EGEF EPEren 11. Jarraipen Batzordea egin da, idatzizko prozeduraren bidez

2022ko maiatzean prozedura idatziaren bidez egindako 11. Jarraipen Batzordean, 2021eko Urteko Betearazpen Txostena (UBT) aurkeztu zen onartzeko -herritarrentzako txostenarekin eta komunikazio-eranskinarekin batera-, bai eta programa aldatzeko proposamen berria ere. Batzordeak bi dokumentuak onartu zituen.

EAEko 2014-2020 EGEF Programa Eragilea 179,1 milioi euroko laguntza programatuarekin hasi zen, EAEn hazkunde adimenduna, jasangarria eta integratzailea lortzera zuzendutako jarduketak gauzatzeko. COVID-19aren pandemiaren ondorioz, eta erregelamendu-aldaketei eta Europako erakundeek sartutako malgutasunei esker, Europako Batzordeak REACT-EBetik datozen 319,1 milioi euro gehiago programan sartzeko baimena eman zuen, pandemiari aurre egiteko osasun-gastua finantzatzeko; hiri-mugikortasun jasangarriko proiektuetarako; eraikin publikoetako energia-eraginkortasunerako; ibilguak lehengoratzeko; saneamendu-sareak bideratu eta hobetzeko, azpiegituretan inbertsioak egiteko; hezkuntzaren eta osasunaren arloetan instalazioak eta ekipamenduak egiteko, eta IKTen bidez zerbitzu publikoak modernizatzeko. Ondorioz, oraingo programan programatutako EGEF laguntza 498,2 milioi eurora iritsi da.

2021eko Urteko Betearazpen Txostenetik ondorioztatzen denez, 2021eko abenduaren 31n gauzatuta zegoen programatutako hasierako zenbatekoaren % 96a, hau da, 179,1 milioi euroetatik 171,9. Programan sartutako REACT-EB baliabide gehigarriak ere kontuan hartzen baditugu, betearazpena % 35ekoa da. Covid-19ak larriki markatutako 2021eko ekitaldian, justifikatutako proiektuek ia 94 milioi euroko inbertsioa ekarri zuten: pandemiari aurre egiteko ekipamenduetan eta osasun-materialean egindako inbertsioak izan ziren (Norbera Babesteko Ekipamenduetan –NBE– 184 milioitik gora erabili ziren); ikerketa eta garapen teknologikoa sustatzera bideratutako jarduketak; teknologia horiek eskuratzeko informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) erabilera eta kalitatea hobetzera bideratutakoak; enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzera zuzendutakoak; karbono gutxiko ekonomiara igarotzen laguntzera; uholde-arriskuak prebenitzera; ingurumena zaintzera eta babestera; eta baliabideen eraginkortasuna sustatzera bideratutakoak.

Jarraipen Batzordean, programan aldaketa txikia egitea ere proposatu zen, 4. ardatzetik 1. ardatzera 1,5 milioi euro berriro esleituz, pandemiari aurre egiteko osasun-gastu handiagoa ziurtatzen jarraitzeko. Aldaketa hori Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Europako Funtsen Zuzendaritza Nagusiak onartu du, eta Europako Batzordeari jakinarazi zaio. Halaber, Batzordeak 2021eko Urteko Betearazpen Txostena ere onartu zuen, eta Europako Batzordeari bidali zaio onar dezan.