Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Arrasateko Lezetxikiko aztarnategi arkeologikoa eta bere ingurua Babes Bereziko Kultura Ondasun deklaratzen duen dekretua, Gune Arkeologiko kategoriarekin.
Lezetxikiko eremu babestua Lezetxikiko kobazuloetan eta haren azpiko galerietan (Leibar eta Lezetxiki II) dauden interes arkeologiko eta palentologikoko aztarnategiek eta Lezetxikiko Harpeako babeslekuak osatzen dute, bai eta horiek etorkizunerako bermeekin babesteko behar besteko ingurunea ere.
Lezetxikiko arkeologia-gunea babesteko arrazoi nagusiak hauek dira:
- Lezetxikiko aztarnategi guztien sekuentzia estratigrafikoaren hedadura eta potentzia, batez ere Erdi Paleolitikoko eta Behe Paleolitikoko faseetarako, zeinak Erdi Pleistozenoko azken garaira arte heltzen baitira, duela 150.000 urte baino gehiagora arte, alegia.
- Bertan aurkitu izana euskal erregistro paleoantropologikoko giza hezurrik antzinakoena; zehazki, Homo Hiedelbergensis motakoa izan zitekeen emakume baten humeroa, zeinaren datazioak 164.000 urte inguruko antzinatasuna ematen baitu gutxienez. Gainera, bi hortz-pieza ere aurkitu dira, ziurrenik neandertalenak.
- Aztarnategiak euskal arkeologiaren historiarako duen balioa, bereziki 1956 eta 1968 artean José Miguel Barandiaranek zuzendutakoak, izan ere, historiaurreari buruzko ikerlarien belaunaldi oso bat aztarnategi horretan egindako indusketa-kanpainetan trebatu da, eta, 50 urte baino gehiagoan, guztiz modu aitzindarian, datazio absolutuko teknika berriak eta diziplinarteko azterlanak erabili izan dira hor.
Dekretua onartu ondoren, Arrasateko Udalak, eremuaren jabeak, Lezetxikiko Gune Arkeologikoa eta ingurua babesteko tresna sendoagoak izango ditu. Gainera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatuko du eremua, eta horren berri emango die Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Sailari eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari.
Eremu horietan baimenduko diren erabilerak zientifikoak eta kontserbazioaren arlokoak izango dira, bai eta ondasunari balioa ematearen ingurukoak ere, baina, azken kasu horretan, soilik zabalkundeari dagokionez.
Gaur onartutako dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.