EAEko Sektore Publikoko Artxibo Nagusiak artxibozain eta dokumentalistak trebatzeko jardunaldia antolatu du

Artxiboaren_egoitza_1.jpg

2023-01-20

  • Jardunaldia Lakuan izango da urtarrilaren 26an, ‘Dokumentuen kudeaketa datuen aroan. Dataseten balorazio eta zaintza digitala’ izenburupean
  • Datasetak digitalki zaintzeko teknikei buruzko prestakuntza eman nahi die arloko profesionalei

Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Artxibo Nagusiak trebakuntza jardunaldi bat antolatu du artxibozainentzat eta dokumentu kudeatzaileentzat, bai eta sektore horri lotutako enpresa eta profesionalentzat ere, datu multzoen kudeaketak eguneroko lanean planteatzen dituen zenbait arazo aztertzeko eta konpontzen saiatzeko. Euskadiko Artxibozain, Liburuzain eta Dokumentalisten Elkartearekin (ALDEE) lankidetzan egindako jardunaldia izango da.

Jardunaldia urtarrilaren 26an izango da, Lakuan (Gasteiz), eta asmoa da, halaber, artxibo diziplinako profesionalak prestatzea datasetak digitalki zaintzeko tekniketan eta haien galdera eta arazoei aurre egiteko, benetako adibideekin. Informazio zehatzagoa Euskadiko Artxibozain, Liburuzain eta Dokumentalisten Elkartearen webgunean dago, www.aldee.eus.

Jardunaldia Lakuako ekitaldi aretoan egingo da, 09:00etatik 17.00era, eta gaian adituak diren pertsonek hartuko dute parte. Hasteko, informazioaren kudeaketan, kudeaketa dokumentalean eta zaintza digitalean aditu Jordi Serrak datuen garaiko kudeaketa dokumentalaren problematikaren gaiari helduko dio. Ondoren, Bartzelonako Udaleko Ogasun Institutuko artxibozain Pilar Camposen txanda izango da. Bartzelonako Unibertsitatean dokumentuak kudeatzeko sistema eta administrazio elektronikoko tresnak diseinatzen lan egiten du Camposek eta dataseten kontserbazioari buruz mintzatuko da bere hitzaldian.

Atsedenaldiaren ostean, Irune Zumalde, Eusko Jaurlaritzako Artxibo, Liburutegi eta Argitalpen Zerbitzuko arduradunak hartuko du hitza, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko artxibo sisteman datuak gordetzearen erronka azaltzeko. Ondoren, Beatriz Franco, Madrilgo Erkidegoko Artxiboen Kontseiluko idazkaria, datu-baseetan dagoen informazioaren balorazioaz arituko da.

Arratsaldean, Jordi Serraren beste hitzaldi bat, oraingo honetan Bartzelonako Hezkuntza Partzuergoaren datuaren kudeaketa sistemari buruzkoa. Eta jardunaldiari amaiera emateko, gaiari buruzko mahai-ingurua eta eztabaida izango dira Iñaki Miguel Aguayo Eusko Jaurlaritzako Artxiboko teknikariak moderatuta.