BioBizkaiak ateak zabaldu dizkie paziente zeliakoentzako tratamendu berriei

Argitalpen-data: 


      Grupo_Investigacion.JPG
  • Osakidetzaren Euskal Osasun Ikerketa Institutuak (Biobizkaia OII) eta UPV/EHUk egindako ikerlan batek glutenak sortutako hesteetako inflamazioa murrizteko gaitasuna duen salbiatik eratorritako konposatu bat identifikatu du, eta horrek tratamendu berrien garapenean lagunduko du
  • Biobizkaia OII institutuko Immunogenetikako Ikerketa Laborategiko Ainara Castellano-Rubio, Ane Olazagoitia-Garmendia eta Henar Rojas-Márquez ikerlariek gidatu dute proiektua —ospe handiko Gut aldizkari zientifikoan argitaratu da—

 

Gaixotasun zeliakoa hantura-nahasmendu autoimmune kroniko bat da, batez ere heste meharrari eragiten diona eta, glutena irentsi ondoren, genetikoki sentikorrak diren pertsonengan garatzen dena. Orain arte, tratamendu eraginkor bakarra bizitza osorako glutenik gabeko dieta zorrotza izan da.

Berriki, Biobizkaia OII institutuko Immunogenetikako Ikerketa Laborategiko Ainara Castellano-Rubio (Ikerbasque), Ane Olazagoitia-Garmendia eta Henar Rojas-Márquez (UPV/EHU) ikerlariek, ospe handiko Gut aldizkari zientifikoan argitara emandako artikulu batean, aditzera eman dute azido salbianolikoak —salbiatik eratorritako konposatua— glutenak sortutako hesteetako inflamazioa murrizteko gaitasuna duela.

Aurkikuntza horrek ateak zabaltzen dizkie paziente zeliakoentzako tratamenduei. Gaixotasunarekin lotutako konplikazioak saihesten lagunduko die, bereziki, glutenik gabeko dieta hausten dutenei (gehienetan ustekabean) edo dieta jarraituta ere sintomak erabat eragozten ez dituztenei. Bestalde, aurkikuntza horrek konposatu horren ikerketari zabaltzen dizkio ateak, hesteetako edo beste organo batzuetako hanturazko bestelako gaixotasunetarako tratamendu potentzial gisa edo tratamendu lagungarri gisa.

Osakidetzako Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuak eta UPV/EHUk egindako ikerlana azido salbianolikoak duen eragin antiinflamatorioaren behaketan oinarritu da, hain zuzen hazkuntzan dauden zeluletan, arratoietan eta pazienteen biopsietan izan duen eragin antiinflamatorioaren behaketan. Horrez gain, ikerketaren bidez egiaztatu ahal izan da konposatuak ez duela ondorio sekundariorik eragiten arratoietan.

Ikerlanaren egileek elkarlanean jardun dute, halaber, Biogipuzkoako langile kliniko eta ikertzaileekin, Bartzelonako Unibertsitateko ikertzaileekin eta Chicagoko Unibertsitateko eta Shangaiko Materia Medikoaren Institutuko nazioarteko taldeekin.

Informazio gehigarria