Gazteen alokairuari laguntzeko Gaztelagun programaren agindu berria (Gobernu Bilera 2022-04-26)

fotoconsejo.jpg

2022-04-26

Gobernu Kontseiluak 7,6 milioi euroko aurrekontu-estaldura baimendu du Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren mende dagoen eta 18 urtetik 35 urtera bitarteko gazteen alokairurako diru-laguntzak arautzen dituen Gaztelagun programarentzat. Bileran Iñaki Arriola sailburuak Gaztelagun programaren agindu berriaren edukiak azaldu ditu. Aginduak programan sar daitekeen pertsona-kopurua eta laguntza jasotzeko denbora zabaltzen ditu, azken kasu horretan hiru urteko gehieneko epa kendu eta 36 urtera arte zabaltzen baitu.

Aginduak sendotu egiten du programa, 2019an programa pilotu moduan abiarazi zena eta dagoeneko Eusko Jaurlaritzaren egiturazko programa iraunkorra bihurtu dena. Aginduan sartu diren berrikuntzek 2021-2023 aldirako Etxebizitzaren Gida Planean ezarritakoari erantzuten diote, alokairu eskuragarriak eta gazteen emantzipazioa sustatzeko ekintzak jasotzen baitira bertan. Horrez gainera, 2015eko Etxebizitzaren Legean ezarritako jarduketak ere barne hartzen ditu, bertan ezartzen baita alokairua dela euskal herritarrei bizileku duina eta egokia bermatzeko bide nagusia.

Araudia datorren maiatzaren 6an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, jarriko da indarrean, eta honako aldaketak sartuko ditu:

  • laguntza eska dezaketen pertsonen espektroa zabaltzen du, urteko gehieneko diru-sarrera gordinak igotzen baititu. Hauek 18.000tik 24.500era igotzen dira eskatzaile indibidualen kasuan, 24.500etik 30.000ra familien kasuan eta 28.000tik 32.000ra familia ugarien kasuan.
  • laguntzaren hileko gehieneko zenbatekoa lehengo 250 eurotik 275 eurora igotzen du, eta 2022an hori dagoeneko abian dago ekitaldi honetarako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Legean sartu izanari esker.
  • jasoko den gehieneko zenbatekoa errentaren % 60an ezartzen du –orain arte % 50a zegoen indarrean–.
  • urtebetetik sei hilabetera jaisten du gazte horiek egoitza Euskadin etenaldirik gabe izan behar duten denbora, lana edo ikasketa dela eta mugikortasuna aukeratzen dutenek laguntzak eskuratu ahal izan ditzaten.
  • baimendutako hasierako gehieneko errentaren zenbatekoa igo egiten da hiru hiriburuetan: Bilbo, Donostia eta Gasteizen 775 eurotik 800 eurora. Bilboko eta Donostiako metropoli guneetan eta 10.000 biztanletik gorako udalerrietan 750 euroan mantendu da eta gainerako herrietan 675 euroan.

Gaztelagun laguntza eskatu ahal izateko baldintzak dira: 18 eta 35 urte bitartean izatea, Euskal Autonomia Erkidegoan sei hilabetez etenaldirik gabe egoitza izatea eskaera egiten denean, etxebizitza baten jabea ez izatea, etxebizitza libre baten errentamendu-kontratu bat sinatzea, errenta banku-transferentziaren bitartez ordaintzea eta etxebizitza alokatzen duen pertsonak familia-loturarik ez izatea gaztearekin. Programa ez da bateragarria beste programa batzuekin, hala nola, ASAP edo Bizigunerekin, etxebizitza babestuen alokairua ordaintzearekin edo alokairua ordaintzeko beste diru-laguntza batzuekin –EGPO, EPE, alokairurako GLL– edo diru-sarrerak bermatzeko laguntzekin –DSBE, BGDS­–.  

2022n Gaztelagun programak 7,6 milioi euroko aurrekontua du, eta hasi zenetik Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 12 milioi euro ordaindu ditu programaren bidez gazteei emantzipatzen laguntzeko. Abian jarri zenetik, 4.000 bat gaztek jaso dute laguntza. Gaur egun 2.694 laguntza daude aktibo: 511 Araban, 1.379 Bizkaian eta 804 Gipuzkoan.  

Gaztelagun laguntza eska daiteke Zuzenean zerbitzuan, www.euskadi.eus webgunean eta Alokabideren webgunean: https://www.alokabide.euskadi.eus/gaztelagun/eu/