Bilbo estatuko hiru hiri seguruenetako bat da, eta seguruena da delitu larrienei dagokienez
2022-03-29
- Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak urian erregistratutako delituak % 10,08 jaitsi ziren 2019ko erreferentziatzat hartuta, alderagarria den azken urtea; izan ere, 2020an, osasun-egoerak eta pandemiaren eragina geldiarazteko ezarritako neurriek baldintzatutako datu partzialak eskaintzen ditu.
- Ia ez dago delitu-tipologiarik pandemiaren aurreko datuetara heltzen dena. Alde horretatik, behera egin dute bai pertsonen aurkako delituek, bai ondarearen aurkako delituek, tipologia guztietan (indarkeria eta larderia erabiliz, etxeetan, establezimenduetan..., ebasketez gain).
- Delitu guztien beherakada hori gorabehera, 2021ean ia % 3,99 handitu zen atxiloketen kopurua 2019arekin alderatuta, eta horrek esan nahi du bi polizia-kidegoen eraginkortasun handiagoa dagoela gertakari guztien konponketan.
- Bilbo, oraindik ere, Estatuko uririk seguruenetako bat da, bai bera osoa kontuan hartuta, bai bere hiri-eremu funtzionalak kontuan hartuta. Eta seguruena da, lapurretaren arau-haustea delituen kopuruetatik kentzen bada.
- Koordinazio eta prebentzio aktiboa dira, oraindik ere, Bilboko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren baterako estrategiaren oinarriak, gure hirian beheranzko joera sendotzeko eta herritarren artean segurtasun-pertzepzioa handitzeko.
Bilbo, 2021ean, estatuko hiru hiri seguruenetako bat da – berez eta erreferentziazko biztanleria-eremu desberdinetan –; seguruena da ebasketak baztertzen baditugu eta deliturik larrienei eta alarma sozial handiena eragiten dutenei erreparatzen badiegu.
Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak elkarrekin egindako delitu estrategikoen azterketaren arabera, uriko delituen tasa % 10,08 jaitsi zen iaz, 2019an erregistratutako datuekin alderatuta. Hau da, alderagarria den azken urtea, kontuan hartzen badugu osasun-egoerak eta pandemiaren eragina geldiarazteko ezarritako neurriek baldintzatzen dituztela 2020ko datuak.
Kopuru absolutuetan, 2021ean 25.949 delitu izan ziren, 2019an 28.858 eta 2020an 22.234.
Ia ez dago delitu-tipologiarik pandemiaren aurreko datuetara heltzen dena.
- Pertsonen aurkako delituak, urtearekin alderatuta, %13,7 jaitsi baitziren. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak mota horretako 2.393 delitu-egitateren berri izan zuten 2021ean, 2020an 2.067 eta 2019an 2.773.
Datu esanguratsuenak banakatuta, eta 2019ko erreferentzia modura hartuta, sexu-erasoak % 40 jaitsi dira (34 salaketa 2021ean, 35 2020an eta 58 2019an). Familia barruko ohiko tratu txarrek ere behera egin dute, neurri txikiagoan bada ere (% 7,58). Ildo horretan, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak 719 salaketa erregistratu dituzte 2021ean, 711 2020an eta 778 219an.
- Ondarearen aurkako delituak, 2019. urtearekin alderatuta %12,24 jaitsi baitziren. Mota horretako delituak 20.570 izan ziren 2021ean, 16.793 2020an eta 23.440 2019an.
Ildo horretan, adibidez, indarkeriaz eta intimidazioz egindako lapurretei buruzko salaketak ez dira iristen 2019ko datuetara, eta % 6,98 murriztu dira aipatutako ekitaldikoekin alderatuta (1.053 2021ean, 669 2020an eta 1.132 2019an).
Eta ebasketen kopuruak oso urrun daude 2019an erregistratutakoetatik, eta ekitaldi hartan salatutakoak baino %,46 baxuagoak dira.
Hain zuzen ere, duen eraginagatik, 2021ean ebasketa izan zen deliturik ohikoena – 11.364 aldiz salatua –, eta, ondoren, iruzurrak – 3.138 salaketa – Eta hirugarrenik, gauzen indarrezko lapurretak (etxebizitzetan, enpresetan, dendetan eta beste leku itxi batzuetan egindako lapurretak barne). Horietatik 2.318 delitu izan ziren iaz.
Delituak horrela gutxiturik ere, nabarmendu beharrekoa da Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzainek 2021ean egindako atxiloketen kopurua igo egin dela. Zehazki, % 3,99 gehitu dira, eta 2.893 pertsona izan dira atxilotuak (2019an, 2.782 pertsona izan ziren, eta 2020an, 2.718).
DELITUAK BARRUTIEN ARABERA
2019rekin alderatuta, barrutien araberako balantzeak adierazten du delituak uriko zortzi barrutietatik lautan murriztu zirela 2021ean: Abandoko 6. Barrutia (-% 18,6), Ibaiondoko 5. Barrutia (-% 18,1), Basurtu-Zorrotzako 8. Barrutia (-% 17,5) eta Otxarkoaga-Txurdinagako 3. Barrutia (-% 5,6).
