Eusko Jaurlaritzak Gizarte Trantsizioko eta 2030 Agendako Eragile Anitzeko Foroa sortu du (Gobernu Bilera 2021-07-06)

logoconsejo.jpg

2021-07-06

  • Lehendakaria izango du buru eta lankidetzarako eta aholkularitzarako organo bat izango da Euskadiko politika publikoetan 2030 Agendaren harmonizazioan eta garapenean laguntzeko
  • Eusko Jaurlaritzako sail guztietako, hiru foru aldundietako, Eudeleko eta euskal hiriburuetako udaletako ordezkariek osatuko dute organo berria, baita lankidetza publiko/pribatua eta gizarte zibil antolatua ordezkatzen dituzten erakundeek ere
  • Foro honen sorkuntza Eusko Jaurlaritzak berriki onetsitako 2030 Agendako Lehentasunen Euskal Programan bildutako lehentasunetako bat da

Gobernu Kontseiluak Dekretu bat onetsi du gaur, Euskadiko Gizarte Trantsizioko eta 2030 Agendako Eragile Anitzeko Foroa sortu eta arautzen duena. Foroa lankidetzarako eta aholkularitzarako organo bat izango da, Euskadiko politika publikoetan 2030 Agendaren harmonizazioan eta garapenean laguntzeko. 

Dekretu berria Gobernu Kontseiluak berriki onetsitako 2030 Agendako Lehentasunen Euskal Programaren barruan sartzen da; zehazki, Koordinazio eta gobernantza kolaboratiboari (II. Lehentasuna) dagokiona.

Lehendakaria izango da Foroan buru eta erakunde hauetako ordezkariek osatuko dute: Eusko Jaurlaritzako sail guztiak; hiru foru aldundiak; EUDEL eta euskal hiriburuetako udalak; Euskal Herriko unibertsitateak; hiru pertsona Euskadiko Hirugarren Sektoreko erakundeak ordezkatuz, Sareen Sareak proposatuta; pertsona bat Excelencia Basque Center for Climate Change (BC3) elkartea ordezkatuz; pertsona bat Basque Research and Technology Alliance (BRTA) partzuergo zientifiko/teknologikoa ordezkatuz; eta pertsona bat ACLIMA, Basque Environment Cluster ordezkatuz. 

Organo berriaren egitura hau izango da, Osoko Bilkura, Batzorde Iraunkorra eta Lan Batzordeak edo Taldeak eta, besteren artean, funtzio hauek beteko ditu: 

  • Euskadin Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) inplementatzeko gidalerroak eta orientazio-lerro estrategikoak ezartzen eta lantzen laguntzea. 
  • Euskal 2030 Agenda baten plangintza aztertzea, bultzatzea, sustatzea eta proposatzea, koordinatua eta integrala, bertan bildutako helburuak lortzeko eta 2030 Agendako Lehentasunen Euskal Programaren garapenean laguntzeko. 
  • Gobernuari, izaera ez lotesle batez, ekimenak eta proposamenak helaraztea, Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH) dagokienez jarduerak hobetze aldera. 
  • Euskadin 2030 Agenda sustatzen, bultzatzen eta garatzen lagunduko duen beste edozein funtzio, erakunde arteko koordinazioaren eta maila anitzeko kooperazioaren bitartez.

Foroaren Osoko Bilkuraren bilerak ohikoak izango dira, urtean bitan gutxienez, eta, ahal den guztietan, telematikoak izango dira, jasangarritasun-irizpideekin hartutako konpromisoa betez. Batzorde Iraunkorraren eta Lan Batzordeen edo Taldeen kopurua eta jardute-eremua Gizarte Trantsizioko eta 2030 Agendako Agente Anitzeko Foroaren barruan adostuko dira.