Eusko Jaurlaritzak "Euskadi 2025 Eraldaketa Digitaleko Estrategia" onartu du, 1.400 milioi euroko inbertsioarekin

2021-03-30

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuekin eta Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera.

Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak “Euskadi 2025 Eraldaketa Digitaleko Estrategia” aurkeztu du. Guztira, bost urteetan 1.400 milioi euroko inbertsioak aurreikusten ditu Estrategiak, kontutan hartuta ekimen eraldatze transbersalak eta sektorialak bultzatuko dituela. Sailburuak azaldu duenez, helburua lehiakortasuna hobetzea eta arrakala soziala gutxitzea da.

Planak 18 ekintza-ildo ditu, eta horien artea, hauek nabarmenduko dira: Adimen Artifizialeko Zentroaren sorrera, 5-G enpresa-eremuetan zabaltzea, Data Centers sortzea, eta talentua eta gaitasun profesionalak indartzea.

Gainera, Arantxa Tapia sailburuak gogorarazi du trantsizio teknologikoa eta digitala, energia- eta ingurumen-trantsizioa, eta trantsizio soziala eta sanitarioa direla Euskal Autonomia Erkidegoak arrakastaz gainditu nahi dituen hiru trantsizio globalak. “Euskadi digitalizazio prozesu batean lanean ari zen, eta erritmoa eta ikuspegia bizkortu eta indartu egin dira pandemiaren ondorioz”, gaineratu du.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiria, bere aldetik, Lehendakariak Jose Manuel Durao Barrosori GAVI, Txertakearen aldeko aliantzaren arduradun nagusiari bidalitako eskutitzari egin dio erreferentzia.  Idatzi horretan Lehendakariak Jaurlaritzaren erabateko konpromisoa agertzen zion COVAX proiektuarekiko, herrialderik kaltetuenei eta baliabiderik gutxien dutenei txertoak heleraztea helburu duen finantziatzio proiektuari. Bingen Zupiria sailburuak jakitera eman du, bere erantzunean, Durao Barroso jaunak espreski eskertu diola Lehendakariari Jaurlaritzak COVAX proiektua diruz laguntzeko eskaintza.

GOBERNU KONTSEILUAREN BESTE AKORDIO BATZUK

Gobernu Kontseiluaren beste akordioei dagokienez, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak Segurtasun Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu duela. Planak sei ardatz estrategiko ditu: Alderdi politikoen finantzaketa publikoa, Herritarrek larrialdiei aurre egiteko euskal sisteman borondatez parte hartzea sustatzea; Informazio ozeano-meteorologikoa lortzeko ikerketa;Meteorologia-zaleekin lankidetza; Mugikortasun segurua sustatzea; Joko-adikzioen ondorio diren arriskuen prebentzioa; eta Ertzaintzako langileek polizien eta suhiltzaileen jokoetan parte har dezaten sustatzea eta bultzatzea.

Zentzu berean, Hezkuntza Saileko diru-laguntzen Plan Estrategikoa ere onartu du gaurko Gobernu Kontseiluak. Hezkuntza saileko sailburuorde bakoitzak eta zuzendaritza guztiek kudeatzen dituzten ekimenen gizarte-eraginkortasuna areagotzea da plan estrategiko honen helburua.

Halaber, Gobernu Kontseiluak onartu egin du bizikidetzarako eta giza eskubideetarako proiektuetara bideratutako laguntzen deialdia; aurten, 900.000 euro bideratuko dira, guztira. Zupiria sailburuak azaldu duenez, laguntza horien helburua gure gizartean bizikidetzaren, giza eskubideekiko errespetuaren, enpatiaren eta elkartasunaren kultura eta biktimak gizartera hurbiltzea da eta, horretarako, partekatutako espazioak sortzea.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailari dagokionez, Gobernu Kontseiluak, alde batetik, 420.000 euroko laguntzak onartu ditu nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako profesionalen eta enpresarien elkarteentzat; eta, bestetik, Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) zuzeneko laguntzen deialdia onartu du, 45 milioi euroren balioarekin.

OSASUNA

Bestalde,  Osasun sailburuak koronabirusak Euskadin  duen eraginari buruzko datu eguneratuak eman ditu jakitera; eta adierazi du Osakidetzak argi utzi duela, beste behin, lanerako duen gaitasuna, joan den astean 90.000 dosi txertatuta. 100 mila pertsonatik gora, Euskadiko biztanleriaren ia %5, inmunizatuta daude, hau da, Covid-19ren aurkako txertoaren bi dosiak jaso dituzte. Hori lortzeko egindako esfortzua goraipatu du Osasun sailburuak. 

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena