Lehiaren Euskal Agintaritzak Nazio Batuen Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) lerrokatu du 2021eko bere Ekintza Plana

Argitalpen-data: 

LEA/AVCk 108 espediente egin zituen iaz. 2020an zehar, lehiaren aurkako ustezko 32 jokabide eta lehia sustatzeko 76 jarduera aztertu ziren. Alba Urresola Lehiaren Euskal Agintaritzako presidenteak, 2020 Memoria eta 2021 Ekintza Plana aurkeztu ditu gaur Eusko Legebiltzarreko Ekonomia eta Ogasun Batzordean.

Bilbon, 2021eko maiatzaren 17an/ Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) Nazio Batuen Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) lerrokatu ditu bere Plan Estrategikoa eta 2021eko Ekintza Plana. Joan den 2020. urtean 108 espedientetan egin du lan, eta espediente horietan zehapen-, sustapen-, aurkaratze- eta irizpen- eta kontsulta-eskumenak erabili ditu. Alba Urresola LEA/AVCko presidenteak jarduketa horien errepasoa egin du, 2020ko jarduera-memoria eta 2021erako aurreikusitako ekintza-plana aurkezteko Eusko Legebiltzarreko Ekonomia eta Ogasun Batzordean egin duen agerraldian. Aurretik, Alba Urresolak Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariari eman dio dokumentua, eta bilera bat egin du berarekin.

Izapidetze-prozedura zorrotz bati lotutako lehiaren defentsa egitean, lehiaren aurkako ustezko 32 jokabide aztertu dira. Horien artean hauek nabarmendu dira: kontratazio publikoa (7 jarduketa), zerbitzuak (7 jarduketa) eta merkataritza-banaketa (6 jarduketa), aztertutako kasuistiken % 60 baitira. Gai horien azterketaren eta jarraipenaren ondorioz 3 ebazpen eman dira. Horien artean nabarmentzekoa da Olio Birziklatuaren espedientearen zehapeneko ebazpena.

Alba Urresolak azaldu duenez, “LEA/AVCren jarduna aurreko ekitaldietakoaren desberdina izan da. Beharrezkoa izan da adiago egotea eta lehiaren aurkako jokabideetan jardutea, COVID-19aren pandemiaren testuinguruan kontsumitzaileentzat eta erabiltzaileentzat bereziki kaltegarriak izan daitezkeen jokabideen aurrean”.

Hasitako zehapen-espedienteen artean, higiezinen agentziek alokairuengatik kobratzen dituzten komisioak, hormigoi hornidura eta fumigazioak aipa daitezke. Zehapen-espediente bat irekitzeak ez du ikerketaren azken emaitza aurrez epaitzen. Espedientea irekitzen denetik 18 hilabeteko epea hasten da espedientea izapidetu eta ebazteko.

Lehiaren Euskal Kontseiluaren aurreko urteetako ebazpenek ondorio guztiak izan ditzaten lortzea helburu duen zaintza-lanean, honako espediente hauek zaindu dira: Egoitzetarako farmazia-zerbitzuak, Garraio horizontala, Gipuzkoako bidaiarien garraioa, Olio-bilketa, Debako hilerria eta Altube unibertsitate-elkartea.

 

Lehiaren sustapena

Lehia sustatzeko jarduerari edo Advocacy dagokionez, Agintaritzak 76 jarduketatan egin du lan (44 sustapen-jarduketa, 11 araudi, 2 aurkaratze eta 19 kontsulta), Lehiaren Defentsarako Legearen arau-hausteak prebenitzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko merkatuetako lehia- eta gardentasun-baldintzak hobetzeko.

Lehia Sustatzeko landu diren 76 espediente horietatik, % 10 baino gehiago koronabirusarekin erlazionatuta egon dira, eta 21 Sustapen-txosten sortu dituzte. Sustapen-espedienteen artean, honako hauek nabarmentzen dira, beren berritasunarengatik: neutraltasun teknologikoarekin zerikusia duten gaiak, lankidetza publiko-pribatuari buruzko azterlana, Euskadin gidariak dituzten ibilgailuen errentamendua arautzen duen Dekretuaren aurreko aurkaratzea eta “Euskadiko erregulazio ekonomikoa hobetzeari buruzko azterlana”.

2020an, malgutasuna eta berehalakotasuna funtsezkoak izan dira LEA/AVCren jardunean, COVID-19aren pandemiak merkatuetan sortu duen egoeraren aurrean. Ekonomia- eta arau-ziurgabetasun handia dela eta, kasu batzuetan beharrezkoa izan da arauak argitzea, enpresei segurtasun juridiko handiagoa emanez lehiaren aurkako balizko oztopoen aurrean.

Txosten horien zati handi bat –% 50 inguru– Administrazioaren jarduna izan da, zuzenean edo zeharka, bai araudiaren aldetik, bai ondasunen eta zerbitzuen eskuratzaile den aldetik.

Sektoreka landutako gaiak kontuan hartuta, Agintaritza Sustatzeko jarduketek honako hauek hartu zituzten barne batez ere: araudia (16), merkataritza-banaketa (12) eta kontratazio publikoa (7).

LEA/AVCri hainbat kanaletara (posta, telefono, web eta posta elektronikoa) joz egindako kontsulten % 60 merkataritza-banaketari, askotariko zerbitzuei eta kontratazio publikoari buruzkoak izan dira.

Azkenik, gauzatutako jarduera instituzionalaren barruan, nabarmentzekoa da ASCOM 2020 saria eman izana kategoria instituzionalean, Compliance programak hedatzen egindako lanarengatik. LEA/AVCren lehentasunen artean dago, halaber, bere jarduera herritarrengana hurbiltzea eta bere sorrera-legean jasotzen den erakunde-lana gauzatzea. Ildo horretan, 2020an lehiaren arloko 65 bilera, jardunaldi eta foro garrantzitsutan parte hartu da (ICN, OCDE, UNCTAD, W@Competition, Compliance Jardunaldia, Udako Ikastaroa, Futbolari eta lehiari buruzko Jardunaldia). Era berean, lehiaren agintaritza autonomikoekiko harremanean sakondu da, eta lan instituzional handia egin da ECN+ Zuzentarauaren eta Lehiaren Defentsarako Legea aldatzeko lege-aurreproiektuaren transposizioaren inguruan.

  

2021eko Ekintza Plana

2021eko Ekintza Planari dagokionez, Alba Urresolak hau ziurtatu du: “LEA/AVCk Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) Plan Estrategikoan eta 2021eko Ekintza Planean txertatu ditu, eta estrategia definitzean irizpide horiek kontuan hartzen dituen gure jarduketa-eremuko lehen erakundea da”.

GJHak LEA/AVCren estrategian integratzea funtsezko elementua da bere jarduketek erakundeetan duten eragin positiboa areagotzeko eta interes-talde guztiekiko harremanak kudeatzeko. LEA/AVCk Nazio Batuen 2030 Agendan jasotako 17 GJH izan ditu erreferentzia gisa 2021eko Ekintza Plana definitzeko orduan.

  

2020ko Jarduera Memoria

https://www.competencia.euskadi.eus/contenidos/informacion/avc_memorias/es_def/adjuntos/Memorias/AVC_memoria_2020_EUSK.pdf

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz

Lehiaren Euskal Agintaritza, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren esku dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta autonomia organikoa eta funtzionala du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketa ekonomikoei dagokienez.