OSAKIDETZA, DATORREN ASTEAN, ZALLAN ESPEZIALITATEN GUNE BERRIA ERAIKITZEKO LANEKIN HASIKO DA
2022-05-13
Osakidetza, datorren astean, Zallan espezialitateen gune berria eraikitzeko lanekin hasiko da. Osasun Sailak eta Osakidetzak Bizkaiko osasun-azpiegitura berri horretara 13.861.887,57 euroko inbertsioa bideratuko dute; haren bidez, 30.000 pertsona baino gehiagori emango zaie arreta.
Eraikin berriak 7.856 m2-ko azalera eraikia izango du, eta gaur egungoa ordezkatuko du; gaur egungoak 750 m2 eraiki inguruko azalera du. Espazioaz gainera, azpiegitura Zallako tren-geltokiaren alboan egoteak irisgarritasun hobea eskainiko die herritarrei. Horrek funtsezko hobekuntza ekarriko du bai egungo asistentzia-arretaren baldintzetan, bai profesionalen lan-baldintzetan.
Zallako espezialitateen gune berriak hiru solairu izango ditu, eta, haietan, herritarrentzako zenbait espazio, familia-medikuntzako eta erizaintzako kontsultak, errehabilitazio-zerbitzuak, osasun mentaleko zerbitzua eta beste zenbait zerbitzu izango dira –endokrinologia, kardiologia, urologia…–. Eraikina, era berean, etengabeko arretarako gune izango da.
Zentro berriak egungoa ordezkatuko du; gaur egungoa udalerriko Euskadi plazan dago, eta 750 m2 eraiki inguruko azalera du.
Osasun-zentro berri hori eraikitzea, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuaren iritziz, beste urrats bat gehiago da Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak osasungintza-sistema “publiko, unibertsal eta kalitatezkoarekin” duen konpromisoan. Azpiegiturak modernizatzean, arretaren kalitatea hobetzen da, eta, hala, osasungintza-sistemaren zuzentasuna eta irisgarritasuna ere bai.