Diziplina ezberdinetako 11 adituk emango diote aholku Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia berriari

Argitalpen-data: 

  • Cybertzaintzak 2024an 2 milioi euroko aurrekontua izango du euskal gizartean zibersegurtasunaren kultura ezartzeko, zibermehatxuen alerta goiztiarretarako, gertaerak kudeatzeko edo euskal administrazio publiko guztientzat “Euskadiko Zibersegurtasunaren Estrategia” garatzeko

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua buru dela, Javier Diéguez Cyberzaintzaren zuzendari nagusiarekin batera, egin da gaur goizean Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia berriaren Administrazio Kontseiluaren bilera.  

Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan egin den bileran aurrera egin da Agentzia berria martxan jartzean eta Agentziaren aurrekontuan, eta datorren urtera begira emango diren urratsak zehaztu dira eta Aholku Kontseilua izendatu da. Hainbat diziplinatan adituak diren eremu publikoko eta pribatuko 11 pertsona dira, eta Agentziaren gobernu-organoei aholku ematea izango da haien eginkizuna:

  1. Rikardo Lamadrid, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria.
  2. Benjamín Juez, Osakidetzako Informatikako eta Informazio Sistemetako zuzendariordea.
  3. Eduardo Jacob, UPV/EHUko katedraduna eta Zibersegurtasunean aditua.
  4. Ana Ayerbe, Tecnaliako CORES Digital arloko zuzendaria.
  5. Xabier Mitxelena, CYBASQUEko presidentea.
  6. Unai Aberasturi, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendari berria.
  7. Jose María Yurrebaso, Ertzaintzako Ikerketa Kriminalaren Dibisioko burua.
  8. Izaskun Urrestarazu, Izenperen zuzendari nagusia.
  9. Aitor Urzelai, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendaria.
  10. Idoia Mateo, Santander Bankuko Zentro Korporatiboko CISOa eta Santander Taldeko CISOa Europan.
  11. Andoni Valverde, Iberdrolako Global Cyber Fusion-en arduraduna.

2024ko jarduera

Datorren urtera begira, Cyberzaintzak hainbat jarduera ezarriko ditu euskal gizartean zibersegurtasunaren kultura hedatzera, zibermehatxuen alerta goiztiarretara, zibergertaerak kudeatzera edo euskal administrazio publiko guztientzat “Euskadiko Zibersegurtasunaren Estrategia” berria garatzera bideratuta. Estrategia berri horrek sektore publikoko jardunbide egokien esparrua, arriskuak kudeatzeko gobernantza eredua, kolektibo ezberdinei zuzendutako sentsibilizazioa eta hedapena, eta abar barne hartuko ditu.

Horretarako, 2 Mill/€-ko aurrekontua izango du.  

Administrazio Kontseilua

Cyberzaintzaren Administrazio Kontseilua Eusko Jaurlaritzaren, foru-aldundien, hiru hiriburuetako udalen eta EUDELen ordezkariek osatuta dago. Gaurko bileran hauek ere izan dira:

  • Eusko Jaurlaritzaren izenean: Rodrigo Gartzia, Segurtasuneko sailburuordea; Polentzi Urkijo, Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordea; Estíbaliz Hernaez, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea; Asier Sáez de Vicuña, EJIE – Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearen gerentea; eta Xabier Patxi Arrieta, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien zuzendaria.
  • Foru-aldundien izenean: Javier Bikandi, Bizkaiko Foru Aldundiko Koordinaziorako eta Estrategia Digitalerako zuzendaria; Josu Arraiz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako zuzendaria.
  • Udalen izenean: Asier Iragorri, Basauriko alkatea EUDELen ordezkari gisa; Ane Miren Ibáñez, Bilboko Udaleko Modernizazioko zuzendaria; Eduardo Fernández, Donostiako Udaleko Donostia IKTko zuzendari kudeatzailea; Rosa Peral, Gasteizko Udaleko Modernizazio Sailaren zuzendaria.

Informazio gehigarria