Eusko Jaurlaritzak, ibai-arroen egoera eta iragarpen meteorologikoa kontuan hartuta, Uholde Arriskuari Aurre Egiteko Plan Bereziaren Larrialdi Fasearen “1” egoera jakinarazi du eta, aldi berean, Aholku Batzordea, Krisi Mahaia izenez ere ezagutzen dena, deitu du 19:00etan. “1” egoerak inplikatzen du une horretatik aurrera aipatutako Plana arduratuko dela koordinazio-lanez eta esku hartzekoez, eta Planaren mende geratuko direla udalen, foru-aldundien edo eraginpeko urtegien gainerako planak.
Horrek esan nahi du uholdeak hasi direla zenbait lekutan eta arreta ziurtatuta dagoela eta larrialdietako baliabideak eta bitartekoak mobilizatu direla.
Aholku Batzordearen buruan Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua egongo da, eta bertan parte hartuko dute, beste erakunde batzuekin batera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek, Gobernuaren Ordezkariordetzak, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendaritzak, Ertzaintzak, Bilboko eta Donostiako udalek, Gurutze Gorriak eta DYAk. Batzordean Euskadiko ibai-arroetan gertatzen ari diren egoerak aztertuko dituzte, beharrezko diren neurriak hartu ahal izateko.