Javier Hurtado sailburua: "Euskal merkataritza aldaketa-une batean dago, eta eredu digitalizatu eta jasangarriago baterantz jo behar dugu, tokiko nortasuna galdu gabe"
2022-05-26
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak euskal merkataritzaren diagnostikoarenaurkezpen-jardunaldia inauguratu du gaur, eta merkataritzaren sektoreko elkarteak eta ordezkariak izan dira bertan. Diagnostikoa 2030erako Euskal Merkataritzaren Estrategian aurrera egiteko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila egiten ari den lanaren aldez aurreko fasea da.
Diagnostikoaren oinarriak euskal merkataritza-sektorearen egungo egoera eta etorkizuneko estrategiaren definizioa lantzeko lerroak kontuan hartuta ezartzen dira. Euskadiko txikizkako merkataritzaren sektorea 23.100 bat establezimenduk osatzen dute, enpresa-establezimenduen % 14 inguru dira, beraz, eta guztira 82.130 enplegu sortzen ditu, biztanleria okupatu osoaren % 11.
“Eta ez diegu zifrei bakarrik begiratu behar”, gogoratu du sailburuak, “baizik eta baita gizartearen kohesioan duen rol ukaezinari ere”. Merkataritzak hainbat erronkari aurre egin die eta aurre egiten die, besteak beste, digitalizazioari eta kontsumo-ohituren eta ordainketa-moduen aldaketei. Horrez gainera, gizarte karbono gabetu eta jasangarrirako ingurumen-trantsizioan ere inplikatu behar du, bizitzeko modu eta balio berriak eta kontsumo arduratsua pautatzen ari baita. Eta, gainera, “biztanleriaren zahartzearen aurrean duen eginkizuna ere zehaztu behar du, adinaren kudeaketa gure gizartearen oinarrizko faktore bihurtzera behartzen baikaitu horrek”.
Agertoki horretan, Euskadiko merkataritzaren diagnostikoak, 2030erako Euskal Merkataritzaren Estrategiaren oinarriak ezartzeko balio duenak, joera batzuk hautematen ditu. Lehenik eta behin, merkataritza mosaiko-gizarte batean mugitzen da, eta bertan arraila digital handiak, ehuneko 80 puntutik gorakoak, dituzten 5 belaunaldi daude, eta zerbitzuen establezimenduek gero eta garrantzi handiagoa dute.
Bigarrenez, merkataritzaren joerak ikusita, beharrezkoak dira digitalizazioa eta omnikanalitatea, teknologia etengabeko bilakaeran murgilduta dagoen agertokibatean. Gaur egun gure merkataritzaren % 6k baino ez du erosketa-esperientzia omnikanala eskaintzen, nahiz eta establezimendu askok integratu duten bezeroekiko harreman birtuala (% 65etik gora), batez ere sare sozialen bidez.
“Dendek euren tokiko nortasunari eusteko aukera izan behar dute, baina, aldi berean, trantsizio teknologikora moldatzeko gai izan behar dute eta bezeroaren esperientzian txertatu behar dute”, azaldu du sailburuak.
Hirugarren joera hiriko habitataren aldaketa da, eta horrek rol berriak dakartza merkataritzarentzat. Joera da hiriak lagunkoiagoak izatea, eta, sailburuak azaldu duenez, “pertsonentzat eremu publikoa berreskuratu behar dela aldarrikatu behar dugu. Datuek erakusten dute jasangarritasun-neurriek eta herriguneak oinezkoentzat uzteak dei efektua eragiten duela kontsumitzaileen artean, eta horrek eremuaren aberastasuna eta errentagarritasuna areagotzeadakartza. Eta, gainera, onura zuzena eragiten die merkataritzari eta ostalaritzari, eta hau ere eremu horretan betetzen duen eginkizunera egokitzen joan beharko da”.
Eta, azkenik, jasangarritasunak eta kontsumo arduratsuak garrantzi handiagoa hartzen dute kontzientziatutako herritarren artean, baina oraindik ere urrats batzuk eman behar dituzte kontzientziazio hori erosketa-ohituretara eramateko.
“Merkataritza-politikak eta gure lankidetza publiko-pribatuaren eredua ere aldatu eta hobetu egin behar dira agertoki berri eta disruptibo horri erantzuna emateko.Eta horixe izango da gure lana estrategiaren hurrengo faseetan, eta zuen laguntza aktiboa eskatuko dugu”, esan du amaitzeko sailburuak, diagnostikoa aztertzeko jardunaldi teknikoari lekua utzi aurretik.