Eusko Jaurlaritzak egiaztatu du EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek alde bakarrez utzi dutela aurrekontuen negoziazioa, eta PP-Cs-ek bihar emango du bere jarreraren berri
2022-11-22
Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazuk hirugarren eta azken bilera egin du EH Bildu eta Elkarrekin Podemos legebiltzar-taldeekin, 2023ko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekonturako babesak zabaltzeko. Bi alderdiek aurrekontuen negoziazioa alde bakarretik bertan behera uzteko borondatea agertu dute. PP-Cs taldeari dagokionez, Eusko Jaurlaritza bere eskaintzari buruzko zenbait gai argitzen saiatu da, eta legebiltzar-talde horrek bere jarrera bihar azaltzeko konpromisoa hartu du.
EH Bildu
Azpiazuk berretsi du Eusko Jaurlaritzak egindako eskaintzak EH Bildurentzat nagusiki interesgarriak diren esparruekin —ekonomiari eta eskumenei lotutakoetan— lotuta zeudela, ahal zen neurrian.
Eusko Jaurlaritzaren ustez, negoziazioan aurrera egiten jarraitzeko adina oinarri zeuden, hala nola gazteen emantzipazioa edo energia-kontsumorako familiei zuzendutako laguntza bezalako esparruetan; hala ere, koalizioak ez du aukerarik eman horiek azaltzeko.
Azpiazuk oraindik lanean jarraitzeko tartea bazegoela esan du, iaz egin zen bezala, aurrekontu-ituna lortu ahal izateko.
EH Bilduk 450 milioi euroko proposamena aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzan, lekuz kanpoko kopurua. Eusko Jaurlaritzaren eskaintza 54 M eurokoa izan zen, konpromiso politikoekin batera, hala nola 2023ko urtarrilean zerga-hausnarketarekin hastea, edo Eusko Legebiltzarrak medikuntzako espezialitate guztietan egoiliarrak prestatzeko eskumenak autonomia-erkidegoetara eskualdatzea bultzatzea.
Sailburuak egiaztatu du aurrekontuen negoziazioetan kasu batzuetan baldintzak betetzen direla eta beste batzuetan ez, eta, kasu honetan, euskal aurrekontuarekin zerikusirik ez duten baldintzek markatu ahal izan dutela legebiltzar-talde horren jarrera-aldaketa.
Elkarrekin Podemos-EB
Talde horri dagokionez, edozein motatako hurbilketaren aurka agertu dira, lehen bileratik hauteman zitekeen bezala. “Gaur egun bizi dugun hauteskunde aurreko uneak ez die utzi urrats bakar bat ere ematen”, azaldu du Azpiazuk.
Hala, 511 M euroko proposamen kuantifikatu bat aurkeztu zuten, erabat neurrigabea eta Eusko Jaurlaritzaren jarduteko gaitasunetik kanpo, beren eskumen-esparrutik kanpo geratzen diren gai kualitatiboez gain.
Bileran argi utzi dute negoziazioa “eteteak” ez duela zerikusirik Hezkuntza Itunarekin, ezta joan den astean sortu zuten “eztabaidarekin” ere “Horretara heltzeko, ez zen hainbeste bira eman behar”, hausnartu du sailburuak. “Tamalez, aurten talde politiko horrek ere ez du erakutsi akordio bat lortzeko adore, heldutasun eta ausardia politikoa”, ondorioztatu du Azpiazuk.
PP-Cs
Talde popularrarekin izandako bilerak aurkeztutako eskaintzaren zenbait gai argitzeko balio izan du; hala ere, egia da talde horrek berriro eskatu dituela fiskalitateari lotutako neurri zehatzak. Eusko Jaurlaritzak, gainerako taldeei esan bezala, urtarrilean foru-aldundiekin batera hausnarketa fiskala egiten hasiko dela berretsi du.
“PP-Cs taldearen marra gorria fiskalitatea bada, orain arte azaldutakoarekin kontsekuente izan behar dugu, jakinda euskal erakundeok bi urte baino gehiago daramatzagula pandemia baten ondorioak, lehenik, eta gerra baten ondorioak, beranduago, euskal herritarrengan eta bertako ekoizpen-sarean arintzeko neurriak hartzen”. Eusko Jaurlaritzak adierazi du ez duela hiru taldeei eskainitakoaz gain beste urratsik emango arlo horretan.
Euskadi 2023 aurrekontuak
“Euskal Autonomia Erkidegoak aurrean ditugun erronkei aurre egiteko gai izango den aurrekontu bat izango du 2023an; izan ere, gehiengo parlamentarioa du horretarako, beraz, lasai”, zehaztu du Azpiazuk.
Aurrekontuak 14.250,7 M eurokoak dira, hau da, % 8,7 igo dira 2022an onartutakoarekin alderatuta, 1.142 M euroko gehikuntzarekin. Aurrekontu-proiektu horrek guztizkoaren % 76 (10.254,6 M euro) gizarte-politiketara bideratzen du, eta Osasuna eta Hezkuntza dira aurrekontu-gehikuntzarik handiena duten sailak.
Jaurlaritzak eutsi egin dio 1.800 M eurotik gorako inbertsio publikoaren (2022an baino % 14,8 gehiago) eta I+G+Bren aldeko apustu irmoari, % 12ko igoerarekin, 658,4 M eurora iritsi arte (2022an baino 70,6 M euro gehiago). Gainera, % 17 hartzen duen genero-berdintasunarekiko konpromiso irmoa ere jasotzen da, politika publiko guztietan ager dadin bilatuz.
“Aurrekontu-proiektu honen oinarriak oso sendoak dira eta euren kaudimenak bermatzen du Euskal Autonomia Erkidegoa gai izango dela bere zerbitzu publikoen mailari eusteko, jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta enplegua sortzeko, era horretan, bizi behar dugun egoera ekonomiko sozialari aurre egiteko”, ziurtatu du Azpiazuk.