2022ko Eskola Hiztun Bila jardunaldia: "Barnean eta kanpoan, elkarlanean"

2022-10-25

  • 400 profesionaletik gora elkartu ditu Hezkuntza Sailaren jardunaldiak bi egun hauetan Gasteizen

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak irekiera emango dio gaur Gasteizen 2022ko Eskola Hiztun Bila Jardunaldiari. Hezkuntza Sailak hizkuntza normalizaziorako Ulibarri programaren baitan urtero antolatzen duen jardunaldia “Barnean eta kanpoan, elkarlanean” leloarekin ario da burutzen aurten, eta 400 profesionaletik gora elkartuko ditu bi egunez (gaur eta bihar) Arabako hiriburuko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan. Hizkuntza Normalizaziorako aholkulari teknikoak dira gehien bat.

“Barnean eta kanpoan, elkarlanean”

Euskararen erabilera sustatzeko elkarlana du aurten ardatz jardunaldiak, gorago aipaturiko leloak dioen legez, eskola “barnean eta kanpoan” egin beharreko lankidetza. Elkarlana, ikastetxe barruko eragileen artean gertatzen dena batetik (irakasle, zuzendari, Ulibarriko Hizkuntza Normalizazioko Arduradun Tekniko eta Berrikuntzako Arduradunen artekoa), ekimenak eta berrikuntzak sustatzeko, bideratzeko zein zabaltzeko. Eta elkarlana, bestetik, eskola eta eskolaz kanpoko eragileen artekoa, izan udala, izan kultur elkarteak, izan euskara bultzatzeko erakundeak. Guztiak helburu berberarekin: euskararen erabilera esparru guztietara zabaltzea.

Horrela bada, lehen egunean (urriaren 25ean) eskola barruan egiten denari ari zaio so egiten jardunaldia: ikastetxeetan ahozko komunikazioa lantzeko sei esperientzia aurkeztuko dira gaur. Esperientzia horiek guztiak arrakastaz inplementatu dira, eta gelaratu dituzten irakasleek beraiek azalduko dituzte.

Bigarren egunean berriz, (urriaren 26an), eskolaz kanpo euskararen erabilera sustatzeko egiten den lanari erreparatuko zaio: eskolaren eta eskolaz kanpoko erakundeen arteko lankidetza adibideak azalduko dira.

Baina lankidetza esperientzia horiek ezagutu baino lehenago, bigarren egunean, bi hitzaldi mamitsu izango dira: “Nola erabili Euskararen Adierazle Sistema (EAS) ikastetxean?” azalduko du, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzatik, Josune Zabala Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendariak. Horren ondoren, “Eskolak bakarrik ezin badu…zer behar du eskolaz kanpo?” galdetuko dio bere buruari Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza indarberritzeko proiektu estrategikoen arduradun Iñaki Arrutik.

Musika saiorik ere izango du aurtengo jardunaldiak. Hasiera ekitaldi musikatua eskaini du Jesus Guridi Kontserbatorioko ikasle batek gaur goizez pianoan, eta jardunaldia amaitzeko, Kalakan taldeko Thierry Biscary musikari ezagunaren emanaldia izango da bihar.

Jardunaldia oso-osorik grabatuko da eta Ulibarri programaren web orrian eskegiko da, esteka honetan: www.ulibarri.euskadi.eus

Eskola Hiztun Bila

XXVI. ediziora iritsi da aurten Hezkuntza Sailaren Eskola Hiztun Bila jardunaldia. Hizkuntza normalkuntzarako Ulibarri programan parte hartzen duten ikastetxeei eta bertako arduradunei zuzendurik, formazioa eta esperientzia trukaketa ditu helburu, urtez urte. 1996-1997 ikasturtean jarri zen abian Ulibarri programa euskal ikastetxeetan. Euskararen normalizazio alorrean aitzindari, egun sendo eta erabat errotuta dago programa hau, eta Euskadiko 410 ikastetxek hartzen dute parte bertan, euren egunerokoan euskararen erabilera eta kalitatea indartzeko xedez.