Euskadi leku nabarmenean dago zoriontasunaren munduko rankingean
2022-02-24
- Eusko Jaurlaritzak azterlan bat argitaratu du, euskal biztanleek beren ongizateaz duten pertzepzioa aztertzeko
- Zoriontasunari buruzko Nazio Batuen txosten batekin alderatuta, Euskadi munduko sailkapenaren 13. tokian egongo litzateke.
- Euskal herritarren %71k konfiantza du etorkizunean
Euskal herritarrek zoriontasun-maila handia erakusten dute eta beren bizitzarekin oso edo nahiko gustura daudela adierazten dute (hamar pertsonatik 9), Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak gaur plazaratu duen azterlan baten arabera. Abenduaren amaieran egin zen azterlana, eta Nazio Batuek zoriontasunari buruz argitaratutako World Happiness Report txostenaren aldagai berberak aztertu ziren. Txosten horrekin alderatuta, Euskadi 13. postuan egongo litzateke munduko rankingean, Finlandia, Islandia, Danimarka, Suitza eta Herbehereen atzetik.
Gainera, euskal biztanleen % 71k konfiantza du etorkizunean. Horrela, eta egungo pertzepzioa eta etorkizuneko itxaropenak uztartuta, inkestatutako pertsonen % 45ek uste dute bere egoera bost urtera hobetuko dela, % 29k uste dute egungo mailari eutsiko diola eta % 19k bere egoerak okerrera egin dezakeela.
Eusko Jaurlaritzaren lanaren oinarria izan da euskal biztanleriak norberaren ongizateari buruz duen pertzepzioa aztertzea eta ongizatea eta zoriona azaltzen duten aldagaiak identifikatzea. Ildo horretan, azterlanak ondorioztatu du norberaren ongizatea neurri handiagoan azaltzen dela kontu pertsonalekin zerikusia duten faktoreen bidez testuinguruari lotutakoekin baino; eta, bereziki, osasunarekin, diruarekin/lanarekin, familia/bikotekidearekin eta emozioekin lotutakoekin.