Lehendakariak nabarmendu du Teknikerrek irtenbide teknologiko praktikoen abangoardian jarraitzen duela, martxan jarri eta 40 urtera

2021-11-24

  • Lehendakariak Tekniker bisitatu du, zentro honen 40. urteurrenean

  • Iñigo Urkulluk Tekniker teknologia- eta ikerketa-zentroen abangoardian mantentzen duen etengabeko hobekuntza-espiritua azpimarratu du, “ekoizpen eta industria sarearen onarpen handiarekin”

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera, Tekniker zentro teknologikoaren instalazioak bisitatu ditu, gaur goizean, Eibarren, zentro horren 40. urteurrena dela eta. Tekniker Basque Research and Technology Alliance (BRTA), euskal aliantza zientifiko-teknologikoaren kidea da.

Ekitaldian, bertaratutakoek Teknikerren instalazioak bisitatzeko aukera izan dute. Laborategietan eta tailerretan ibili dira automatizazio eta robotika proiektuak ezagutzen; azken finean, Teknikerren etorkizuneko proiektuak ezagutzen.

Bisitaren ondoren, Lehendakariak nabarmendu du duela 40 urte, “industria gainbehera zihoala, teknologia ia artisaua zenean, berrikuntzak bultzada pertsonal bati erantzuten zionean”, Zentro hau martxan jarri zenean bultzatu zuten espiritu aurreratu, aitzindari eta abangoardiako bera mantentzen dela. Urkulluren ustez, “Tekniker espiritu” horri jarraipena ematen ari zaio, gaur egun ere: enpresekiko hurbiltasuna eta elkarrizketa, haien beharrei erantzuteko; irtenbide teknologiko eta berritzaile aplikatuak bilatzea; eta bokazio globala. “Etengabeko hobekuntza-espiritu horrek teknologia- eta ikerketa-zentroen abangoardian mantentzen du Tekniker, eta ekoizpen- eta industria-sarearen aintzatespen handia du”, adierazi du Lehendakariak.

Era berean, Lehendakariak nabarmendu du, 40 urte pasa direnean, Teknikerrek irtenbide teknologiko praktikoen abangoardian jarraitzen duela. Horrela, zentro honek industria berde eta digitalaren, ekonomia zirkularraren eta zerbitzu aurreratuen eskakizun eta eskaera berrietara egokitzeko duen gaitasuna balioetsi du, baita etengabeko berrikuntzarako eta etorkizuneko beharrei aurrea hartzeko borondatea ere. Hilabete honetan, Teknikerrek adimen artifiziala aplikatzeko soluzioak aurkeztu ditu hainbat arlotan, hala nola ekipo industrialen optimizazioan, energia berriztagarrien erabileran, bananaren laborantzan edo igerilekuen kudeaketan.

Azkenik, Lehendakariak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzaren helburua dela Euskadi Europako eskualde aurreratuenen artean kokatzea berrikuntzan, bizi-maila eta enpleguaren kalitate altuarekin; eta Tekniker bezalako zentro teknologikoei esker, Urkulluren arabera, “ziur gaude Euskadi, beste behin ere, gai izango dela erronka horri erantzuteko”.

Teknikerri buruz

Tekniker Fabrikazio Aurreratuan, Gainazalen Ingeniaritzan, Produktuaren Ingeniaritzan eta fabrikaziorako IKTetan espezializatutako zentro teknologikoa da, eta bere helburua gizarte osoari I+G+Bren bidez hazkundea eta ongizatea ematea da, enpresa-sarearen lehiakortasunari modu iraunkorrean lagunduz.