Aichi, Hiroshima eta Kyotoko prefekturen ordezkaritza bat Euskadin dago, eskualdeko berrikuntza-politiken arloko lankidetzari heltzeko

Argitalpen-data: 


      IMG_5059.jpg

Japoniako Aichi, Hiroshima eta Kiotoko prefekturen ordezkaritza bat Euskadin dago egunotan, berrikuntzako eskualde-politiken arloko jardunbide egokiak eta ezagutza trukatzeko. Bisita Lehendakaritzak antolatu du, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Komisionatuaren bitartez, eta Europako Batzordeak eta Japoniako Lurralde, Azpiegitura, Garraio eta Turismo Ministerioak elkarlanean sustatutako eskualdeen arteko lankidetza-proiektu baten barruan kokatzen da.

Ordezkaritzak bilerak egin ditu Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin eta haien taldeekin. Horrela, prefekturek zuzenean ezagutu ahal izango dituzte Eusko Jaurlaritzak zientzia, teknologia eta berrikuntzaren arloan dituen politika eta ekimen estrategikoak, Euskadi 2030 ZTBPren esparruan. 

Arreta berezia jarriko zaie eraldaketa digitalari eta industria adimendunari, ekintzailetzari, startupei eta berrikuntza irekiari, trantsizio energetikoari, energia berriztagarriei eta hidrogenoari eta ingurumen-jasangarritasunari. Baita Inpaktu Zientziari ere, IKUR 2030 Estrategiaren bidez, bikaintasuneko ikerketa zientifikoaren esparruan eta haren arlo enblematikoetan: Neurozientziak, Teknologia Kuantikoak, Neutronika eta Errendimendu Handiko Konputazioa eta Adimen Artifiziala eta Unibertsitatea + Enpresa Plana. 

Bisitak

Aurreko bilera instituzionalez gain, Japoniako ordezkaritzak Donostia International Physics Centre (DIPC), Materials Physics Center (CFM), CIC nanoGUNE, Gipuzkoako Parke Teknologikoa, Vicomtech, Cidetec, Basque Culinary Centre, Repsol-Petronor, Automotive Intelligence Center (AIC), Bizkaiko Parke Teknologikoa eta Tecnaliaren instalazioak bisitatuko ditu. 

“2025eko Euskadi Basque Country” Nazioartekotzeko Esparru Estrategiaren arabera, Japonia lehentasunezko herrialdea da. Gainera, 2023 “Euskadi-Japonia Urtea” izendatu dute. Euskadiren eta Japoniako prefekturen arteko lankidetza-proiektu horren ondorioz, zenbait erakunde publiko edo pribaturen arteko lankidetza-akordioak edo Elkar “Ulertzeko Memorandumak” sinatzen aurrera egitea espero da, Eusko Jaurlaritzak Mie (2018) eta Fukushimako (2019) prefekturekin lehendik ezarritakoekin bat eginez. 

Lankidetza-proiektuan Europako sei eskualdek eta Japoniako bost prefekturak hartzen dute parte. Ebaluazio-batzorde batek hautatu zituen, eskualdea bakoitzaren berrikuntza-sistemaren indarra eta ibilbidea baloratuz. Europaren aldetik, honako eskualde hauek hartzen dute parte: Auvernia-Rodano-Alpeak eta Oise Harana Frantzian, Emilia-Romaña Italian, Liubliana Eslovenian eta Euskadi eta Katalunia Espainiako Estatuan. Japoniatik, Aichi, Kioto, Osaka, Hiroshima eta Oita prefekturek parte hartzen dute.

Informazio gehigarria