23-27 NPB berriak zuzkidura ekonomikoa mantenduko du Euskadirentzat eta praktika "berdeagoak" eta nekazaritza familiarraren eredua sustatuko ditu

20220929-HAZI-PAC-240.jpg

2022-09-28

  • Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek berehala jarriko dute martxan informazio-saioen kanpaina hiru Lurralde Historikoetan sektoreari egoera berriaren xehetasun guztien berri emateko.
  • Honako hauek dira elementu positiboak: ordainketa osagarria (ustiategi txiki eta ertainentzat izango da onuragarria), esne-behi eta ardientzako laguntzak areagotzea eta autonomia-erkidegoen artean funtsak egikaritzeko banaketa-mekanismoa.
  • Erreforma horrek aurrera egiten du estatu kideen subsidiariotasunean, baina ez da iritsi Euskadiri nekazaritzan eta abeltzaintzan diharduten pertsonei laguntzeko autonomia handiagoa emango liokeen eskualde-mailara.

Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategikoaren (PEPAC) lehenengo ebaluazioa egin dute. Europako Batzordeak onetsi zuen joan den abuztuaren 31an. 2027ra arte ezarrita egongo da Espainiako estatuan 34.000 milioi eurorekin denboraldi osorako, eta aurreikuspenen arabera, 65 milioi urteko Euskadiri dagozkio. Kopuru hori aurreko aldian erregistratutakoaren oso antzekoa da.

Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordearen hitzetan, “zenbateko ekonomikoa ez da gehiegi aldatuko, baina positibotzat jotzen dugu euskal instituzioetan garatu ditugun premisa politikoekin bat etortzea, hala nola nekazaritza familiarra eta jasangarria, belaunaldien berriztatzea eta emakumeen presentzia esparru guztietan”.

NPB berria 2023 urtarrileko lehenean jarriko da martxan, eta berrikuntza batekin dator: Plan Estrategiko (PE) nazionaletan egituratuko da, plan batekin estatu kide bakoitzeko. Euskadik eskualdeko plan estrategikoen alde egin zuen estatu federaletan edo eskualde-estatuetan, baina, azkenik, erregelamendu komunitarioek ez zuten kontuan izan.

Estatuak 34.000 milioi euro izango du, 7.000 urteko, eta horietatik, balioztatu da 65 milioi inguru urteko Euskadiko Autonomia Erkidegoari dagozkiola. Zaila da kopuru hori zehaztasunez kalkulatzea: izan ere, zenbait aldagarri exogenoren arabera kalkulatzen baita. Horregatik, aurreko aldirako erregistratutakoa estrapolatu da, hau da, 63 milioi. Horietatik, 41 laguntza zuzenak dira, 11 sektore-programei dagozkie eta beste 11 bigarren zutabeari, hau da, nekazaritzako elikagaien sektoreko eta landa-eremuko esku-hartzeei zuzenduta dago.

23-27 NPBko berrikuntza nagusiak

Berrikuntza orokor gisa, aldaketa egon da “Laguntzen onuraduna” edo “Nekazari aktibo” izendapenetan: izan ere, lanaldi partzialeko zein osoko nekazariak barne hartzen ditu, baldin eta beren diru-sarreren % 25 gutxienez nekazaritza-jardueratik badatoz. Euskadiri dagokionez, ez dirudi aldaketa horrek hartzaileen kopuruari eragingo dionik; aurreko aldian 8.000 pertsona izan ziren urteko, eta gehienak zuzeneko laguntzen hartzaileak izan ziren.

Zuzeneko laguntzak

Eskualde emankorrak gutxitu eta sinplifikatu dira, eta Estatuan 50 izatetik 20 izatera pasa dira; Euskadiren kasuan, 9tik 8ra. Eskualde emankor ordez administratiboak izatearen alde egin zuen, baina ez zuen arrakastarik izan.

Eskualde bakoitzean, eskubideen konbergentziak batez besteko balioaren % 85era iritsi behar du 2027rako; horrek, hasiera batean, eragin negatiboa izan dezake balio handiko eskubideak dituzten euskal ekoizleen artean.

Oinarrizko ordainketa (laguntzen % 60) “errentaren oinarrizko ordainketarekin” ordezkatzen da; barne hartzen ditu oinarrizko ordainketa (% 50) eta ordainketa birbanatua edo osagarria (% 10), eta onuragarria da ustiategi txiki eta ertainentzat, Euskadik nekazaritza familiarrari laguntzeko abian jarri duen politikarekin bat.

Laguntza akoplatuei dagokienez, nabarmen handitu dira esne-behiei eta ardiei zuzendutakoak, eta hori onuragarria da Euskadirentzat.

Egungo Greening delakoak baldintzazkotasuna eta edozein laguntza jaso ahal izateko nahitaezko ingurumen-jarduketak indartzen ditu. Horiei “Eko-regimenak” izeneko neurri berriak batu behar zaizkie: erregimen boluntario berria da, nekazaritza- eta klima-baldintzak indartzen ditu eta errenta osatu nahi duten nekazari eta/edo abeltzain guztiek bete beharko dute nahitaez.

Beraz, NPB berria “berdeagoa” da; Euskadik hori modu positiboan baloratu du, betiere sektoreari aukera ematen bazaio “Eko-regimenetan” sartzea, eta badirudi azkenean posible izan dela.

Laburbilduz, hemendik aurrera oinarrizko errenta"ordainketak (oinarrizko ordainketa eta ordainketa osagarria edo birbanatua), laguntza akoplatuek eta “Eko-regimenak” osatuko dituzte zuzeneko laguntzak.

  • Programa sektorialak

Ez dago berririk. Euskadin indarrean jarraitzen dute egungoek; MAE ardoa, frutak eta barazkiak eta erlezaintza.

  • Bigarren zutabea (landa-garapena sustatzeko neurriak)

Bigarren zutabean neurri oso anitzen pakete bat jasotzen da, eta neurri horien bidez Euskadik maniobra-marjina handiagoa izan du jokatzeko, bai gure ekoizpen-, nekazaritza- eta elikadura-sektoreetan eta bai landa-eremuan. Hala ere, erkidegoko araudian baldintza batzuk daude finkatuta.

Horri guztiari esker, ingurumena, nekazaritza familiarraren laguntza, belaunaldi-erreleboa eta emakumearen presentzia indartu dira. Eusko Jaurlaritzak arlo horiei ematen die garrantzia nabarmena da; bere garaian abian jarri zuen, besteak beste, Basque Green Deal estrategia, baita Gaztenek Berri programa berria eta Emakume Nekazariaren Estatutua ere.

Oro har, ondoriozta daiteke NPB berriak Euskadik positibotzat jotzen dituen zenbait ezaugarri dituela, adibidez esleitutako funtsak mantentzea, ordainketa birbanatua (ekonomia familiarreko ustiategi txiki eta ertainentzat onuragarria), esne-behi eta ardientzako laguntzak handitzea eta "egikaritze egokiaren mekanismoa" izenekoa ezartzea FEADER funtsaren esparruan, egikaritze-kota altuetara iristen diren autonomia-erkidegoei, egikaritze-kota txikiagoak dituzten beste autonomia-erkidego batzuetatik funts gehigarriak lortzeko aukera eskeiniko diela. Euskadiren ohiko egikaritze-maila ona dela eta, mekanismo horretatik baliatu ahal izango dela aurreikusten da.

Erreforma horrek aurrera egiten du estatu kideen subsidiariotasunean, baina ez da iritsi Euskadiri nekazaritzan eta abeltzaintzan diharduten pertsonei laguntzeko autonomia handiagoa emango liokeen eskualde-mailara.