Euskadiko Gerra Zibilean Erresuma Batura ebakuatutako haurren elkarteko kideak hartu ditu Lehendakariak

2021-10-26

  • Basque Children '37 UK eta Basque Children '37 UK-Euskadi elkarteek Gerra Zibilean Euskadin ebakuatutako haurren memoria bizirik mantentzeko jarduerak azaldu dizkiote Lehendakariari

 Gasteiz, 2021/10/26

Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Erresuma Batuko eta Euskadiko Basque Children '37 elkarteetako ordezkariak hartu dituzte gaur eguerdian Lehendakaritzaren egoitzan, Gasteizen. Erresuma Batuan eta hemen, Euskadin, 1937ko maiatzean Gerra Zibilean ebakuatutako haurren oroimena bizirik mantentzeko elkarte horien jarduerak ezagutzea da topaketaren arrazoia. Era berean, bi liburu aurkeztu dizkiete Iñigo Urkullu lehendakariari eta Artolazabal sailburuari: Sólo serán tres meses eta Los niños vascos recuerdan y son recordados elkarteek berriki argitaratukoak, Gogora Memoriaren Institutuaren diru-laguntzen lerroaren bidez.

Basque Children’37 UK eta Basque Children’37 UK-Euskadi elkarteetatik bertaratu direnak: 

  • Carmen Kilner Basque Children '37 UK elkarteko presidentea, eta bere senarra, John Kilner; Carmen Ana María Gonzálezen alaba da, Britainia Handirako ebakuazioan haurrei lagundu zien eta bere bizimodua han eraiki zuen irakasleetako bat. 
  • Adrian Bell, Solo Serán Tres Meses liburuaren egilea, ebakuazioari buruzkoa, hori posible egin zuten gizon-emakumeena, eta Ingalaterran geratu eta hiru hilabeteak beren bizitzarik onenean nola luzatzen ziren ikusi zuten haurrena. 2020an liburu honen edizio berri bat argitaratu zen Gogora Institutuaren diru-laguntzen lerroaren bidez.

Basque Children '37 UK-Euskadi ebakuatutako haurren euskal elkartearen izenean, Derek Doyle Britainia Handiko kontsul ohia eta haren emazte Rosa Doyle, Gaizka Garamendi eta Jose Luis Duo, 1937ko maiatzean Erresuma Batura ebakuatutako Eduardo Duoren semea, izan dira.

Haiekin batera izan dira Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuorde José Antonio Rodríguez Ranz eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza.



Bihar, elkarteetako kideak Bilbon izango dira, eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua eta Euskadiko Artxibo Historikoa bisitatuko dituzte. Bertan, ebakuazioarekin lotutako dokumentu historiko batzuk kontsultatu ahal izango dituzte, eta, bereziki, orduko kontsul britainiarrari lotutakoak, Ralph Stevenson, Eusko Jaurlaritzarekin batera, ebakuazioa koordinatzeko operazioan parte hartu zuenak.

Santurtzitik 

1937ko apirilean Durango eta Gernikako bonbardaketen ondoren, Eusko Jaurlaritzak operazio masiboak hasi zituen biztanleria zibila Britainia Handira eta Frantziara ebakuatzeko. 60 operazio inguru egin ziren arren, 1937ko ekainaren 21ekoa (ia 4.000 haur Santurtziko portutik abiatu ziren Southamptonera, Ingalaterran) gerrak biztanleria zibilarengan eta errefuxiatuen harreran izan zituen ondorioen sinbolo bihurtu da.