Otsailak 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira, Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiko unibertsitateetan zientzien adarrean matrikulatutako eta graduatutako ikasleei buruzko datuak plazaratu nahi ditu.
2019/2020 ikasturtean (hori baita Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, Unibertsitateko irakaskuntzari buruz argitaratu duen azken datua) 1588 emakume matrikulatu ziren zientzien adarreko graduren bateko edozein kurtsotan Euskadin. Azken urteetan zientzien adarreko graduetan matrikulatzen diren emakumeak gizonak baino gehixeago dira, baina aldea ez da handia.
Ikasturte horretan (2019/2020) 295 emakumek bukatu zuten zientzien adarreko graduren bat Euskadiko unibertsitateetan, ordura arte izandako kopururik altuena. Beraz, zientzien graduetan graduatutako ikasle guztien % 54,0 emakumeak ziren.
2013/2014 ikasturtetik 2019/2020 ikasturtera arte izandako bilakaera aztertuz gero, ikus dezakegu zientzien adarreko graduren bat bukatu dutenen artean emakumeen proportzioa gizonena baino handiagoa dela beti.
Zientzien adarreko graduetan matrikulatutako eta graduatutako emakumeen arteko proportzioa kalkulatuz gero, gizonena baino handixeagoa dela ikus dezakegu, beraz, ondoriozta dezakegu emakumeek zientzien graduak gizonek baino neurri handiagoan aukeratu ez ezik, bukatu ere neurri handiagoan egiten dituztela.
Sailkapen ofizialaren arabera, zientzien adarreko graduak hauek dira: Biologia, Biokimika eta Biologia Molekularra, Bioteknologia, Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Ingurumen Zientziak, Fisika, Geologia, Matematikak eta Kimika. 2019/2020 ikasturtean horietako gehienetan emakume gehiago graduatu ziren, gizonak baino; salbuespenak Fisika eta Geologia graduetan gertatu ziren, kasu horietan gizonezko tituludunak emakumezkoak baino gehiago baitziren.
Edozelan ere, 2019/2020 ikasturtean Euskadiko unibertsitateetan graduatu ziren emakume guztien artean, zientzien adarreko graduren bat bukatu zutenen ehunekoa % 5,0 baino ez zen.