La FundicIOn Bilbao, 36 urte sortzaile eta publikoen arteko zubi gisa
1986az geroztik, La FuNdicIOn Bilbao artisten bilgune da, eta sorkuntza eta erakusketa bultzatzen ditu, publikoarekin etengabeko harremanean. Laura Etxebarriarekin hitz egin dugu arte eszenikoen proiektu honi buruz gehiago jakiteko.
Zer da La FuNdicIOn eta nola sortu zen?
La FuNdicIOn aretoko programazioari eta antzerkiarekin eta dantzarekin lotutako jarduerei esker, Bilboko leku soziokulturaletako bat da, ez bakarrik arte eszenikoen inguruan biltzen duen erakusketa garrantzitsuagatik (programazioa), baizik eta kultur kudeaketaren alorrean betetzen duen paperagatik.
La FuNdicIOn eszenako arte eta artisten elkargune bihurtu da, baita beste batzuena ere: erakunde kulturalak, bazkide pribatuak eta erakunde publikoak. Horrez gain, hizkuntza desberdinen komunikaziorako eta haien arteko harremanetarako bidea ere bada. Joera eszeniko berrietarako beharrezko leihoa.
Nahitaezko erreferentzia-puntua da sorkuntza garaikideko zirkuitu eszeniko nazionaletan eta nazioartekoetan. Ekimen pribatua, ildo artistikoen hedapenean eta beste erakunde eta proiektu batzuekin koordinatuta parte-hartze aktiboa izateko konpromisoarekin. Garaikidetasun-gune bat da.
1986an sortu zen, dantza garaikidean interesa zuen pertsona talde baten eskutik, horien artean bilbotar bat. Europan zehar ibili, eta Bilbon ezaugarri berberak zituen espazio bat irekitzea erabaki zuen, oso berritzaileak orain dela 35 urte: artisten bilgunea, sorkuntzari laguntzea, etengabeko erakusketa eta publikoekin harremana.
Zein dira aretoaren jardueraren ardatzak eta zer programaren bidez bultzatzen dira?
La FuNdicIOn aretoaren jardueraren ardatzek zerikusia dute sortzaileek proposatzen dituzten joera eszeniko eta artistiko berriekin eta ikusleek bilatzen eta gozatu nahi dituzten begirada berriekin. La FuNdicIOn bi gauza horien arteko zubi-espazioa da.
Eta, horretarako, hainbat programa ditu:
- URTE-SASOI bat aretoan bertan, formatu txikiko antzerkia, urtean zehar ospatzen dena, antzerki, dantza, performance, magia... programazioarekin.
- Hirian zehar hedatzen den jaialdia, DANTZALDIA, hiriko hainbat espazio artistikoren konplizitateekin, horietako batzuk ikonikoak, non plazer bat den ahalik eta aniztasun handiena erakustea, haren arkitekturaren eta ohiko edukien ezaugarri desberdinak direla eta.
- Eta LEKUZ LEKU jaialdia, ibiltarientzako ibilbidea, non Abandoibarra pasealekuko leku zehatzetan dantza-pieza laburrak aurkezten diren.
Guztiak nazioartekoak. Kanpoko harremanetarako helburuarekin, gonbita egiten zaie. Eta euskal konpainiak nazioartekotzeko ideiarekin, truke-estrategien bidez "esportatu” egiten da.
Eta guztiek, halaber, eskolak, tailerrak, topaketak, bideo-saioak eta abar eskaintzen dituzte. Jarduera horiek guztiek jendea sorkuntzara hurbiltzen dute eta prozesuan parte hartzeko aukera ematen diete.
Nola laburbilduko zenukete, hiru hamarkadako lanaren ikuspegitik, arte eszenikoen sektoreak eta espazioak berak denbora horretan bizi izan duten bilakaera?
Gauza asko gertatu dira hamarkada hauetan: 80ko hamarkadan joera berriak aurkitu ziren (eta formatu eszeniko txikiak); 90eko hamarkadan sorkuntza garaikideak babes hartu zuen, Sevillan Erakusketa Unibertsalaren osteko krisi izugarria jasan zuelarik; 2000. urtean komunitate artistikoa berpiztu zen, belaunaldi berri baten eskutik; 2010ean hiriko eskaintza kulturalaren mapa aldatu zen, erakunde publikoek antzerki-ekipamendu berriak sortu baitzituzten, eta ondorioz, "besaulkiak" biderkatu, eta programazioak zehazteko doikuntzak egin behar izan ziren; gaur egun, egoera egonkortu egin da, COVID-19 bortitzak eragindako bi urteko etenaldiarekin...
Dirudienez, pandemia behin betiko atzean uzten ari gara. Zer irakurketa egiten duzue aldi horri buruz? Ba al dago irakaskuntzarik ateratzerik?
Positiboan: elkartasun-lotura gehiago sortu ziren konpainia eta egitura kulturalen artean. Ez hain "positiboa": publikoak asko gozatu zuen antzokietara joaten, estimua izan eta asko hurbildu zen kulturara pandemia garaian. Baina egoera leheneratu denez, misterioa argitu da: tabernak berriro ireki dira, eta berriz ere antzerki-espazioek baino bezero gehiago dituzte.
Ekainaren 22tik 25era, Lekuz Leku jaialdiari esker, dantzaz beteko dira Abandoibarra pasealekua, Arkitektoen Elkargoa eta La FuNdicIOn aretoa. Zer ekarriko digu edizio berri honek?
Hiriko espazio irekietan eta hainbeste ediziotako ohiko guneetan (zinerako eta topaketetarako gune itxietan ere bai), berriz ere topatzeko plazera. Nazioarteko programa horrek, dantzaz gain, hainbat jarduera biltzen ditu Abandoibarrako lorategietako ibilbidean: parte hartzeko tailerrak, klaseak publikoarekin, Dance Highways Europako Proiektuko bazkideekin nazioarteko topaketa, eta, behin jardunaldiak amaituta, artistekin elkartzeko gunea, egunari amaiera ematearren.
Eta Dantzaldiari buruz zerbait aurreratu diezagukezue?
Bada, jaialdiarekin kolaboratzen duten eta publikoari dantza eskaini nahi dioten Bilboko espazioetan ospatuko da berriz (baita Barakaldo Antzokian ere). Barietate handiko programa batekin, edizio honetan tradizioaren eta modernitatearen artean jarriko da fokua.
Zein dira La FuNdicIONek etorkizunean izango dituen erronkak?
Geure burua berrasmatzea, orain arte bezala, Bilboko espazio izaten jarraitzeko, non publikoari begirada berriak eta euskal sortzaileei tokiko, nazioko eta nazioarteko laguntza eskaintzen zaien.
(2022ko ekainaren 16an argitaratutako Berezia).