Euskadi eta IBMren arteko aliantza konputazio kuantikoaren arloan

Argitalpen-data: 

  • IBMko presidente Arvind Krishna eta Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz New Yorken batzartu dira, Ikerbasque Fundazioak eta IBM-k atzo, osteguna, Madrilen sinatu zuten akordioaren harira
  • Inbertsio historikoa: zientzia-azpiegitura baterako Euskadin inoiz egin den inbertsiorik handiena esan nahi du akordio honek, 50 milioi eurotik gorakoa
  • IBMk mundu osoan dituen Konputazio Kuantikoko Zentroen seigarrena hartuko du Euskadik
  • Proiektua datorren martxoaren 24an aurkeztuko da, Donostian

IBMren Thomas J. Watson ikerketa-zentroak hartu du atzo arratsaldez (New Yorkeko ordutegian) IBMko presidente eta zuzendari nagusi Arvind Krishnak eta Hezkuntza sailburu eta Ikerbasqueko presidente Jokin Bildarratzek egin duten bilera. Hitzordua, IBMk eta Eusko Jaurlaritzak −Ikerbasque Fundazioaren bidez− atzo, osteguna, Madrilen sinatu zuten akordioaren ondoren iritsi da. Akordio horren eskutik, Euskadik IBMren Konputazio Kuantikoko Zentro berri bat hartuko du, eta “IBM Quantum System One” bat instalatuko da bertan. Honela, Euskadik entitate zehatz bati eta bere erabiltzaileei eskainitako seigarren “IBM Quantum System One” ekipamendua hartuko du Estatu Batuen, Alemania, Japonia, Kanada eta Hego Korearen atzetik.

Bilera horretan ondokoek ere parte hartu dute: IBM Researcheko SPV eta zuzendari Darío Gilek, IBMren Espainia, Portugal, Grezia eta Israelerako presidente Horacio Morellek eta Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Adolfo Moraisek, Eusko Jaurlaritzako Ikerketaren zuzendari Amaia Esquisabelek eta Eusko Jaurlaritzak Estatu Batuetan duen ordezkari Unai Telleriak. Foru aldundiak ordezkatuz bertan izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatu Jabier Larrañaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Teknologia Sozietateko zuzendari Nerea Martiartu eta Arabako Foru Aldundiko Garapeneko Agentziako zuzendari Julio Guinea.

Ikerbasque Fundazioak, Eusko Jaurlaritzaren finantzazioaren bitartez, 50,8 milioi euroko inbertsioa egingo du. Zenbateko hori proiektua beren lurraldeetan garatzeko xedearekin foru aldundiek egingo dituzten ekarpenekin osatuko da. Aipaturiko hau euskal erakundeek zientzia-azpiegitura baterako inoiz egin duten inbertsiorik handiena izango da.

Aitortza nazioartean

Euskadiren alde IBMk egin duen apustua euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemaren aitortza berri bat da. Euskadik zientzia-oinarri sendoa du teknologia kuantikoen, superkonputazioaren eta adimen artifizialaren arloetan, bikaintasuneko ikerketa −oinarrizkoa zein aplikatua− zentroen bere sarean sostengatzen dena. Berrikuntza Handiko Eskualde gisa aitortua Europar Batasunaren aldetik eta Bikaintasun-polo izanik, bere zientzialarien kualifikazio altuak −talentu zientifikoa erakarri, mantendu eta sorterrira bueltatzeko xedearekin Ikerbasque Fundazioak egiten duen lanaren babesarekin ere indartua− puntako eta berrikuntza-balio handiko bazkide bilakatu du Euskadi.

Ekimen honek Euskadi markaren ospea are gehiago handituko du. Halaber, berretsi egiten du IKUR estrategia −teknologia kuantikoa garapeneko bere helburu nagusienen artean duena− sustatzeko Hezkuntza Sailak egin duen apustuak orain arteko konputazioaren aurrean paradigma-aldaketa garrantzitsua suposatuko duen teknologia baten abangoardian kokatuko duela Euskadi.

Proiektua garatzea

Bilera amaituta, Bildarratz sailburuak IBMren Thomas J. Watson ikerketa-zentroaren instalazioak bisitatu ditu, IBM Researcheko SVP eta zuzendari Dario Gil eta bere talde lagun zituela. Topaketa horretan, gaur egun garatzen ari diren ikerketa-eremu ezberdinak aztertzeko aukera izan du euskal ordezkaritzak. Horrez gain, “System One” ekipamendua abian jartzen denean Donostian gauzatu ahal izango diren jarduketak eta proiektuak ere mintzagai izan dira.

Ikerbasque Fundazioak, Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek datorren martxoaren 24an aurkeztuko dute proiektua, Donostian.