Ostera, erregistratutako delituak pixka bat igo ziren beste lau barrutietan: Deustu (% 8,1), Uribarri (% 15,2), Begoña (% 1) eta Errekalde (% 5,6).
HIRI-EREMU FUNTZIONALAK
Bilbo da, oraindik ere, Euskadiko uririk seguruena eta Estatuko seguruenetako bat, bere kabuz eta aztertutako biztanleria-eremuetan – hiri-eremu funtzionalak –.
Udalerriko delituen errealitatearen azterketa zehatza egiteko eta hiri batzuen eta besteen datuak alderatzeko, bakoitzaren metropoli-eremuak hartzen dira erreferentziatzat. Hori kontuan hartuta, hiru HEF sailkapen egiten dira biztanleria-bolumenaren arabera: milioi bat baino gehiago, 500.000 eta 300.000 biztanle, hurrenez hurren. Eta, horietako bakoitzean, ezagututako delituen guztizkoa eta gertaerarik gabeko delituen guztizkoa bereizten dira, delitu estrategiko deitutakoen bilakaeraren ikuspegi argiagoa izateko.
Gainerako HEFen aldean sakonduz, Bilbo beti dago posturik onenean delitu larrienei eta gizartean alarma handiena eragiten duten delituei dagokienez, hau da, ebasketarik gabeko delituei dagokienez. Eta soilik biztanle gutxiagoko udalerriekin konparatzean eta delitu guztiak kontuan hartuta uzten du postu hori, baina beti mantentzen da lehen hiru postuetan.
Milioi bat biztanle baino gehiagoko hiri-eremuei dagokienez, Bilbok aurreko urteetako joerarekin jarraitu du, lehen postuan, bai ebasketarik gabeko delituetan, bai ebasketadun delituetan.
500.000 biztanletik gorako hiri-eremuei dagokienez, eta delitu guztien kopuruari dagokionez, Bilbok eta haren inguruak hobera egin dute, eta 2020ko bigarren postuari eutsi diote. Balantzeak, ebasketak alde batera utzita, gure uria eta haren HEFa jartzen ditu lehen postuan.
Azkenik, 300.000 biztanletik gorako HEFetan, Bilbo 7. postuan zegoen 2019an, delitu guztien kopurua erreferentziatzat hartuta. Sailkapen horretan, hirugarren postura igo zen 2020an, eta 2021ean mantendu zen. Donostia zazpigarren postuan dago, Iruña 13an, eta Gasteiz 17. postuan.
Ebasketarik gabeko delituei erreparatzen badiegu, Bilbo da oraindik ere estatuko hiririk seguruena biztanleria-tarte horretan.
BATERAKO ESTRATEGIA: PREBENTZIOA, KOORDINAZIOA, INFORMAZIOA ETA ANALISIA
Ertzaintzaren eta Bilboko Udaltzaingoaren baterako estrategia funtsezko bi premisa hauetan oinarrituta ezartzen da: polizia-koordinazioa eta delituen prebentzioa.
Auzoetan patruilen lana indartzen jarraitzea, bai autoz, bai oinez, herritarren segurtasun-pertzepzioa areagotzeko eta herritarrek segurtasunaren arloan dituzten beharrei erantzuteko, baita giza baliabideak, baliabide teknikoak eta materialak hobeto aprobetxatzeko eta salaketa jarri zenetik azkar jarduteko ere, bi kidegoen helburu nagusietako batzuk izan dira eta dira oraindik ere.
Behar den lekuan eta unean egotea, polizia-agenteak egunez egun berregokituz, laguntza, ikerketa eta patruilatze lanak koordinatzeko lankidetza indartuz, horiek ere polizia-estrategiaren parte dira.
Delituen prebentzio aktiboa da, kalean ikus daitezkeen jarduketetatik eta herritarrekiko elkarrizketatik abiatuta, nabarmendutako beste kontu bat.
Prebentzio aktibo hori adimen eta ikerketa kriminal eraginkorrek babesten dute. Horren adibide dira agintaritza judizialaren esku jarritako atxilotuen eta ikertuen kopuruak.
Gainera, prebentzioaz ari bagara, nabarmendu behar da 2020ko abenduan amaitu zela uriko segurtasunaren arloko hamalau Auzo Tailerrak abian jartzeko prozesua. Konpromiso hori Bilboko Segurtasunaren aldeko Itunaren barruan kokatzen da, eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek aho batez sinatu eta babesten dute.
Tailer horien barruan, 2021ean 91 kasu berri ireki dira (hilean 7,6 kasu berri). Urte amaierarako 62 itxi ziren, eta horietatik ia % 100 (58 guztira) ebatzita geratu dira.
Gainera, 91 kasu horietatik, % 56 bizikidetza-gatazkekin lotutako gaiei dagozkie.