Eusko Jaurlaritzak azaroan ordainduko die %1,5eko soldata igoera enplegatu publikoei
2022-10-21
- Mahai Orokorra sindikatuekin bildu da gaur negoziazio kolektiboarekin lotutako hainbat gai jorratzeko
- Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak antolaketa gaitasuna eta eskumena eskatzen ditu negoziazio kolektiboaren esparruari dagokion guztian
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorra Lakuan bildu da gaur Euskadiko Administrazio Publiko osoan (Administrazio Orokorra eta erakunde autonomoak, Hezkuntza, Osakidetza, Segurtasuna eta Justizia Administrazioa) lan egiten duten pertsonei buruzko negoziazio kolektiboa jorratu ohi duten sindikatuekin. Funtzio Publikoko sailburuorde Jose Maria Armentia izan da bileraren buru, eta harekin batera izan dira Funtzio Publikoko zuzendari Juan María Barasorda eta Lan Harremanen zuzendari Jon Agirre.
Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak deitutako bileran, Ogasun Ministerioak 2022an onartutako Funtzio Publikoaren %1,5eko soldata igoera aztertu da. Igoera hori indarrean zegoen %2ari gehituko zaio. Funtzio Publikoko ordezkariek jakinarazi dute soldata igoera hori datorren azaroan ordainduko dela. Neurri horren eragin ekonomikoa 80 milioi euro ingurukoa da. Neurriak sektore publiko osoari eragiten dio.
Funtzio Publikoko Sailburuordeak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak, aurkezten zaizkion aukera guzti-guztietan, beti eskatzen duela antolaketa gaitasun propioa eta negoziazio kolektiboaren esparruari dagokion guztian hitz egiten jarraitzeko eskumena. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak prozeduren kudeaketan autogobernurako eta antolakuntzarako duen gaitasuna defendatu du.
Gaur goizean Lakuan bildu den Mahai Orokorrak Autonomia Erkidegoko lan-kontratuko langile finkoentzako txanda-kontratuari lotutako erretiro partzialeko plana arautzen duen akordioa 2023ko abenduaren 31ra arte luzatzeko proposamena ere izan du hizpide.
Bileran zehar, lan baldintzen berrikuspena ere planteatu zaie sindikatuei, egoera energetikoaren arabera. Horretarako, hausnarketa partekatua proposatu da administrazio eraikinen erabilera arrazionalizatzeari buruz, herritarrei arreta bermatuko dieten antolaketa formulen bidez zerbitzu publikoak emateari buruz, eta energia aurrezteari buruzko prestakuntza eta sentsibilizazio neurriak bultzatzeari buruz.