Jokin Bildarratzek XVIII. Eduardo Chillida Matematika-Olinpiadaren sariak banatu ditu

2022-06-03

  • Lehen lau sarituek Ingalaterran ingelesa hobetzeko egonaldia irabazi dute
  • DBHko 2. mailako 200 ikasle inguruk hartu dute parte aurten finalean

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Amaia Agirre Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariarekin batera, XVIII. Eduardo Chillida Matematika Olinpiadaren sariak banatu ditu gaur eguerdiz, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan burutu den ekitaldian. Sari banaketan izan da Luis Chillida ere, Chillida Fundazioko presidentea eta olinpiadari izena ematen dion eskulturagilearen semea.

2022ko edizio honetan, Euskadiko 87 ikastetxetako 2.000 neska-mutil inguruk hartu dute parte, denak ere DBHko bigarren mailako ikasleak (Arabako 17 ikastetxe, Bizkaiko 44 eta Gipuzkoako 26). Olinpiadaren lehen fasea parte hartu duten ikastetxeetan bertan burutu zen, eta irakasleek eurek hautatu zituzten finalera pasatuko ziren bi edo hiru ikasle onenak, zentroaren tamainaren arabera. Finala maiatzaren 14an burutu zen, hiru hiriburuetan, eta 200 neska-mutil inguru lehiatu ziren. Olinpiadan puntuaziorik altuena eskuratu duten 12 ikasleek dagozkien sariak jaso dituzte gaur, senitartekoak eta euren ikastetxeetako ordezkariak ere ekitaldian zirela.

Aurtengo saridunak hauek izan dira:

  1. Ubay Moll Ruiz                            IES Usandizaga BHI. Donostia
  2. Alexander Regalado Peña IES Arrigorriaga BHI. Arrigorriaga
  3. Intza Artola Etxebeste Orereta Ikastola. Errenteria
  4. Artur Voronenko Voronenko IES Miguel de Unamuno BHI. Vitoria-Gasteiz
  5. Paula Andrio Avendaño Pureza de Maria. Bilbo
  6. Erick Hernandez Cobos IES Usandizaga BHI. Donostia
  7. Daniel Lopez-Davalillo Ayucar San Viator. Vitoria-Gasteiz
  8. Maider De Sansiderio Enjuto Sra. de las Mercedes. Leioa
  9. Jokin Rivera Medina IES Eguzkitza BHI. Irun
  10. Ane Bilbao Olabarri Lauaxeta Ikastola. Amorebieta-Etxano
  11. Julen Jimenez Rodriguez Sra. de las Mercedes. Vitoria-Gasteiz
  12. Eneko Jorge Cabo  IES Miguel de Unamuno BHI. Vitoria-Gasteiz

Eduardo Chillida Matematika Olinpiadak hirugarren urtetik darama izen hau eskulturagile handiaren omenez, eta Euskadiko Matematika Irakaslen EIMIE 20+11 elkarteak antolatzen du, Hezkuntza Sailaren babesarekin.

Sariak banatzeko ekitaldian hitza harturik, ikasle irabazlean ezezik haien irakasle eta familiak ere zoriondu ditu Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak. Ildo horretan, irakasleek egiten duten lan handia nabarmendu du, ikasleen artean matematikarako zaletasuna pizteko edo ikasgai hori gazteen artean erakargarriagoa egiteko.

Bildarratzek Matematika Olinpiadaren helburuak ere hizpide izan ditu, baita berau garatzen den esparrua ere. Sailburuaren hitzetan, era honetako jarduerek aukera ematen dute matematikarekiko gozamenerako eta erronka txikiak gainditzeak eragiten duen gogobetetasunerako. Era berean, matematika eguneroko bizitzako esparru guztietan aplikatzen dela gogorarazi du. Horretarako adibide, pandemia garaiko hilabeterik gogorrenetan matematikari adituek egin dituzten proiekzioak aipatu ditu, horien arabera gizartean Covidek izango zuen eragina aurreikusi eta neurri egokiak hartzeko aukera izan dela azalduz.

Sariketak – sailburuak bertaratu diren ikasleei azaldu dienez – ezin hobeto egiten du bat Hezkuntza Sailak bultzatzen duen STEAM Euskadi Estrategiarekin, gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzea baita estrategia horren helburua. Horregatik, Olinpiada Matematikoaren irabazleak bide horretan jarraitzera animatu ditu.

Egonaldia Ingalaterran

Lehen lau sarituek, hala direla egiaztatzen duen diplomaz gain, Casio kalkulagailu zientifiko bana eta Ingalaterran hiru astez ingeles ikastaroa egiteko beka jaso dute. Gainera, lehen hiru sailkatuek ekainaren 23tik 26ra Albaceten egingo den Estatuko olinpiadan parte hartzeko eskubidea irabazi dute, Euskadiren ordezkari. Gainerako saridunek, diplomarekin batera Elkar liburu dendetan erabiltzeko 100 euroko txartel bana eta Casio kalkulagailu zientifiko bana jaso dituzte.

Aurten 18. ediziora iritsi den ekimenak, honako helburu hauek ditu:

  • Matematiken arloa ezagutaraztea, ikasle nahiz irakasleentzat dibertigarri izango den jardueraren bidez.
  • Ikasleen artean Matematikarekiko zaletasuna bultzatzea, problemak ebatziz.
  • Sormena, erabaki gaitasuna, pentsamendu dibergentea eta egoera berriei aurre egiteko eta ez ohiko problemak askatzeko gaitasuna piztea.

Sari banaketa ekitaldiaren ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateko Matematika Departamentuko Pedro Alegria irakasleak hitzaldia eskaini du “Magia olímpica: problemas matemáticos por arte de magia izenburupean (“Magia olinpikoa: problema matematikoak magia bidez”), olinpiadako irabazleentzat, hauen senitartekoentzat nahiz irakasleentzat.