Euskadik eta Kantabriak lankidetza-hitzarmena sinatu dute osasun-laguntzaren arloan

2022-07-29

  • Iñigo Urkullu lehendakariak eta Miguel Angel Revilla Kantabriako presidenteak hitzarmena sinatu dute gaur goizean Lanestosan (Bizkaia)
  • Akordioak aldi baterako joan-etorrietarako edo beste autonomia-erkidegoko laguntza-teknikak edo -jarduerak behar dituzten kasuetarako laguntza jasotzen du

 

Iñigo Urkullu Renteriak, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta Miguel Angel Revilla Roizek, Kantabriako presidenteak, gaur goizean sinatu dute Lanestosan (Bizkaia) Euskadiren eta Kantabriaren arteko lankidetza-hitzarmena, bi erkidegoetako mugakide diren herrietako bizilagunei osasun-laguntza emateko araubidea arautzen duena.

Lehendakariak azpimarratu du hitzarmen honek osasun-zerbitzu publikoen printzipio eta helburuei erantzuten diela: zerbitzu sendoa, unibertsala, ekitatiboa, aurreratua, erabakitzailea, kalitatezkoa eta bikaintasunezkoa. “Bat gatoz garrantzitsuena zainketen asistentzia eta jarraitutasuna bermatzea dela, baliabidea Kantabriakoa edo Euskadikoa izan. Horrek esan nahi du protokolo batzuk adostu behar direla esparru honetan”, azpimarratu du.

Hitzarmenak aldi baterako joan-etorrietarako edo beste autonomia-erkidegoko laguntza-teknikak edo -jarduerak behar dituzten kasuetarako laguntza ere jasotzen du. Lankidetza-hitzarmen horrek barne hartzen ditu lehen mailako arretako, arreta espezializatuko, larrialdietako, osasun-garraioko eta larrialdietako arretako laguntza-eremuak, bai eta historia kliniko elektronikoa ere.

Era berean, sinatutako hitzarmena bi erkidegoek historia klinikorako, osasun publikorako eta ezagutzaren kudeaketarako irispidearen arloan eman daitekeen lankidetzara zabaltzen da.

Zehazkiago, lankidetza-esparru berriak Euskadiko pazienteentzako Kantabriako Osasun Zerbitzuaren bihotz- eta birika-transplanteen programarako eta Kantabriatik etorritako transexualentzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko genitalen berreraikuntzarako kirurgia-programarako sarbide-baldintzak ezartzen ditu.

Lehen mailako arretaren eremuan, hurbilen dagoena eta herritarrek gehien erabiltzen dutena, Valle de Villaverde udalerrian pediatria-adina dutenak Osakidetzako Zallako eta Balmasedako osasun-zentroetako pediatria-zerbitzuek artatuko dituzte.

Lehen mailako arretako larrialdietako arretari dagokionez, Valle de Villaverde udalerriko herritarrak Balmasedako EAGn (Etengabeko Arretako Gunea) artatuko dira, bai arreta medikorako bai erizaintzarako.

Eta Lanestosako udalerrian bizi direnak Ramales de la Victoriako lehen mailako arretako larrialdi-zerbitzuan artatuko dira, bai arreta medikorako bai erizaintzarako.

Amaitzeko, Lehendakariak ziurtatu du zerbitzuaren jarraitutasuna eta kalitatea bermatuta daudela, ez bakarrik mugakide diren erkidegoetan, baita lurralde osoan ere, eta udan ere bai, “hurbilekoa eta kalitateko zerbitzu publikoa”. "Egia da profesionalek atseden hartu behar dutela eta pandemia gure artean dagoela oraindik. Hala ere, oraingoz, pandemiaren eragina txikiagoa da pazienteentzat, eta, gainera, asistentziaren eskaria jaitsi egiten da, batez ere arnas gaixotasunetan”, azaldu du. Hala, aukera baliatu du zuhurtziarako deia egiteko, bereziki pertsona zaurgarrienei.