Kontsumobidek merkataritza-praktika agresiboak antzeman ditu koltxoien etxez etxeko salmentan.

y10-logo-kontsumobide.png

2021-10-13

Kontsumobidek, Azkoitiko KIUBekin lankidetzan, merkataritza-praktika agresiboak antzeman ditu etxez etxeko koltxoien salmentan Urola Kostan.

Enpresako ordezkariek etxebizitzak bisitatzen dituzte, batez ere adinekoenak, eta “familiarentzako informazio-inkesta” bat uzteko aitzakiarekin, koltxoiak saltzeko prozesu bat hasten dute.

Salmenta-sistema agresibo hori adinekoei zuzentzen zaie eta zeharo arintzen ditu izapideak, eskaintza alderatu eta iritzia alda ezin dadin, eta eroslea egiten ari denaz jabetzen ez den egoeratan gauzatzen da salmenta; horrela, etikoki gaitzesgarria den modu batean ateratzen diote etekina egoerari.

Egoera horren aurrean, Kontsumobidek kontu handiz ibiltzeko oinarrizko zenbait aholku gogorarazten ditu:

  • Ez dago etxeko atea inori irekitzeko obligaziorik. Ez baduzu ezagutzen edo ez baduzu ezer eskatu, hobe da atea ez irekitzea.
  • Ziurtatu saltzailearen identitatea.
  • Ez sinatu kontraturik behar bezalako hausnarketarik egin gabe. Saihestu presio komertziala.
  • Arretaz irakurri beti kontratua, eta saltzailea atean ez dagoenean.
  • Ez fidatu kontratuan posta-kutxa bat bakarrik agertzen bada idatzita posta-helbide gisa.
  • Galdetu eta informatu produktua aldatzeko edo itzultzeko aukerari
  • Ez utzi koltxoi zaharra kentzen zeharo konbentzituta egon arte saldu nahi dizuten koltxoi berria erosi nahi duzula. Produktua itzultzeko eskatzen baduzu, zailtasunak izan ditzakezu koltxoi zaharra berreskuratzeko.
  • Gorde ordainagiri guztiak. Beharrezkoak dira bermea aplikatzeko eta edozein erreklamazio egin ahal izateko.
  • Publizitatea beti da loteslea. Komeni da beti gordetzea, balizko ez-betetzeen froga gisa balio baitezake.

Eta, jakina, ez ahaztu Atzera egiteko Eskubidea

  1. Kontratuaren kopia batekin batera, atzera egiteko agiria aurkeztu behar dizute. Bertan berariaz jaso behar da kontratuan atzera egiteko duzun eskubidea, baita eskubide hori erabiltzearen baldintzak eta ondorioak ere. Datatu eta sinatu egin behar duzu idatzi hori.
  2. Atzera egiteko eskubidea erabiltzeko epea 14 egun naturalekoa da, produktua jasotzen duzun unetik zenbatzen hasita; epe horretan, produktua itzul dezakezu eta ordaindutako kopurua berreskuratu. Hala ere, enpresak ez badu bete eskubide horri buruzko informazioa emateko betebeharra, 12 hilabete gehiago izango dituzu eskubide hori erabili ahal izateko.
  3. Kontratuan atzera egiten baduzu, saltzaileak 14 egun naturaleko gehienezko epean itzuli beharko dizu dirua. Epe hori gaindituz gero, diru horren bikoitza erreklama diezaiokezu.
  4. Kontratua kreditu batekin finantzatu baduzu eta adierazitako epean atzera egiten baduzu, finantzaketa-kontratua ere automatikoki deuseztatuko da, penalizaziorik gabe.
  5. Zeuk frogatu behar duzu atzera egiteko eskubidea erabili duzula. Beraz, enpresari bidaltzen diozun jakinarazpena behar bezala dokumentatzea komeni da (burofaxa, gutun ziurtatua, faxa edo posta elektronikoa).
  6. Atzera egiteko eskubidea egikaritzeak ezin dizu inolako gasturik ekarri, baldin eta kontratuan berariaz adierazten ez bada itzulketa-gastuak zure gain hartu behar dituzula eta horren berri eman zaizula.