Euskadik Europako Ikerketa eta Garapeneko inbertsioaren batezbestekoa gainditu du eta bere posizioa sendotu du berrikuntza handiko Europako herrialdeen artean

Argitalpen-data: 

  • Lehendakariak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XXIII. Astea inauguratu du
  • Eusko Jaurlaritzak % 12 handitu ditu I+G+b sustatzeko partidak 2023an, orain arteko marka guztiak hautsita, eta 2024an 700 milioi euro baino gehiago bideratu nahi ditu.
  • Aholku Batzorde Zientifikoak zientziak, teknologiak eta berrikuntzak Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuei egiten dien ekarpenari buruz eztabaidatu du 

 Lehendakariak gaur arratsaldean hasiera eman dio ASTEAren XXIII. edizioari – Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Asteari –, Arabako Parke Teknologikoan egindako ekitaldi batean. Ekitaldian 80 pertsona inguruk parte hartu dute, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluko eta Aholku Batzorde Zientifikoko kideak barne.

Lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu duenez, Astea gizarteari irekitako erreferentziazko ekitaldi gisa finkatu da, aurrerapen zientifikoak eta teknologikoak eta aurrerapauso horiek berrikuntzaren bidez duten eragina jakinarazteko balio duena.

Halaber, adierazi du ikerkuntzarako, berrikuntzarako eta talenturako lurralde erakargarri gisa aurrera egitea dela gure erronka, hori baita nahi dugun etorkizuna eraikitzeko beharrezko oinarria. Etorkizun jasangarria eta oparoa pertsonentzat eta planetarentzat, elkartasunean eta balio partekatuekiko errespetuan oinarritutako geroa.

Era berean, ziurgabetasun garaiak bizi ditugula adierazi du, gizartearen erronkei erantzungo dieten eredu eta konponbide berrien premia gero eta handiagoa delarik.

Amaitzeko, Lehendakariak erantzunkidetasuna eta konpromiso partekatua eskatu ditu, "auzolanaren" filosofian oinarrituta, Euskadirentzat etorkizun hobea eraikitzeko gure ekarpena egin dezagun.

Euskadik Ikerketa eta Garapeneko inbertsioaren Europako batezbestekoa gainditu du eta bere posizioa sendotu du berrikuntza handiko Europako herrialdeen artean

Gaur egun, autonomia-erkidegoen artean buruan dago Euskadi, Ikerketari eta Garapenari dagokienez, eta BPGren gaineko inbertsioa % 2,32ra iritsi da Eurostaten arabera, Europako batezbestekoaren (% 2,27) gainetik eta Espainiako Estatukoaren gainetik (% 1,43).

Eusko Jaurlaritzak zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren aldeko apustu estrategikoari eutsi dio, eta horrek emaitzak ekarri ditu. 1981ean ia ez zegoen inbertsiorik Euskadin Ikerketa eta Garapenean. 2001ean 619 milioi euro inbertitu ziren, eta 2022an, Eustatek aurreratutako datuen arabera, ia 1.800 milioi euro inbertitu ziren. Horrek esan nahi du azken 21 urteetan ia hirukoiztu egin dela I+Gko inbertsioa.

Joan den astean, Eustatek gure egoeraren berri eman zuen EIS 2023an, European Innovation Scoreboard delakoan, zeinak herrialdeak sailkatzen dituen berrikuntzan duten jardunaren arabera. Euskadi sendotu egin da "berritzaile indartsuen" taldean, Alemania, Austria eta Frantzia bezalako herrialdeekin batera, Europako batezbestekoa gaindituz. "Giza baliabideak", "Enpresen inbertsioak", "Digitalizazioa" eta "Ingurumen-jasangarritasuna" dimentsioetan EBko 27 estatuen lehen postuetan kokatzen da Euskadi.

Horrela, Europako Batzordeak RIS 2023 txostenean adierazitako hobekuntzari jarraipena eman zaio. Txosten horretan, Euskadik 21 postu aurreratu zituen 239 eskualderen artean 72. postuan kokatzeko, eta "eskualdeko bikaintasun-poloa" kalifikazioari eusten dio.

Eusko Jaurlaritzak %12 handitu ditu I+G+b sustatzeko partidak 2023an, gaur arteko emaitza guztiak gaindituta, eta 2024an 700 milioi euro baino gehiago bideratu nahi ditu

Eusko Jaurlaritza berrikuntzako inbertsio-ahaleginari jarraipena emateko lanean ari da, Euskadirentzat etorkizuneko apustu estrategikoa dela uste baitu. Ildo horretan, 2023an % 12 handitu ditu I+G+b sustatzeko partidak, 658,5 milioi eurora iritsi arte, orain arteko errekorra. Datorren urtean, kopuru horretatik abiatuta, 42 milioi baino gehiago hazi nahi da, 700 milioitik gora, guztira, Legebiltzarrean aurkeztutako aurrekontu-proiektuan agertzen den bezala.

Inbertsio horiei esker, 2030erako Euskadiko ZTBPren hiru zutabeetan ("Bikaintasun Zientifikoa", "Lidergo Teknologiko Industriala" eta "Berrikuntza Irekia") jarduerak bultzatu ahal izango dira, baita bere garapena bermatzeko beharrezkoa den "Talentuan" ere. Halaber, lankidetza publiko-pribatuan oinarrituta, I+G+b-ko proiektu enblematiko handiak garatu ahalko dira, espezializazio adimenduneko lehentasunezko arloetan aplikatzeko.

Ziurgabetasun eta moteltze ekonomikoaren aurrean, Gobernuak ekonomia suspertzeko eta enplegu-aukerak sortzeko konpromisoari eusten dio. Kalitatezko enplegua ezagutzan intentsiboak diren sektoreetan, betiere ikerketan eta berrikuntzan oinarrituta.

Aholku Batzorde Zientifikoak, zientziak, teknologiak eta berrikuntzak Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako helburuei egiten dien ekarpenari buruz eztabaidatu du

Lehendakariak inaugurazioa egin ondoren, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Komisionatuak, Cristina Uriartek, eztabaida bat aurkeztu du zientziak, teknologiak eta berrikuntzak Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako helburuei egiten dien ekarpenari buruz.

Euskadi trantsizio hirukoitzean murgilduta dago: teknologikoa eta digitala; energetikoa eta klimatikoa; eta soziala eta sanitarioa. Horrek aldaketa sakonak eta eraldatzaileak dakartza, ekonomian ez ezik, gure bizimoduan eta ongizatean ere eragiten dutenak. Beraz, Garapen Jasangarrirako Helburuei eragiten diete, Nazio Batuek ezartzen eta gure 2030 Agendak jasotzen duen bezala. Eraldaketa horiek mehatxuak edo aukerak izan daitezke, eta erantzun egin behar zaie zientziaren, teknologiaren edo berrikuntzaren esparruetatik.

Eztabaidan, Euskadi 2030 ZTBPren Aholkularitza Batzorde Zientifikoa osatzen duten pertsonetako batzuek parte hartu dute, eta Nekane Balluerka UPV/EHUren errektore ohia moderatzaile gisa aritu da:

  • Maria José Sanz, Basque Centre for Climate Change (BC3), bikaintasuneko ikerketa-zentroko (BERC) zuzendari zientifikoa.
  • Nuria Gisbert, CIC EnergiGUNE elkarlaneko ikerketa-zentroko zuzendari nagusia.
  • Mar Mendibe, Biobizkaia osasun ikerketarako institutuko zuzendari zientifikoa.
  • Juan José Gómez Cadenas, Ikerbasque irakaslea Donostia International Physics Center-en (DIPC).

Informazio gehigarria