Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Euskadi Sariek ibilbideak, berrikuntza eta bikaintasuna aintzatesten dituzte, berreskurapena bereizgarri duen urte honetan
2022-11-23
Gaur banatu dira Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Euskadi Sariak, Vitoria-Gasteizko Europa jauregian antolaturiko gala batean; hartan, Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Javier Hurtado Sailburuak hitz egiten dute. Edizio honetan, proposamen berritzaileak, jasangarriak eta lanbide-ibilbideak saritu dira, sektore horien berraktibazio-fasea bereizgarri izan duen ekitaldian.
Iñigo Urkullu Lehendakariak nabarmendu duenez, sari horien bidez, berriro ere nabarmentzen dugu tokiko merkataritzak gure herri eta hirietan duten garrantziaren balioa. “Pandemiaren eraginez, kaleak eta plazak hutsik ikusi genituen. Orain, hurbileko merkataritzaren gizarte-rol berrirako bidea ireki zaigu, eta baliotsuagoa eta beharrezkoa dela ikusiko dugu”. Gainera, Lehendakariak zorionak eman dizkio turismo-sektoreari, haren lanagatik: “bidaiari handiak gara, eta gure herria anfitrioia da. EAE nazioartean helmuga ezaguna da, nola hazi badakien eta hurbileko eta kalitateko tratu pertsonalari eusten dion sektorean lan egiten duzuenoi esker”. Azkenik, Lehendakariak erantzukizuna eskatu du kontsumorako ditugun ohituretan, eta haren gobernuak eraldaketa sustatzeko duen eginkizuna nabarmendu du; horretarako, enpleguari eta jarduerari eutsi behar dio eta suspertzeko eta dinamizatzeko programa berriak ere abiarazi behar ditu.
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak sektore horien alde egiten duen apustua.EAEko ekonomiaren arlo horiek, guztira, 234.000 enplegu dakartzate, langile guztien % 24 eta EAEko BPGd-aren % 17,4.
Sailburua harro agertu da gure turismo-sektoreaz, erresilientea delako eta krisialditik irteteko gauzak ongi egiten jakin duelako. “Turismoa berreskuratzeari dagokionez, autonomia-erkidegoetan liderretako bat gara, eta horrek ekonomiaren gainerako alderdiei oxigenoa eman die, sektore sendo eta lehiakor horri esker. Gure turismo jasangarriaren ereduak aberastasuna eta toki-garapena sortzen ditu. Eta hala egiaztatzen da EAEko soziometroan; izan ere, turismoa gure herritarrek ondo balioesten duten koalizioko gobernuaren politika da”.
Sailburuak, era berean, EAEko merkataritza-sektorearen indarra nabarmendu du: “Gure toki-merkataritza ezinbestekoa da, eta hura sustatzen jarraitu behar dugun indarra da. Merkataritzak egoera eraldatzeko lan egin behar du, bai, baina gu guztion aliantzarekin eta konplizitatearekin, administrazioena eta kontsumitzaileena. Eros dezagun tokian tokikoa, lehendabizi, zergak ere hemen ordaintzen ez dituen plataforma baten klikean pentsatu aurretik; izan ere, hori gure gizartearentzako garapena da”.
Kontsumoaren atalean, Sailburuak banako eta taldeko erantzukizunez hitz egin du, bai kontsumitzaileena bai ondasun eta zerbitzuen hornitzaileena bai administrazioena. “erantzukizunak gure eskubideak bete daitezela exijitzea ere badakar.Prestakuntza eta informazio gehiago dugu gaur egun kontsumitzaileok; erreklama dezagun beharrezkoa denean eta beharrezkoa denaren aurrean; kontsumi dezagun arduraz, kontsumo arduratsuak gizarte hobea izaten lagunduko baitu”.
Eranskina, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Euskadi Sariak, 2022
Turismoa
10 langile arteko Berrikuntzaren atalean, Gastrolopithekus sukaldaritza-eskolak jaso du saria; gastronomia ibiltariaren kontzeptua, espazio fisiko zehatzik gabea, txokoaren kulturaren tradizioa duena, hurbileko produktuarekin eta tokiko saltokietan eskuratutako produktu ekologikoekin lan egiten duena. 10 langile baino gehiagoko Berrikuntzaren sarian, saritua Puente Colgante Boutique Hotel izan da; establezimendu hori eraikin historiko batean dago eta, azken urteotan, beste izar bat gehiago lortu du. Helmuga Arduratsuaren eta Jasangarriaren saria Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideak jaso du; entitate horrek enoturismoa eskaintzen du, zeharkako ardatz gisa, natura-jarduerarekin, kirolarekin, osasunarekin, kulturarekin eta ekitaldiekin batera, bai eta bileren turismoa ere.Lanbide Ibilbidearen saria Hotel Maria Cristina San Sebastiánek jaso du; erreferentziazkoa eta ikonoa da ehun urte baino gehiagoko historia duen EAEko turismoan.
Merkataritza
Dinamizazioaren saria Llodio Apill merkataritza-elkarteak jaso du, “Laudio Berrikusi” dinamizazio-proiektuagatik. Sailak ekimen hori EAEko gainerako udalerrietara zabaldu nahi du, Laudion haren ezarpenak izan duen arrakasta ikusita.Ekintzailetzaren saria Loco Polo enpresak jaso du; negozio berritzailea sortu du eta, hartan, ekimena, prestakuntza, ahalegina eta gizarte-konpromisoa nabarmentzen dira. 10 langile baino gehiagoko EAEko Enpresaren saria Eroskiko Eko dendak jaso du; Vitoria-Gasteizko Lakua-Arriaga auzoan dago. Saria eman diote, produktu eta prozesuetan ingurumen-jasangarritasunaren aldeko apustua egiten duen merkataritza-eredu berri batengatik. 10 langile baino gutxiagoko Enpresaren saria Nossi-Bék jaso du, haren tradizioagatik, sektorean izan diren aldaketetara etengabe egokitzen jarduteagatik, 1911n sortu zenetik, berrikuntzari dagokionez izan duen garapenagatik eta hazkuntzagatik. Hala, gaur egun, munduko izozkitegi handietako bat da, haren originaltasunagatik. Eta, Lanbide Ibilbidearen aintzatespenean, saria Donostiako Casa Munoa bitxi-dendak jaso du, duen lanbide-historia luzeagatik eta arrakastatsuagatik; 1932an sortu zen, eta erreferenteetako bat da sektorean.
Era berean, epaimahaiak uste izan du aipamen berezia merezi zuela merkataritza-talde batek, edizio honetako proposamenen maila altua eta kalitatea kontuan hartuta. Honako hauek jaso dute aintzatespena:
-Esti Garcia, Ness-ekoa; Princess Court; Hawai – Gros Beach; Encajeros, hijos y sucesores de Manuel Mendoza eta Gama Bicicletas
Kontsumoa
Kontsumitzailearentzako Informaziorako Udal Bulegoen saria OMIC ERANDIOk jaso du; hartan, kontsulten ratioa nabarmentzen da, udal-bulego guztietako handiena baita, Kontsumobidek dituen datuen arabera. Enpresen saria Kooperak jaso du. Kontsumo arduratsuko ekimena da; ekonomia zirkularra sustatzen du, ehungintzako produktuen birziklapenean eta berrerabileran oinarritutako negozio-eredu batekin. Eta, azkenik, Komunikabideen saria Eroski Consumerrek jaso du, aitzindariak baitira kontsumitzaileei zuzendutako informazio espezializatuan.