2023-2027 aldirako Adikzioen Planaren bidez, kontsumo eta jokabide adiktiboak atzeratu edo saihestu nahi dira, baita horien ondorioak minimizatu, prebalentzia eta desberdintasunak murriztu eta estigma borrokatu ere (Gobernu Bilera 2023-9-5)

Argitalpen-data: 


      fotoconsejo.jpg
  • Eusko Jaurlaritzak gaur onartu duen plana Euskadik adikzioei aurre egiteko lau hamarkadatan bultzatzen duen zortzigarren plana da
  •  Lehentasuneko 58 ekintza zehazten ditu Euskadi osasuntsuagoa eta sentsibilizatuagoa lortzeko, substantziekiko adikzioen zein jokabide adikzioen ondoriozko arriskuen aurrean 

 “Substantzien kontsumoaren eta jokabide adiktiboen aurrean Euskadi osasuntsuagoa eta sentsibilizatuagoa lortzea”. Horixe da Eusko Jaurlaritzak gaur onartutako 2023-2027 aldirako Adikzioen VIII. Planaren helburu nagusia. Plan horrek helburu hori datozen lau urteetan lortzeko lehentasunezko 58 ekintza zehazten ditu, eta substantzien kontsumoak eta adizioak aintzat hartzeaz gain, substantziarik edo portaerarik gabeko adikzioak ere hartzen ditu kontuan.

Uztailean onartutako Euskadiko Osasun Planean ezarritako oinarrien arabera, Adikzioen Planak, izaera horretako zortzigarrenak, jarraipena ematen dio euskal erakundeek abian jarritako adikzioei eta drogamendekotasunei aurre egiteko lanean egindako lau hamarkadako ibilbideari, eta, bestalde, eragileen arteko sareko eta sektore arteko lan koordinatua sakontzen du, betiere osasun publikoaren, ekitatearen eta giza eskubideen ikuspegitik.

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak azaldu duenez, dokumentuak bost emaitza-helburu nagusi ezartzen ditu, plana indarrean dagoen bitartean lortu nahi diren aurrerapenak adierazten dituztenak: Euskadiko biztanlerian kontsumo eta jarrera adiktiboen hasiera saihestea edo atzeratzea; horien prebalentzia gutxitzea; sortzen dituzten kalteak minimizatzea; adikzioekin lotzen diren osasunaren arloko desberdintasunak murriztea; eta horiekin lotzen den estigma gutxitzea

Helburu horiek lortzeko, gainera, beste bost helburu instrumental planteatzen dira, urte hauetan garatu beharreko politika, programa eta jarduketei buruzko lehentasunak bideratzeko gida gisa: 

  • Portaera osasungarriak sustatzen dituzten eta substantzien kontsumoa eta jokabide adiktiboak desnormalizatzen laguntzen duten inguruneak aktibatzea, haien erabilgarritasuna eta eskaintza murrizteko egitura-neurriak barne. Arreta berezia jarriko zaie familia, eskola, lan eta komunitateko esparruei.
  • Osasuna eta prebentzioa sustatzeko programak indartu eta hobetzea, bizitzaren bilakaeraren ikuspegitik (esku-hartzeak bizi-etapa bakoitzaren berezko beharretara egokituz) eta pertsonen kapitala eta baliabide emozionalak indartzeko ahaleginetik.
  • Gizarteratzeko laguntza- eta babes-zerbitzuak indartzea eta hobetzea, ekitatearen ikuspegitik eta egoera zaurgarrian dauden pertsonei arreta berezia eskaintzearen bidetik.
  • Adikzioen arloko ezagutzak eta berrikuntzak garatzea eta hedatzea.
  • Adikzioen esparruan sektore arteko ekintza eraginkorragoa finkatzea. 

Era berean, Osasuneko sailburuak aditzera eman du generoaren ikuspegia zeharkako eta lehentasunezko elementu gisa sartu dela plan osoan, eta plana egiteko prozesuan hainbat erakunde eta instituziotako 70 pertsonak baino gehiagok hartu dutela parte, baita eraginpean dauden pertsonek, haien familiek eta bestelako gizarte- eta komunitate-eragileek ere.

 

Informazio gehigarria