Eusko Jaurlaritzak 2 milioi euro bideratuko ditu epresetan euskara lan hizkuntza bezala garatzeko Lanhitz deialdira (Gobernu Bilera 2022-7-12)

Argitalpen-data: 

fotoconsejo.jpg

Gaurko Gobernu Kontseiluak onartu duenez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2 milioi euroko aurrekontua erabiliko du EAEko sektore pribatuetako lantokietan 2022an euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko dirulaguntzetara (Lanhitz deialdia).

Aurreko urteetan ez bezala aurtengo deialdian ez da ezinbesteko baldintza izango enpresetan euskara plana egitea dirulaguntza jaso ahal izateko. Hori dela eta lau multzotan sailkatu dira diruz lagunduko diren jarduerak: 

  • Lehenengo multzoa (150.000 euro): entitatean euskara planik izan gabe euskararen erabilera edota presentzia sustatzeko jarduerak.
  • Bigarren multzoa (200.000 euro): entitatean euskararen egoeraren diagnostikoa egin eta euskara plana diseinatzea, eta, nahi izanez gero, abian jartzea ekintza solteak eginez.
  • Hirugarren multzoa (1.100.000 euro): entitatearen euskara plana eta urteko kudeaketa plana oinarri izanda, euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko jarduerak.
  • Laugarren multzoa (550.000 euro): entitateko euskara planak ibilbide luzea izanda, edo euskararen kudeaketan maila aurreratuan egonda, euskara planetik harantzagoko hizkuntza proiektu estrategikoak garatzea.

Diruz lagunduko diren jarduerak 2022an burutu beharko dira, beraz, 2022ko abenduaren 31ra arte eskaini, eman edo gizarteratu beharko dira. Eskariak aurkezteko epea hilabetekoa izango da irailaren 1etik aurrera.

2021eko deialdian guztira 112 enpresak jaso zuten beraien lantokietan euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko dirulaguntza.