530 enpresak bat egin dute Euskadiko Turismoaren Kode Etikoarekin

2022-05-23

  •  Iñigo Urkullu lehendakariak eskertu egin du euskal turismo-sektoreak bere gain hartu duen konpromisoa, erantzukizun soziala eta ingurumen- eta ekonomia-jasangarritasuna bere gain hartu baititu eguneroko jardunean.
  • Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak azaldu duenez, erakutsi dugu turismo-industria eraiki dezakegula erantzukizunaren eta jasangarritasunaren helburua begi bistatik galdu gabe.

Gaur, Euskadiko turismo-sektoreko 530 erakunde eta profesionalek egindako lana aitortu da, Euskadiko Kode Etikoa osatzen duen prestakuntza- eta konpromiso-ibilbidea osatu baitute. Horrela, 530 erakunde horiek Euskadiko Turismo Etikaren Erregistroan sartu dira. Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa Turismorako Munduko Kode Etikoaren egokitzapena da, gure kulturaren eta nortasunaren berezko ezaugarrietan oinarrituta eta 2030 Agendan ezarritako Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetan oinarrituta. 

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Basquetourren bitartez, eraldaketa jasangarri eta arduratsua egin du euskal turismo-lehiakortasunaren gainean, eta eredu bakar batean sartu ditu orain arte banaka landutako konpromiso-tresnak (Helmugen Kalitateko Jardunbide Egokien Programa, Smart Business Konpromiso Programa, IKTak erabiltzeko Jardunbide Egokiak, Europako Ekoetiketa Programa eta Irisgarritasunarekiko Konpromiso Programa).

Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu du puntu honetara heltzeko bidea luzea izan dela eta konpromiso partekatu askoren emaitza: “2015ean, Turismoaren Munduko Goi Bilera egin zen Gasteizen, eta, ordutik, Euskadik turismo arduratsu, etiko eta jasangarriaren alde lan egiten du. Kode horrek aukera eman digu munduko konpromisoak Euskadiren identitatera eta kulturara egokitzeko”.

Javier Hurtado sailburuak, bestalde, azpimarratu du “Euskadi hazkunde iraunkor eta jasangarriko helmuga dela orain. Azken hamarkada honetan erakutsi dugu industria turistikoa eraiki dezakegula gure garapenean erantzukizunaren eta jasangarritasunaren helburua begi bistatik galdu gabe, eta hori gure enpresen lehiakortasunaren bermatzaile dela. Industria horrek zuzenean ematen die lana Euskadiko biztanleen % 10i, 100.000 familia baino gehiagori, eta BPGaren 6,4 da. Industria hori, gainera, gure kulturaren eta gure balioen isla da, Euskadi anitzarena, heterogeneoarena eta abegikorrarena. Horregatik, turismo horrek trakzio-elementu eta kohesio-elementu gisa duen balioa ere aldarrikatu nahi dugu gaur. Horrez gain, industria horiek ikusi dute jasangarritasuna ez dela helburua, baizik eta bidea bera dela.

Ekitaldi horrekin batera, lehen aldiz bildu da Euskal Turismoaren Etika Batzordea. Ekitaldi horiek turismoa suspertzeko momentu egoki batean egin dira, pandemiaren bi urteko krisiaren ondoren. Euskadi Covid aurreko bisitarien kopuruak berreskuratzen ari da, lehen lauhileko datuek berresten duten bezala.