SADE Zinemek programazio berezia abiaraziko dute 2022an, ziklo tematiko, kontzertu eta jaialdi berriekin

  • SADE Zinemek programazio berezia abiaraziko dute 2022an, ziklo tematiko, kontzertu eta jaialdi berriekin
infotres

  • DataApirilak 1
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

SADEren hiru zinema-aretoek (Príncipe, Antiguo Berri eta Trueba) 2022ko egitaraua zehaztu dute jada, pandemiak bere jarduera izugarri zaildu ondoren.

 Aurreikusita dauden ziklo iraunkorrez gain, datozen hilabeteetarako ziklo berezi batzuk itxi dituzte, baita kontzertuen proiekzioak eta hainbat gizarte-talderi eskainitako saioak ere.

 Horrela, SADE Zinemek bere ohiko jarduera berreskuratu eta Gipuzkoako kultur eragile nagusietako bat direla erakutsi dute, baita euskal zinema-industriaren balio-katean funtsezko pieza direla ere.

SADE Zinemek beren programazio berezia abian jarriko dute berriro 2022an, dozenaka ziklo tematiko, kontzertu eta saio-bereziekin, baita jaialdiak ere. Horrela, SADEko Príncipe, Antiguo Berri eta Trueba zinema-aretoek ohiko jarduera berreskuratu eta Gipuzkoako kultur eragile nagusietako bat direla berretsi dute, baita euskal zinema-industriaren balio-katean funtsezko pieza direla ere.

Zinemen jarduera izugarri zaildu da pandemiaren hilabete gogorretan, baina egoerak hobera egin duela aprobetxatuz, zinema komertzialaren proiekzioetatik haratago doazen ziklo eta saio bereziak prestatzen ari dira jada. Eta apustu hori sendotzeko, zinemazaleek aretoetara joaten jarraitzeko deialdia egin dute, zazpigarren arteaz gozatzeko lekurik onena eskaintzen baitute.

SADE Zinemek kultur sustapenarekin duten konpromisoa azpimarratzea garrantzitsua da. Izan ere, zinema independenteko filmen programazioan eta aretoetako jatorrizko bertsioen presentziaren gorakadan islatzen da. Aurten, Principek eta Antiguo Berrik VOSE saioen proiekzioen kopurua handituko dute beren aretoetan. Gaur egun, zinema hauek jatorrizko bertsioan proiektatzen dituzte filmen % 40, eta ehuneko hori % 70era iristen da Trueban. Eta, aldi berean, SADEk euskarazko zinema proiektatzearen aldeko apustuari eutsiko dio 2022an, ekoizpen horiei laguntzeko kanpaina guztietan parte hartuko baitu, hala nola Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Zinema Euskaraz edo Zinemazale Berriak ekimenetan. Egile-zinemari eta Europako zinemari eman dieten babesaren adierazgarri gisa, SADE Zinemek programatutako saio guztietatik % 56 Europako ekoizpenei dagokie.

Aurten, SADEk ziklo iraunkorrak izango ditu. Lehenengoa Musiclassic da, urte osoan zehar zuzenean eta diferituan transmititzen den opera eta ballet sorta. Príncipe eta Trueba zinemetan ikus daitezke munduko eszenatoki onenetan gauzatzen diren obrak, hala nola Royal Opera House, Parisko Opera, Milango La Scala edo New Yorkeko Metropolitan antzoekietan. Bigarren ziklo iraunkorra, Principeren Klasikoak, astelehenetan garatuko da eta hainbat garaitako film mitikoak gogoratzeko edo berraurkitzeko aukera eskainiko du. Eta azkenik, ostegunetan, arte-proiekzioak izango dira Trueba zineman eta aurten artista eta mugimendu ezberdinei buruzko 15 dokumental inguru hartuko dituzte.

Aurten, SADEren kultura-jarduera zenbait ziklo berezirekin osatuko da; besteak beste, ITE Cinemas-ekin, Europa Cinemas-ekin eta Estatuko beste zazpi zinema-aretorekin lankidetzan aritzeko proiektu bat; Nouvelle Vague, film laburren eta Europako zinema-proiekzioan nabarmendu ziren artisten film argitaragabeen ziklo bat; Cannesen 75. urteurrena, zeina Trueban egingo den maiatzean Urrezko Palma irabazi duten bost filmen proiekzioarekin; eta, azkenik, mendiko filmen zikloa.

Artista eta taldeen zuzeneko kontzertuen proiekzioak dira ikus-entzuleek gehien atsegin dituzten gaietako batzuk. SADEren hiru zinema-aretoetako pantailetan Pearl Jam, BTS Permission to Dance, ColdPlay, Jon Bon Jovi Encore Nights, Bruce Springsteen Western Stars, Prince eta musika munduko beste izen handi batzuen emanaldiak ikusi ahal izan dira. 2022rako proiekzio berriak izango dira, Versión digital eta Trafalgar Releasing programekin akordioa berritu ondoren.

Donostia Zinemaldia

Urteko ekintzarik garrantzitsuenetako bat Donostia Zinemaldia da. Ekitaldiak irauten dituen iraileko bederatzi egunetan SADE zinemetako areto guztiak Zinemaldiko proiekzioetarako erabiltzen dira. Hortaz, programazio komertziala eskaintzeari uzten diote, goiz, arratsalde eta gauez jaialdiko emanaldiei lekua uzteko. Egun horietan, SADE enpresako langileak, aretoko langileak eta teknikariak Donostiako jaialdiarekin buru-belarri aritzen dira lanean saio guztiak behar bezala egiten direla bermatzeko.

Gainera, kontuan izan behar da SADE Europa Cinemas zinema-sarearen barruan dagoela, eta horren helburu nagusia Europako zinematografia sustatzea eta babestea dela. Horretarako, sareko kideek EBn ekoitzitako filmen ehuneko handi bat proiektatzeko konpromisoa dute.

Era berean, SADE Cines beste jaialdi batzuen ohiko egoitza ere bada, hala nola Dock of the Bay (zinema dokumental musikaleko emanaldiekin), Begiradak (Ikertze kultur elkartearekin lankidetzan) eta Kresala ZineKluba. Sade Zinemek ere Donostiako Musika Hamabostaldian parte hartzen dute emanaldi bereziekin.

2022rako aurreikusitako egutegiak ere osagai sozial garrantzitsua du; izan ere, SADEren zinema-aretoek akordio bereziak dituzte Agifesekin (Buru Osasun Arazoa duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako elkartea), Gautenarekin (Gipuzkoako Autismo Elkartea), Eragin kultura-elkartearekin eta Donostiako hainbat merkatari-elkarterekin, talde horien arazoaz sentsibilizatzea helburu duten proiekzioetan parte hartzeko.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri