Emakumeek alardean berdintasunez parte hartzea aldarrikatuko du Emakundek bihar Hondarribian

2022-09-07

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta Zuriñe Elordi idazkari nagusia Hondarribiko Alardearen ospakizunean izango dira bihar, osteguna, irailaren 8an. Emakundek, bere presentziarekin, emakumeek berdintasunean parte hartzen duten Jaizkibel konpainiaren desfileari babesa emango dio, “gizarteak inoiz baino indar handiagoz aldarrikatzen eta eskatzen duelako emakumeen eta gizonen berdintasuna, eta tradizioak, gizarte-kohesiorako funtsezko elementuak izanik, garai berrietara egokitu behar direlako kohesio hori sustatzen jarraitzeko”, Landaidaren hitzetan.

Emakundeko zuzendariak gogorarazi du Jaizkibelek 25 urte daramatzala festan berdintasuna aldarrikatzen, eta eskerrak luzatu dizkio bere konstantzia eta konpromisoagatik. Testuinguru horretan, garrantzitsua iruditzen zaio gero eta jende gehiagok parte hartzea konpainia horretan eta itxaropentsua, halaber, joan den ostiralean Hondarribiko auzokide ugarik egindako erakusketa publikoa, herriko “Guztion alardea” izeneko gazte-elkartearen deialdia babestuz. Elkarte horrek guzti-guztion alardea aldarrikatzen du, garai berriekin bat etorriz. Landaidaren ustez, funtsezkoa da Hondarribiko jaia berdintasunera bultzatzen duen prozesua “Hondarribiatik bertatik bultzatzea, eta, gazteek argi eta garbi ikusten dute hori”. Beraz, haren ustez, “funtsezkoa da alardeetan parte hartzen duten eragileek, Udaleko talde politiko guztiez gain, baita herritarrek ere, hasitako bide horretatik aurrera egitea bultzatzea”.

Izaskun Landaida zuzendariak gogorarazi du “beste herri batzuk beren tradizioak egokitzen ari dira garai berrietara eta berdintasunera egokitzeko” eta honek ez duela suposatzen tradizioaren kontra joatea, baizik eta tradizioa aberastea, eta honen iraupenerako estrategia bat ere bada.

Azaldu du argi ikusten dela euskal udalerriak jaietan berdintasunerantz urratsak egiten ari direla Emakundek bultzaturiko honako ikerketan: Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jaietan emakumeek parte hartzeko estrategiak txostenean, zeinetan EAEko bederatzi herritan (Gasteiz, Amurrio, Laudio, Bilbo, Berriz, Gernika, Donostia, Tolosa eta Antzuola) egindako aldaketa-prozesuak aztertzen diren. «Espero dugu azterlan honetan jasotako esperientziak pizgarri izatea beste herri batzuek ere jaiak gure garaiko errealitate sozialera egokitu ahal izateko», adierazi du Emakundeko zuzendariak. Haren hitzetan, jaien eguneratzea, berdintasunari eta justizia sozialari dagokionez ezinbestekoa da, emakumeek, mugimendu feministak eta, oro har, gizarteak eskatzen duten bezala.