Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeek berrikuntzako 97 proiektu europarretan hartzen dute parte

2022-04-07

  • Bilbon burutu den jardunaldian, Europako beste herrialde batzuetako ikastetxeekin lankidetzan garatzen ari diren proiektuak aurkeztu eta partekatu dituzte gaur

Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeen Erasmus+ proiektu europarrak zabaltzeko jardunaldian parte hartu du gaur goizean.

Bilboko Iberdrola Dorrean burutu den jardunaldian 150 pertsona inguru elkartu dira, Euskadiko Lanbide Heziektako 32 Ikastetxetako arduradunak, eta 2021-2022 ikasturtean Europako beste herrialde batzuetako Lanbide Heziketako ikastetxeekin lankidetzan garatzen ari diren berrikuntza-proiektuak aurkeztu dituzte, Erasmus+ KA2 programaren barruan. Lantaldetan antolatuta, beren proiektuak aurkeztu eta beste ikastetxe batzuetako kideekin partekatu dituzte.

Tknikak (Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroak) koordinatuta, Euskadiko ikastetxeek 97 berrikuntza-proiektutan hartzen dute parte ikasturte honetan, Europako beste bi ikastetxerekin, gutxienik, lankidetza elkarteak osatzen dituztela; hala ere, ohikoena lauzpabost ikastetxek proiektu berean parte hartzea izaten da. Datu horrek agerian uzten du Euskadi oso eskualde aktiboa dela Europan. Azken urteotan, ikasturtez ikasturte, euskal ikastetxeek parte hartzen duten berrikuntza-proiektuen kopuruak gora egin du, eta ikasturte honetako 97 proiektuetara iritsi da, orain arteko kopururik altuenera.

Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeek parte hartzen duten ia ehun proiektu horien artean askotarikoak daude, hala nola, pedagogia edo ikaskuntza-metodologia berrien ingurukoak, mugikortasun elektrikoa, jasangarritasuna, ekintzailetza edo errealitate birtuala lantzen dutenak, beste hainbaten artean.

Nazioartekotzea, euskal Lanbide Heziketaren funtsezko ardatzetako bat da. Gaur egun, Euskadiko Lanbide Heziketak harremanak ditu bost kontinenteetako ehun herrialde baino gehiagorekin, nazioarteko hainbat lankidetza-sareren bidez.