHINGOZ
- BELMEK
- Oinarrizko Bikain ziurtagiria:
- LUDOLAND SL
- MUTUALIA BIZKAIA
- GIPUZKOAKO FUTBOL FEDERAZIOA
- EUSKALIT
- Bilboko Elizbarrutiko Caritas - Caritas Diocesana de Bilbao
- Tarteko Bikain ziurtagiria:
- Farmazia Prestazioko Zerbitzua-Osasun Saila (Eusko Jaurlaritza)
- Osasunaren Sustapeneko unitatea. Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza. Osasun Saila (Eusko Jaurlaritza)
- Osasun Saileko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza. Zaintza epidemiologikoa (Eusko Jaurlaritza)
- ZABALTZEN SARTU KOOP. ELK.
- CAF IRUN
- Goi mailako Bikain ziurtagiria:
- GOIMEK S COOP
- CIKAUTXO SCOOP
- FAGOR INDUSTRIAL SCOOP
- KAPLAN PUBLIZITATEA SL (IZENADUBA BASOA)
- FAGOR EDERLAN S.COOP (BULEGO OROKORRAK)
- KURUTZIAGA IKASTOLA SCOOP
- ELAY LAN SL
- Gipuzkoako Hezkuntza Ordezkaritza (Eusko Jaurlaritza)
- ZUZENEAN Zerbitzua. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila (Eusko Jaurlaritza)
- Kultura eta Hizkuntza Politika saila (Eusko Jaurlaritza)
Konpromisotik Bikaintasunera
Aurtengo ekitaldiaren irudia hari mataza koloretsu bat da eta “Konpromisotik Bikaintasunera” lemapean ospatu da. Kolore ezberdinetako harien joan-etorriak sortzen duen mugimendua irudikatzen du matazak: gorria, beltza, urre kolorea... guztiak ala guztiak elkarren ondoan, aurrera eta atzera doaz, elkar gurutzatuz, elkarren ondoan jarriz... hari kolore bakoitzak bere ekarpena egiten dio matazari; bere kolorea jartzen dio matazari, eta denen baturak sortzen du mataza osoa. Hori irudikatu nahi izan da euskararen kudeaketan ekarpen berezituak egiten dituzten erakundeen arteko harremana eta osotasuna adierazteko. Bakoitzak, bere ahalmenetik, bere tokitik, bere keinua eginez... ekarpena egiten dio euskarak lan munduan lekua izateko ahaleginari.