Ludopatiaren prebentziorako eta joko arduratsuaren arloko sentsibilizaziorako proiektuentzat dirulaguntzak eskatzeko epea irekiko da
2022-07-18
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian gaur argitaratu dira Euskadiko irabazi asmorik gabeko erakundeek joko patologikoaren prebentzio unibertsalerako, sentsibilizaziorako eta informazioa zabaltzeko jarduerak garatzeko dirulaguntza-deialdi berriaren oinarriak. “Prebentzio unibertsala” herritar guztiei zuzenduta egiten dena da, eta osasuna sustatuz gauzatzen da, jokoarekiko adikziozko jokabideen arazoaren berri eta orientazioa emateko.
Interesa duten erakundeek hilabeteko epea izango dute, bihar, uztailak 19, hasita, eskaera Eusko Jaurlaritzaren www.euskadi.eus webgune ofizialaren bidez aurkezteko, eta bertan eskuratu ahal izango dute prozedurari buruzko informazio guztia (izapidetzeko jarraibideak, ereduak, formularioa, etab.).
Deialdi berri hau herritarrek jakinaren gainean, arduraz eta parametro osasungarrien barruan joka dezaten lortzeko Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoaren baitan egin da. Helburu horrekin, 200.000 euroko dirulaguntzak emango dira Euskadin irabazi asmorik gabeko erakundeek jokoarekin zerikusia duten portaera arriskutsu eta problematikoen inguruan herritarrak sentsibilizatzeko egiten duten lanari eusten laguntzeko.