Eusko Jaurlaritzak 5,6 milioi euro bideratuko ditu osasun-arloko ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzetara (Gobernu Bilera 2022-4-5)

fotoconsejo.jpg

2022-04-05

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak proposatuta, Eusko Jaurlaritzak osasun-arloko ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzetarako 2022. urteko deialdia —5.650.000 eurokoa— onartu du gaur.

Handitu daitezkeen laguntza horien helburua da pertsonen osasuna eta osasun-sistemaren jarduna hobetzen laguntzea, baita garapen sozioekonomikoa laguntzea ere, ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak garatuz, osasun-laguntza eta bizi-kalitatea hobetzeko. 

Zehazki, lau laguntza-ildo bereizten dira:

  • Osasun-arloko ikerketa-jarduera sustatzea I+G proiektuen bidez, osasun-sistemaren gaitasuna indartzeko eta osasun-sistemaren eta gizartearen eskaerei hobeto erantzuteko beharrezkoa den ezagutza sortzen eta integratzen laguntzeko.
  • Osasun-arloko ikerketa-jarduera areagotzea, jarduera kliniko-asistentziala duten langileek egindako I+G proiektuen edo jardueren bidez, I+G jardueretarako dedikazioa areagotzeko eta Euskadiko osasun-sisteman ikerkuntzaren kultura indartzeko.
  • Izaera estrategikoko osasun-ikerketa sustatzea, Euskadiko lidergo sanitariotik, lankidetzatik eta gaitasun zientifiko-teknologikoen aprobetxamendutik sortutako I+G proiektuen bidez —produktu, prozesu edo zerbitzu berrien balorizazioan eta garapenean aurrera egitea ahalbidetzen dutenak—, RIS3 ZTBP Euskadi 2030 estrategiaren ildotik.
  • Interes bereziko ekintza osagarriak, RIS3 Euskadiren 2030erako Zientzia eta Teknologia eta Berrikuntza Planaren helburuekin bat datozenak, Osasun pertsonalizatuaren esparruan.