Lehendakariak "Pandemiaren urtebeteko Memoria" aurkeztu du, Eusko Jaurlaritzak aldi horretan egindako kudeaketari buruzko txostena
2021-03-12
- Lehendakariak Nueva Sibol enpresa bisitatu du, norbera babesteko ekipamenduak fabrikatu eta banatzen ditu
- COVID-19ren ondorioz babes-materialaren eskaria gero eta handiagoa zenez, enpresak FFP2 eta FFP3 motako maskara autoiragazleak ekoizteko lerro berri bat jarri zuen abian
- Lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzak prest daukala krisi ekonomikoari erantzuteko egitasmoa
Iñigo Urkullu lehendakariak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiarekin batera, Nueva Sibol enpresaren FFP2 eta FFP3 motako maskara autoiragazleen ekoizpen-lerroa bisitatu du. Bertan, "Pandemiaren urtebeteko Memoria" eman du ezagutzera. Bertan, pandemia aldi horren ikuspegi integrala eta balantzea jasotzen dira.
Lehendakariak azaldu duenez, dokumentu honen helburua da gertatutakoa aztertzen laguntzea, emandako erantzuna baloratzea eta ikasitako ikasgaiak azpimarratzea. "Koronabirusaren aurkako borrokak aurrera jarraitzen du. Daukagun aktibo nagusia gizarte konprometitu eta arduratsua da. Gure helburua jardunbide egokietatik ikastea eta etengabeko hobekuntzan laguntzea da", azpimarratu du.
Zamudion dagoen Nueva Sibol enpresara egindako bisitan, FFP2 eta FFP3 motako maskara autoiragazleak ekoizteko linea ikusi ahal izan dute. Linea hau COVID-19ak eragindako egoerari eta, bere ondoriozko, babes-materialaren eskari gero eta handiagoari erantzuteko jarri zen martxan. Horrela, bi hilabeteren buruan, ekoizpen-txandak eta maskarak banatzeko gaitasuna hirukoiztu egin ziren. Ekoizpen-lerro horrek 394.585 eurorainoko laguntza zuzena jaso du Eusko Jaurlaritzaren aldetik, eta ekintza hori Eusko Jaurlaritzak COVID-19ren hedapenari aurre egiteko hartu dituen neurrien barruan kokatzen da. 1985. urteaz geroztik, Nueva Sinbol enpresa norbera babesteko ekipamenduen fabrikazioan eta banaketan aritzen da, batez ere arnas babesekoak ekipamenduak ekoizten ditu.
Lehendakariak SIBOL, IKERTEK eta Lantegi Batuak enpresek erakutsi duten berehalako erantzuna eta erreakzio-, egokitzapen- eta lankidetza-gaitasuna azpimarratu ditu. "Zuen jarduera funtsezkoa izan zen pandemia zehar. Behar sozialari erantzuteko barne berrantolaketa ez zen erraza izan; baina bai diskretua y eskuzabala", adierazi du. Linea berrirako makineria IKERTEK enpresak egin zuen eta Lantegi Batuak arduratu da maskarak banatzeaz.
Pandemiaren ondoriozko krisi ekonomikoari erreferentzia eginez, Lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzak krisi honi erantzuteko eta etorkizuna lantzeko egitasmoa prest duela; besteak beste, honako hauek nabarmentzen dira: “Enpresei Laguntza Plana” (430 milioi euro), enpresa txiki eta ertainentzako finantzaketa-lerro berria (500 milioi euro) eta BERPIZTU programa.