Izaskun Arandia: "Nik filma egiten disfrutatu eta ikasi dudana publikoak disfrutatu eta ikastea nahiko nuke"

  • Izaskun Arandia:

Gaur, ostiralarekin, zinema aretoetara iritsiko da "My Way Out" dokumentala. Izaskun Arandiak zuzendutako lehen film luzeak The WayOut Londreseko trans klubaren nondik norakoak aletzen ditu.

The WayOut dantzalekua, neska transentzako eta lagun dantzazale begirunetsuentzako gau kluba, 1993an ireki zuten, Londresen, eta hogeita hamargarren urteurrena bete du aurten, zailtasunak zailtasun, pertsona orori den modukoa izateko espazioa eskaintzen.

Izaskun Arandia zinemagileak (Tolosa, 1972) bertako historia eta toki horretatik pasatu diren hainbat pertsonaren istorioak bildu ditu, lekukotasunak eta artxiboko irudiak erabiliz, "My Way Out" gaur, martxoak 31, Trans Ikusgarritasunaren Nazioarteko Egunarekin bat, zinema aretoetara iritsiko den dokumentalean.

Arandia zuzendariarekin hitz egin dugu.

Nola ezagutu zenuen The WayOut kluba? Zerk eman zizun arreta "santutegi seguru" honen inguruan, bere historia pantaila handira eramatea erabakitzeko?

2016an, Yogurinha Borovarekin beste proiektu bateko dokumentazio fasean ari nintzela ("Ni Naiz Naizena" websaila bihurtu zen gero), Yogurinhak berak aipatu zidan bazegoela Londresen dantzaleku berezi hau eta berak aspalditik izan zuela WayOut ezagutzeko ametsa.

Londresera bisitan joan nintzen hurrengoan, WayOuteko jabea den Vicky Leerekin kontaktuan jarri, eta hortxe azaldu nintzen larunbat gauean. Gau horretan bertan pentsatu nuen Vickyk berak eta dantzalekuak dokumental bat merezi zutela.

Leku oso berezia iruditu zitzaidan: jendea pozik, aske eta eroso dantza egiten eta sozializatzen ikusi nuen, eta segituan ikusi nuen hori Vickyri esker zela. Berak ziurtatzen du trans pertsonentzat leku segurua izaten jarraitzen duela 30 urteren ondoren.

Segituan ekin genion "My Way Out" dokumentala garatzeari.

Zer kontatu erabaki eta gero, nola kontatu erabaki zenuen. Zergatik desagerrarazi zenuen narratzailea eta tartekatu zenituen artxiboko irudiak, protagonisten lekukotasunak eta dantzalekuaren gaur egungo irudiak?

Hasieratik, argi nuen protagonistek beren istorioak eta esperientziak kontatzea nahi nuela. Nik ikus-entzulearen papera hartu nuen, eta gero, zuzendari bezala, jasotako istorioak filmean erakustea eta transmititzea izan da nire lana.

"My Way Out"en atzera begirada bat egiten dugu dantzalekuaren 30 urteak errepasatuz, gaur egungo dantzalekua oinarritzat hartuz. Artxiboko irudiak erabiltzea, beraz, oso garrantzitsua zen, dantzalekuaren garapena ikusteko.

Elkarrizketen bidez, gure bost pertsonaiek bizipenak lehen pertsonan kontatzeko aukera izan dute, eta, nire ustez, konexio emozionala eragin du horrek ikuslearekin.

(Irakurri elkarrizketa osoa)

eitb.eus

  • DataMartxoak 31
  • Gaia Ikus-entzunezkoa