- Gaztelaniazko Literatura, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz kategorietako Euskadi Literatura Sariak jasoko dituzte
- Pasa den astean iragarri ziren gainontzeko hiru saridunak: Uxue Apaolaza, Leire Bilbao eta Maite Mutuberria
- Lehenengoz emakumezkoak dira saria jasoko duten zazpi irabazleak eta lehenengo aldia da baita Gaztelaniazko Saiakerako saria emakumezko batek jasoko duena
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak gaur goizean eman ditu ezagutzera Euskadi Literatura sarietako aurtengo gainontzeko lau irabazleen izenak. Bilboko Bidebarrieta Liburutegian egin den agerraldian Gaztelaniazko Literatura, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz kategorietako Euskadi Literatura Sariak jasoko dituzten 2022ko irabazleak eman dira ezagutzera:
- Gaztelaniazko Literatura: Edurne Portela Camino, Los ojos cerrados (Galaxia Gutenberg)
- Euskarazko Literatura Itzulpena: Koro Navarro Etxeberria, Fiesta Eguzkia jaikitzen da (Ernest Hemingway) (Erein&Igela)
- Saiakera Euskaraz: Irati Jimenez Uriarte, Begiak zabalduko zaizkizue (Elkar)
- Saiakera Gaztelaniaz: Teresa Maldonado Barahona, Hablemos claro (Catarata)
Pasa den astean iragarri ziren gainontzeko hiru saridunak eta beraz, aurtengo zazpi irabazleen izenak ezagutzen dira. Uxue Apaolazak jasoko du Euskarazko Literatura saria Bihurguneko Nasa lanagatik (Susa), Leire Bilbaok Euskarazko Haur eta Gazte LIteraturakoa Barruko hotsak (Pamiela) liburuagatik eta Literatur Lanaren Ilustrazioaren Euskadi Literatura saria Maite Mutuberriak jasoko du Irrimola (Ikaselkar) liburuagatik.
Aurtengo zazpi saridunak, denak, emakumezkoak dira. Euskadi Literatura Sariak banatzen hasi zirenetik lehenengoz dira zazpi saridunak emakumeak. Horrez gain lehenengo aldia da Gaztelaniazko Saiakerako saria emakumezko batek jasoko duena.
Epaimahaiarentzat Edurne Portelaren Los ojos cerrados lana “nobela korala da, non ahotsek, errealitatea ulertzeko moduek eta hizkuntzek mikrokosmos bat eraikitzen duten, non kalteak belaunaldiz belaunaldi heredatzen diren, baita isiltasunak, konplizitateak eta lotsak ere”. Epaimahaiko kideen ustetan Portelak “kontatutakoaren eta kontatu gabekoaren arteko tentsioa sortzen duen ikuspuntu joko aberasgarria ezartzen du, eta orainaren eta iraganaren arteko elkarrizketa proposatzen du, erruari eta barkamenari buruz hausnartzeko”. Txani Rodriguezek, Javier Maurak, Aixa de la Cruzek, Jesus Camarerok eta Patricia Millanek osotu dute Gaztelaniazko LIteraturako aurtengo epaimahaia.
Bestalde Euskarazko Literatura Itzulpenaren kategoriako epaimahaiak uste du Koro Navarrok liburuak duen balio literario handiari erantzuteko, jatorrizko testuaren indarra eta bizitasuna ez galtzeko erabaki egokiak hartu dituela, “euskarak dituen baliabide berezkoak baliatuta. Nabarmentzekoak dira elkarrizketen tonu egokia, erregistroa eta ahotsen txandakatzeak nola jaso dituen, eta bestelako pasarte narratibo eta deskriptiboen jarraipen erosoa, prosaren soiltasuna, zehaztasuna eta eraginkortasuna”. Aintzane Ibarzabalek, Idoia Gilleneak eta Idoia Santamariak osotu dute Euskarazko Literatura Itzulpenaren Euskadi Literatura saria erabaki duen epaimahaia.
Irati Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue lanak Euskadi Literatura Saria jaso behar duela erabaki duen epaimahaian Alexander Gurrutxagak, Ane Miren Larrinagak, Aitor Zuberogoitiak, Katixa Agirrek eta Xabier Aierdik parte hartu dute. Beraien erabakian Jimenezen liburuak “hipotesi ausartak” proposatzen dituela azpimarratu dute eta gaineratu dutenez “testuak badu probokaziotik ere, eta nahi duenean badaki politikoki zuzena ez izaten. Aipagarria da irakurleari etengabe interpelatzeko egiten duen ariketa, honengan gogoeta sorraraziz. Liburuaren tonuak literaturarekiko pasioa, maitasuna eta grina transmititzen ditu, eta estilo aldetik landua eta pertsonala da”.
Azkenik Gaztelaniazko saiakerako epaimahairentzat Teresa Maldonado “estilo bereziki zehatz eta argiarekin, gai konplexu eta polemiko bat modu zehatz eta errazean baina zehaztasunez heltzeko gai da, une oro jarrera neurtua eta azalpen-argitasuna erakutsiz, eztabaida hauetan ohikoa ez dena. Presarekin oso bateragarriak ez diren ekintzak irakurtzera, pentsatzera eta deliberatzera bultzatzen du”. Mikel Reparazek, Iñigo Maraurik, MªJesus Pandok, Ainhoa Novok eta Javier Camarrak osotu dute Gaztelaniazko Saiakerako epaimahaia.
Sariak
Euskadi Literatura Sariak 2022 datorren azaroaren 24an banatuko dira Donostiako Tabakalera Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroan. Zazpi irabazleek Iñigo Urkullu Lehendakariaren eskutik jasoko dituzte sariak.
Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada. Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.