Barakaldoko Orconera kargategia kultura-intereseko ondasun deklaratuko da, monumentu kategorian, Eusko Jaurlaritzak egindako eskaeraren ondoren

Argitalpen-data: 


      ORKONERAKO_KARGADEROAK.jpg

Estatuko Aldizkari Ofizialean dagoeneko argitaratu da Espainiako Gobernuko Kultura eta Kirol Ministerioko Kultura Ondarearen eta Arte Ederren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena, Barakaldoko Iron Ore CLko 5. kargategia eta 3. eta 4. kargategien hondarrak monumentu kategoriako kultura-intereseko ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera ematen diona. 

Eusko Jaurlaritzak (portuen arloan eskumenik ez duenak), Barakaldoko Udalak, Bilboko Portu Agintaritzak, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoaren Fundazioak eta Industria Ondarearen eta Obra Publikoaren Euskal Elkarteak (AVPIOP) Espainiako Gobernuko Kultura eta Kirol Ministerioari babes-espedientea irekitzeko eskatu ondoren iritsi da deklarazio hau. 

Eskaeran, Nerbioi itsasadarrean kontserbatutako kargategiek osatzen zuten multzo osoa sartzen zen, baina, oraingoz, ondare-interes handia dutelako, Barakaldoko Orconera Iron Ore CL-ko 5. eta 3. eta 4. kargategiak babestu dira. Eusko Jaurlaritzaren ustez, Sefanitro konpainiaren kargategia eta Franco-Belga konpainiarena ere kultura-intereseko ondasun deklaratu behar dira, eta hala eskatu dio Espainiako Gobernuko Kultura Ondarearen eta Arte Ederren Zuzendaritza Nagusiari. 

Lutxanako ontziralekuak 

Lutxanako ontziralekuak, Barakaldon, Bilboko itsasadarraren ezkerreko ertzean 500 metro inguruko luzeran dauden karga-kaiak dira gaur egun. Bilboko itsasadarreko zati bateko portuko jabari publikoaren parte den hiri-lurzoru baten gainean daude.

Kultura-ondarearen ikuspegitik, elementu horiek interes handiko monumentu-multzo bat osatzen dute, zamalanetako egiturek osatzen dutena. Egitura horiek, gaur egun, kontserbazio- eta eraldaketa-egoera desberdinak dituzte, eraikuntza- eta erabilera-historiaren ondorioz. Alde batetik, Orconera konpainiaren kargategiak daude, egurrez eraikiak; bestetik, Sefanitro S.A. enpresaren hormigoizko kargategia, eta, hirugarrenik, Franco-Belga konpainiaren kargategia, bai eta itsasadarraren jatorrizko bideratze-horma ere, harlanduz eraikia, bere eskailerekin eta sartzeko arrapalekin. XIX. mendearen amaieratik eta XX. mendean zehar Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean zabaltzen ziren industria-instalazio handien aztarna urrietako bat eta horien lekuko dira kargategiak. 

Gaur egun Orconera gisa ezagutzen dugun kargategi multzoa Orconera Iron Ore meatze-konpainiaren minerala kargatzeko eta deskargatzeko instalazioen multzoa da. Enpresa horrek lortu zuen arroko mineral-ekoizpen handiena. Haien funtzioa burdina-minerala ontziratzea erraztea zen, Europako siderurgietara esportatzeko. 

Lankidetza-protokoloa 

Eusko Jaurlaritzak, Barakaldoko Udalak eta Bilboko Portu Agintaritzak lankidetza-protokolo bat sinatu zuten 2019an, Barakaldon portuko zerbitzu-eremuaren barruan dauden mineral-kargategien balio historikoa sustatzeko. Helburua balio eta interes historiko, artistiko eta arkitektoniko handiko instalazio horiek identifikatzea, sustatzea, birgaitzea, kontserbatzea eta zaintzea da. 

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2023ko aurrekontuak 550.000 euroko partida bat aurreikusten du, Barakaldoko Udalak eta Bilboko Portu Agintaritzak Orconerako kargategia zaharberritu dezaten.

Informazio gehigarria