Osasun Sailburuak laster Astra Zenecaren txertoaren dosiak hartuko dituzten hogeita hamar bat kolektibo aipatu ditu
2021-03-09
- Osakidetzak hezkuntza-arloko kolektibo publiko zein itunpekoa webgunearen bidez zitatzeko bideak aktibatuko ditu.
- 80 urtetik gorako biztanleei telefonoz deitzen jarraituko zaie hitzordua emateko.
- Txertaketa beti dosien eskuragarritasunaren arabera egingo da
Osakidetzak Astra Zenecaren txertaketa azkartuko du 55 urte edo gutxiagoko pertsonen hogeita hamar bat kolektibo identifikatu ostean. Hala azaldu du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. (Zerrenda osoa behean).
Osakidetzak jarriko die txertoa kolektibo horiei, foru-aldundietako txertaketa-taldeekin, prebentzio-zerbitzuekin eta mutualitateekin lankidetzan.
Gainera, Osakidetzak txertoa hartzeko zitazio-bide berriak aktibatuko ditu. Osakidetzaren webgunearen bidez izango da eta bihar hasiko da hezkuntza arloko kolektiboarekin, publiko zein itunpekoekin: lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta jantokiko, sukaldeko eta garraioko langileak. Bihartik aurrera, pertsona horiek hitzordua eskatu ahal izango dute Osakidetzaren orrira sartuta, eta mezu bat bidaliko da telefono mugikorrera*, adierazteko webgunean sar daitezkeela eskatzeko (* baldin eta Euskal Osasun Zerbitzura eramandako telefono mugikorra eguneratuta badago).
BIZTANLERIA NAGUSIA
Osakidetzak adinekoen txertaketarekin jarraitzen du. 90 urtetik gorako 23.491 pertsonak jaso dute txertoa eta 1.568 lagunek etxean. Asteon, txertaketak jarraitzen du, eta 80 urte baino gehiagokoetara jaitsiko da adin-tartea, biztanleriaren immunizazioarekin aurrera egiten jarraitzeko. Kolektibo horri, Osakidetzak telefonoz deituko die, hitzordua eskatu eta dosia nola eta noiz emango zaien zehazteko.
Sailburuak gogorarazi du pertsona horien txertaketa-erritmoa heltzen den Pfizer txertoen kopuruaren araberakoa izango dela, eta ez Osakidetzaren txertaketa-gaitasunaren araberakoa, zeina askoz handiagoa baita.
ASTRA ZENECA TXERTAKETA
Aste honetan, planteamendua honako kolektibo hauetako 55 urteko edo gutxiagoko pertsonen txertaketarekin jarraitzea da:
- Ertzaintza
- Udaltzaingoak
- Polizia nazionala eta Guardia Zibila
- Suhiltzaileen kidegoa
- Etxeko Arreta Zerbitzuko profesionalak
- Haur Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko hezkuntza-eremuko profesionalak.
- Espetxeetako funtzionarioak
- Eta farmaziako bulegoetako profesionalak
Aste honetan, honako hauekin hasiko da prozesua:
- Bilboko eta Pasaiako portuko profesionalak
- Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeko profesionalak
- Fisioterapeutak
- Osasun Publikoko laborategietako pertsonala
- Unibertsitateaz kanpoko irakasleak.
- Gazteen justizia-zentroetako langileak
- Psikologiako profesionalak
- Podologiako profesionalak
- Optometristak
- Albaitariak
- Hortz-protesigileak
- Arrantzaleak
- Aterpetxeetako profesionalak
- Edo iragaitzazko migratzaileen eta errefuxiatuen harrera-zentroetako profesionalak
Halaber, honako kolektibo hauek prestatzen ari dira:
- Garraio publikoko pertsonala.
- Etxeetan arreta ematen duten udaletako gizarte-langileak.
- Supermerkatuetako kutxetako pertsonala..
Kolektibo horien txertaketa dosien eskuragarritasunaren araberakoa izango da. Sailburuak azaldu du txerto horren bigarren dosirako epea zabala dela, Pfizerren eta Modernaren txertoekin erkatuta: 3 hilekoa da, eta besteena, 3 astekoa. “Une honetan, datozen egunetan txertoa emateko xede-kolektiboen zerrendak eta zentsuak ditugula kontuan hartuta, ahalegina egingo dugu ahalik eta jende-kopuru gehienera iristeko”, esan du. Nolanahi ere, Euskadiko estrategiak indarrean jarraitzen duela argitu du: “jarraituko dugu txertoak erreserbatzen, bigarren dosia ematen dela bermatzeko. Hiru hileko epeak marjina ematen digu stock estrategiko hori sortzeko”.
Gasteiz, 2021eko martxoaren 9a