Tapia: Gobeo eta Krispiña artean, Zadorraren ur goraldiei aurre egiteko lanen proiektua aurrera doa eta urtarrilean jendaurrean jarriko da

Argitalpen-data: 

Arantza Tapia Sailburua, Amaia Barredo Sailburu Ordea, Antonio Aiz URAko zuzendaria jardunaldiko beste hizlariekin

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak Uraren Euskal Agentziak antolatutako Zadorra Hobetzen jardunaldian parte hartu du: Gasteizko uholdeen kudeaketa Arabako hiriburuko herritarrei hurbiltzeko helburuarekin. Berarekin batera, ekitaldian parte hartu dute Amaia Barredo Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak, Antonio Aiz URAko zuzendari nagusiak, Mª Dolores Pascual Valles Ebroko Konfederazio Hidrografikoko presidenteak, bai eta zer esana duten beste erakundeen ordezkariek ere.

Hain zuzen ere, duela urtebete uholdeak izan ziren Euskadin; zehazki, uholde handiak izan ziren, ibaiek gainezka egin baitzuten: azaroaren 28an eta 29an, eta 2021eko abenduaren 9tik 11ra eta aurtengo urtarrilaren 10ean. Hiru gertakariak independenteak izan ziren arren, bata bestearen atzetik izateak uholdeen eragina areagotu zuen. Etengabeko euriteek zorua asetu zuten eta egoera horrek arroen gainezkatzea azkartu zuen.

Jardunaldiaren irekieran, Tapia sailburuak iragarri du URAk amaitu duela IV. Fasearen eraikuntza proiektua, eta aurreratu du 2023ko urtarrilean jendaurrean jarriko dela Zadorra ibaiaren uholdeei aurre egiteko lanen proiektua, Gobeo eta Krispiña arteko tarterako. Adierazi duenez, “obrak 6,9m €-ko aurrekontua du eta 20 hilabeteko epea, eta Eusko Jaurlaritza 2023ko martxoan edo apirilean obrak lizitatzeko helburuarekin ari da lanean”. Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER) finantziazioa jasotzen du.

Zadorraren uholdeetatik babesteko obren IV. Fasean sartzen dira Gobeoren eta Krispiñako HUAren artean egin beharreko jarduketak. Astegietako herrigunean eta Apaolazako industrialdean ur goraldiari eusteko babesak eraikitzea da esanguratsuena. Zuatzu erreka ere bideratzen da; aireportuko pistaren hegoaldea ere uraldietatik babesten da, eta saneamendu-sarean eta udalerrira sartzeko errepidean esku hartzen da:

  • Astegieta: 1400 m inguruko luzera izango duen eta 2,48 m-ko altuera izango duen mota bat eraikiko da. Batez besteko altuera 1,88 metrokoa izango da, Astegietako herrigunea eta Apaolazako industrialdea babesteko helburuarekin. Halaber, Zuatzu erreka bideratzeko proiektua egin da, egungo trazadura aldatuz eta Zadorra ibaiaren meandro berreskuratuaren besora bideratuz. Meandro hori erabiltzen ez den merkataritza-gunearen hegoaldean dago, eta duela gutxi berreskuratu da.
  • Krispiña: proiektatutako babesaren bidez, 333 m inguruko luzera izango duen mota bat eraikiko da, gehienez 1,31 m-ko garaierarekin, eta batez besteko altuera 0,82 m-koa izango da.
  • Aireportuaren hegoaldean: 840 m inguruko luzera izango duen lubeta bat eraikiko da, 2,30 m-ko gehieneko garaierarekin, eta batez besteko altuera 1,51 m-koa izango da. Hegoaldeko zonaldea eta aireportuko pistaren azken zatitik babestu nahi da ur-goraldietatik (balizak dauden lekutik eta aireportua azpiegitura kritikotzat jotzen delako).

Arantxa Tapiak azaldu duenez, “dagoeneko ezin da barkamenik eskatu lehen aipatutako III. eta IV. faseetako obrei ekiteko”.

Aramangeluko meandroan, Zadorra ibaiaren ibilgu naturalaren egokitzapen hidraulikoa eta ingurumen-egokitzapena egiteaz gain, N-622 errepidean: uholde-ibilgu berria eta zubi berriak eraikiko dira. Horiek dira III. faseko eraikuntza-mugarri garrantzitsuenak:

  • Aramangelu: Aramangeluko meandroan, Zadorra ibaiaren ibilgu naturalaren egokitzapen hidraulikoa eta ingurumen-egokitzapena xede dute ibaiaren jatorrizko ibilgua berreskuratzea: N-622 errepidea eraikitzean deuseztatu baitzen. Hartara, hidraulikoki eraginkorrago jardungo da bai ur baxuetan,t baita uraldietan ere. N-622 errepidea eraikitzean, Zadorraren jatorrizko ibilgua deuseztatu zen Jurreko meandroan. Ibilgu hori zenbait tokitan buxatuta geratu zen; beraz, urak hartzen badu ere, ez dago ur-zirkulaziorik.

Proiektuak ibilgu zaharra berreskuratzea aurreikusten du, blokeatutako tarteak berriro irekiz eta N-622 eta N-I errepideen arteko lotunearen azpitik zulatutako pasabide bat eginez. Era berean, meandroaren ingurua lehengoratuko da, korridore biologikoaren funtzioa berreskuratuz, Aramangeluko meandro zaharrean dagoen ibaiertzeko landaredia zainduko da, eta ibaiertzeko landaredi-zerrenda berri bat eta sarbide mugatuko ibaiertzeko baso bat sortuko dira.

  • N-622: zubi berriak eta ubide berriak: N-622 errepideko bi galtzadek bao bakarreko eta 28 metroko argidun zubien bidez gainditzen dute egungo ibilgua. Horien ura husteko gaitasuna ez da nahikoa 500 urteko uraldirako. Hori dela eta, bi zubi horien ordez, 44,80 metroko argia duten bi baoko beste bi zubi jarriko dira, euskarri-ardatzen artean. Taularen zabalera 20,95 metrokoa da; izan ere, Arabako Foru Aldundiak bi galtzadetatik lau erreira zabaltzea aurreikusi du, eta oinezkoentzako bide bat sartzea.

Jardun horri esker, husteko ahalmena handitu ahal izango da, bostehun urteko uraldiaren emariek ez dezaten eraginik izan komunikazio-bideetan eta herriguneetan. Funtzionamendu hidraulikoa hobetzeko jarduerekin batera, proiektuak erriberako landaredi-zerrenda berri bat landatzea eta sarbide mugatuko ibaiertzeko baso bat sortzea jasotzen du.

Zadorra Hobetzen jardunaldia

Sailburuaren iragarpena Uraren Euskal Agentziak (URA) antolatutako Zadorra Hobetzen jardunaldiaren barruan egin da, Gasteizko Europa Jauregian, Gasteizko uholdeen kudeaketa herritarrei hurbiltzeko helburuarekin. Gasteizko uholdeen kudeaketa partekatzea da helburua, bizilagunak informatuz, kontzientziatuz eta haien zalantzak eta kezkak argitzen saiatuz.

Jardunaldiak Gasteizen Zadorrako uholdeen aurrean erresilientzia areagotzeko, hiriko ibai-eremu esanguratsu bat berreskuratzeko, sentsibilitate desberdinak kontrastatzeko eta partekatzeko, eta hiri- eta nekazaritza-bilbearekin bizikidetza harmonikoa sustatzeko jarduketek sortzen dituzten erronkak eta aukerak jorratu ditu. Jardunaldiak hiru mahai-inguru izan ditu:

Lehen mahai-inguruak Zadorraren uholde-arriskua gutxitzen inplikatutako administrazio publikoen ikuspegia hurbildu du, Gasteizko Udaleko, Arabako Foru Aldundiko, Uraren Euskal Agentziako eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoko ordezkarien eskutik.

Bigarren mahai-inguruak uholdeen alderdi sozioekonomikoa izan du ardatz, eta uholdeek hiri-, industria- eta nekazaritza-bilbean duten eraginari buruz eztabaidatu da. Arabako Nekazaritza eta Abeltzaintza Elkarteko (UAGA), Vitoria-Gasteizko Kontzejuen Elkarteko (ACOVI) eta Eusko Jaurlaritzako enpresa-arloak kudeatzeko eta sustatzeko SPRILUR sozietate publikoko ordezkariek osatu dute.

Hirugarren mahaiak fokua handitu du, eta arreta jarri du Zadorra sistemako uholdeen eta klima-aldaketaren aurrean erresilientzia handitzeko estrategien arteko harremanean.

Arantza Tapia sailburua jardunaldiaren irekiera hitzaldian