Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiko emakume gazteek bizi duten egoerari buruzko adierazle batzuk aztertu ditu.
Bost emakume gaztetik batek indarkeria motaren bat jasan izan du bere bikote-harremanetan
Euskadiko ia emakume eta gizon gazte guztiek oso larritzat jotzen dituzte indarkeria-jokabide agerikoenak. Hala ere, oraindik tratu txar mota asko ez dituzte larritasun-maila berarekin ikusten batzuek eta besteek.
Harreman batean onartezina denari buruzko kontzientziazioa ez da maila berera iritsi emakume eta gizon gazteen artean. "Mespretxuak egitea" eta "bikotearen itxura, arropa, adiskideak kontrolatzea" indarkeria motek 17 puntu baino gehiagoko aldea erakusten dute jokabide oso larritzat hartzen dituzten emakume gazteen ehunekoaren eta gizon gazteen ehunekoaren artean. "Iraintzea"k ere 15,2 puntuko dekalajea erakusten du, eta "sare sozialetan kontrolatzea" eta "gauzak erabakitzen ez uztea" indarkeria motek ere 13 puntu baino gehiagoko aldea.
Bikote-harremanetan gerta daitezkeen indarkeria mota desberdinak oso larritzat jotzen dituzten 15 eta 29 urte bitarteko emakume eta gizonen portzentajeak. 2022 (%)
Iturria: Gazteen Euskal Behatokia
Emakume gazteen % 20,2k pairatu du indarkeria-mota horietakoren bat bikote-harremanetan.
Adinak gora egin ahala, inoiz bikotekiderik izan ez dutenen ehunekoak behera egiten du, eta, esperientziarekin batera, indarkeria-motaren bat jasan duten emakumeen ehunekoak ere gora egiten du eta 25-29 urtekoen taldean % 31ra iristen da.
Bikote-harremanetan gerta daitekeen indarkeria motaren bat bizi izan duten 15 eta 29 urte bitarteko emakumeen portzentajea, adin-taldeen arabera. 2022 (%)
Hamar emakume gaztetik lauk jazarpena sentitu dute noizbait sare sozialetan
15 eta 29 urte bitarteko emakumeen % 4,1ek behin eta berriz jasan ditu jazarpen-egoerak sare sozialetan, eta % 35,4k noizbait sentitu du bere burua jazarrita. Iruzkin desatseginak edo irainak dituzten mezuak etengabe bidaltzearen bidezko jazarpena Euskadiko emakume gazteen
% 39,5ek momenturen batean jasan duen errealitatea da.
Egoera horiek gora egin dute azken urteetan: 2018an, noizbait jazarrita sentitu zirela zioten emakume gazteen ehunekoa % 25,2 zen, eta 2020an % 27,6.
20 eta 24 urte bitarteko emakumeak dira errealitate horrek gehien eragiten dienak, % 48,8ra iristen baita sare sozialetan noizbait jazarrita sentitu diren adin horretako emakumeen ehunekoa. Ondoren, 25 eta 29 urte bitartekoak daude, % 38rekin; hala ere, askotan jazarrita sentitu direnen ehunekoari erreparatuz gero, 15 eta 19 urte bitartekoen ehunekoa (% 5,2) batez bestekoa baino handiagoa da.
Sare sozialetan jazarrita sentitu diren 15 eta 29 urte bitarteko emakumeen portzentajea, adin taldeen arabera. 2022 (%)
15 eta 29 urte bitarteko hamar emakumetik zazpik beldurra sentitzen dute gauez beren herritik edo auzotik bakarrik dabiltzanean
Emakume gazteen % 72,1 beldur dira gauez beren herritik edo auzotik bakarrik ibiltzen direnean. Gazteenek, 15 eta 19 urte bitartekoek, dute ehuneko handiena, horien % 76,8k adierazi baitute beldurra sentitzen dutela egoera horietan.
Gainera, kalean gauez bakarrik ibiltzeko beldurra nabarmen handitu da aurreko neurketekin alderatuta. 2016 eta 2022 artean bikoiztu egin da, % 34,2tik % 72,1era.
Gauez beren herritik edo auzotik bakarrik ibiltzen direnean beldurra sentitzen duten 15 eta 29 urte bitarteko emakumeen portzentajea, adin-taldeen arabera. 2022 (%)
2022an, 15 eta 29 urte bitarteko 1.000 emakumetik 9,7k jarri zuten genero-indarkeriagatiko salaketaren bat. Hamar salaketatik zazpi bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriagatik izan ziren
Euskadin, emakumeen aurkako indarkeriaren tasa orokorra, 2022an, 1.000 emakumeko 9,7koa da, 15-29 urteko adin-taldean. Tasa horrek adierazten du zenbat emakumek jarri duten salaketa bat (edo gehiago) genero-indarkeriagatik, adin-talde bereko 1.000 emakumeko.
Emakume gazteei dagozkien tasak 30 urteko edo gehiagoko emakumeenak baino altuagoak dira serie osoan zehar.
Genero-indarkeriagatik salaketaren bat jarri duten emakumeen tasaren bilakaera, adin-talde handien arabera (adin-talde bereko 1.000 emakumeko tasa)
Iturria: Gazteen Euskal Behatokia, Emakundek emandako datuak oinarri hartuta
Datu absolututan, 2022an, 15 eta 29 urte bitarteko 1.468 emakumek jarri zuten genero indarkeriagatiko salaketaren bat; 30 urte eta gehiagoko emakumeen artean, berriz 3.402k.
Genero-indarkeriako gertakariengatik salaketa jarri duten emakumeen kopuruaren bilakaera, adin-talde handien arabera (absolutuak)
Iturria: Emakunde
Bost urteko taldeen araberako banaketak erakusten digu 2022an genero-indarkeriagatiko salaketaren bat jarri zuten 1.468 emakume gazte horietatik 400k 15-19 urte zituztela, 519k 20-24 urte zituztela eta 540k 25-29 urte zituztela.
Emakume gazteek salatutako genero-indarkeria gehiena, % 69,5, bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria zen (1.020 emakume); % 12,4k (182 emakume) familia barruan jasandako indarkeria salatu zuten eta beste % 18,1ek (266) sexu-askatasunaren aurkako delituren bat.
15 eta 29 urte bitarteko emakumeek salatu duten genero-indarkeria motaren banaketa. 2022 (%)
Iturria: Gazteen Euskal Behatokia, Emakundek emandako datuak oinarri hartuta
Garapen Jasangarrirako Helburuen 2030 Agendaren 5. helburua Genero-berdintasuna da. Helburu horren barruan, 5.2 xedeak zera bilatzen du: emakume eta neska guztien aurkako indarkeria-mota guztiak ezabatzea eremu publikoan zein pribatuan, sexu-salerosketa eta -esplotazioa barne.